ATZEKOZ AURRERA

Utzitako aztarnaren neurrikoa

Alberto Zerain mendizale gasteiztarra omendu dute gertukoek eta erakundeek, Gasteizen. Udalak hiriaren seme kutun izendatzeko diploma eta intsignia eman dizkio haren sendiari.

Omenaldi hunkigarria egin zioten atzo Alberto Zeraini, eta gertukoen berotasuna sentitu zuen haren sendiak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
<i>Gasteiz</i>
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Familiak, lagunak eta erakundeetako ordezkariak inguratuta. Haien berotasunarekin eta maitasunarekin. Horrela omendu zuten, atzo iluntzean, Alberto Zerain Zeras alpinista (Gasteiz, 1961-Nanga Parbat, Pakistan, 2017). Omenaldi ederra, intimoa eta hunkigarria egin zioten Gasteizko Europa jauregian. Zerainek merezi zuen «tamainakoa», antolatzaileen arabera. Handia baitzen mendizalea, bere «soiltasun» eta «umiltasunean», handi. Bere ibilbide osoan eta proiektu guztietan erakutsitako ezaugarriak dira horiek, omenaldian azpimarratu zutenez. «Gogorra» eta«indartsua» ere bazen mendizale gasteiztarra. Erronkazalea. Ohiko bideak saihesten zituen horietakoa. Ahalmena eta kemena gainezka zituen. Mendizale arabarraren dohain horiek oso presente izan ziren omenaldian.

Joan den ekainean hil zen mendizale gasteiztarra, Nanga Parbaten (Pakistan), elur-jausi batek harrapatuta. Mariano Galvan argentinarrarekin batera galdu zuen bizia, biak mendiko gailurrera iritsi nahian ari zirela. Zerainen heriotzak gasteiztar eta arabar asko hunkitu zituen, hirian estimu handia baitzioten mendizaleari.

Horregatik, hiriaren aitortza jaso zuen mendigoizale arabarrak atzo, eta Gasteizko Udalak seme kutun izendatzeko intsignia eta diploma eman zizkion haren sendiari. Zerainen ibilbide profesionala, eta, horren gainetik, haren «humanismoa»goraipatu zituen Gorka Urtaran alkateak. Arabako Aldundiak ere aitortza keinu bat egin zion, herrialdearen izenean oroitarria familiari eskainita, Zerainek «Araba, bere sorterria, maite zuelako».

Gainezka egin zuen Europa jauregiak Zeraini azken agurra emateko. Mendizalea hil zen egunean bertan hasi ziren haren lagunak omenaldia prestatzen. Ordutik, dozenaka lagun inplikatu dira ekitaldiaren antolaketan. Eta atzo ikusi zen emaitza: aretoa lepo bete zen mendizalearen izaera eta ibilbidea goraipatzeko. Mila lagun inguru batu ziren alpinista ezagunari gorazarre egiteko. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen ekitaldiak: 700 lagunentzako tokia baino ez zuten gorde, eta, bildutako jendetza ikusita, beste areto bat prestatu behar izan zuten, handik omenaldia pantailen bitartez ikusi ahal izateko.

Zerainen sendia oso-osorik izan zen galan,eta baita Gasteizko Udaleko, Arabako Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabal bat ere. Lagun zituen mendizale ugarik ere ez zuten hutsik egin ekitaldian: besteak beste, Juanito Oiartzabal, Edurne Pasaban, Iker eta Eneko Pou anaiak, Koke Lasa eta Juanjo San Sebastian joan ziren Europa jauregira.

Hiru ezaugarriak gogoan

Mendia, euskal kultura eta umorea. Hiru elementuak iltzatuak zituen Zerasek barruan, eta, horregatik, hirurak presente izan ziren omenaldian. Euskal kulturarekin zuen lotura gogoratu zuten Asier Otamendik, Serapio Lopezek eta Alberto Martinezek, bertsotan. Mendigoizale arabarraren ezaugarriak haren familia eta mendiko lagunen ahotik entzun zituzten, gero, bideo batean. Zerainek utzitako aztarna izenburupean, errepasoa egin zioten haren ibilbideari. «Mendi garai eta handienak eskalatu zituen, baina handiagoa izan zen utzi zuen aztarna», gogoratu zuten ezagutzen zutenek.

Zerainen heriotzak eragindako saminaz mintzatu ziren mendizaleak, eragin zien gabeziaz eta utzi dien hutsuneaz: «Arrasto handia utzi du, baina, batez ere, galera eta hutsune handia», Alex Txikon mendizaleak gogoratu zuenez. «Mendiaren historian mugarria utziko du», Josu Alcarazek azpimarratu zuenez. Andoni eta Jon semeek ere, bere egin zituzten aitaren balioak, «umiltasunarena» batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.