Iosu Mujika Dumall. Triatleta

«Uste dut oraindik gauza asko dauzkadala ikasteko triatloian»

Neguko triatloian iaz zirrara eragin zutenetako bat izan zen Iosu Mujika. Ez zen oso ezaguna, baina Espainiako txapeldun izan zen. Udako denboraldia osatzen ari den arren, hurrengo denboraldiari begira dago jada. Beste jauzi bat egingo du.

GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Asteasu
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Azterketa garai bete-betean dago Iosu Mujika (Asteasu, Gipuzkoa, 2004). Fisioterapia ikasketak egiten ari da Deustuko Unibertsitatean, eta galtzak bete lan dabil azken hilabetean kirola eta ikasketak uztartzeko. Baina ari da. Ez da denbora alferrik galtzen duten horietakoa.

Udako triatloien denboraldian zaude orain. Nola daramazu sasoia?

Denboraldia amaitzen ari naiz ia. Igandean jokatu nuen Donostian Onditz triatloia [1,5 kilometro igeri, 40 kilometro bizikletan, eta 10 kilometro korrika]. Olinpiar distantzia zen. Orain arte udako triatloi batzuk jokatu ditut, eta, oro har, gustura nabil. Ondoren, irailean, Zumaiako triatloia [Gipuzkoa] egingo dut, eta harekin amaituko dut denboraldia.

Urte osoan jokatzen dituzu triatloiak, bai negukoak, baita udakoak ere. Nola antolatzen duzu egutegia?

Ez dut bereziki ezer antolatzen. Udako denboraldia prestatzeko, neguan, elurra baldin badago behintzat, eskiatzera joaten naiz. Udakoak gehiago antolatzen ditut. Entrenamendu gehienak udako triatloietarako prestatuta daude, baina, neguan, eskiatzea ere gustuko dudanez, triatloi batzuk jokatzeko ere aprobetxatzen ditut asteburu batzuk. Sasoiaren arabera jokatzen ditut negukoak, eta, normalean, pare bat izaten dira; udan, berriz, bost edo sei triatloi inguru.

Denboraldiaren erdian, korrika ere ibili zara mendiko lasterketaren batzuetan azken hilabeteetan.

Bai, entrenamendu bezala ere balio zidan, eta Tolosaldeko Bi Tontorrak [Tolosa, 24 kilometro, +1.600 metro] lasterketa jokatu nuen ekainaren 11n. Aurretik, martxoan, Zelatunen hasi eta Hernioko tontorreraino igo behar zen Anttine Trail [Asteasu, Gipuzkoa] lasterketan ere parte hartu nuen. Beste kirol batzuk probatzea ere oso gustuko dut, eta, gainera ondo badatorkit, oraindik eta hobeto. Mendiko lasterketak eta triatloiak bateragarriak direla iruditzen zait. Egia da entrenamendu gisara hartzen ditudala mendiko lasterketa horiek. Oso gustura sentitu nintzen, baina Tolosako lasterketa nahiko luze egin zitzaidan.

Iazko denboraldian egin zinen ezagun zure izena, Junior mailako Espainiako txapeldun izan, eta, gero, Anson (Aragoi, Espainia) jokatutako neguko triatloian. Asko prestatu zenuen lasterketa?

Iaz, bi proba besterik ez nituen jokatu, Ansokoa eta Izabakoa [Nafarroa]. Aurretik ez nekien bietakoren bat jokatuko nuenik ere. Hasieran, lehenik, Izabakoa zen jokatzekoa, baina, elur faltagatik, atzeratu egin zuten. Azkenean, biak jarraian jokatu ziren, eta tartean inauteriak ere izan genituen. Izena eman nuenean, ez nekien Ansokoa Espainiako Txapelketa izango zenik.

Hilabete batzuk pasatu dira hura jokatu zenuenetik, baina nola gogoratzen duzu?

Ez nuen espero horrela ibiliko nintzenik! Gure mailan, Juniorretan, bost parte hartzaile izan ginen. Zirkuitua bera [7,5 kilometro korrika, 20 kilometro mendiko bizikletan, 10 kilometro iraupen eskian] nire ezaugarrietarako oso egokia zen. Korrikako modalitatean oso ondo sentitu nintzen, aldapatsua zen, eta hori niretzako primerakoa da. Mendiko bizikleta lagun batek utzi zidan egun hartarako, eta uste baino askoz hobeto ibili nintzen. Trantsizioan, lehen postuan zihoan Elur Urkolarekin topatu nintzen. Bigarren postuan nindoala esan zidan, eta hura hain gertu ikusteak motibazio handia eman zidan probaren hirugarren zatirako. Azken modalitatean, eskikoan, hiru itzuli eman behar genizkion zirkuitu bati. Oso erregular ibili nintzen, eta une batean Urkola bera ere aurreratu nuen. Ondoren, eta jaitsiera batean, berriz ere aurreratu egin ninduen, baina, aldaparen amaieran, jausi egin zen, eta aurrea hartzea lortu nuen. Helmugaraino postua mantentzea lortu nuen. Txikituta iritsi nintzen helmugara!

Esperotako emaitza izan zen hura?

Ezta gutxiagorik ere! Nire lehen asmoa azkena ez gelditzea zen. Ez nuen inor ezagutzen, neu ere ez nekien nola ibiliko nintzen, eskiatzen ere ez nintzen asko ibili... Ez neukan espektatiba handirik lasterketa hartan. Zorionez, dena biribil atera zen. Oso-oso nekatuta amaitu nuela gogoratzen naiz [barrezka].

Garaipen hark berriro ere neguko triatloietan aritzeko indarra eman dizu?

Ez da ohikoa urte guztian triatloietan ibiltzea. Udako triatloietan ibiltzen direnek neguan atseden hartzen dute, baina, niri neguko triatloiek sasoiari eusteko balio didate. Denboraldiari jarraipena emateko baliatzen ditut proba horiek. Garaipen hark lehiatzen jarraitzeko motibazio handia eman zidan.

Neguko triatloietarako zaletasuna etxetik datorkizu. Gurasoak ere triatloietan ibilitakoak dira. Nola bizi izan duzu etxean transmisio hori?

Oso naturala izan da. Ama Jakakoa [Aragoi, Espainia] izanik, betidanik etxea izan dugu bertan, eta han oso ohikoa zen eskiatzen ibiltzea. Asteburuetan bertara joaten ginen familia bisitatzera, eta eskiatzeko baliatzen genuen. Gurasoek oraindik ere eskiatzen dute, eta niretzako ez da batere zaila izan neguko triatloietan murgiltzea.

Aholku asko ematen dizkizute gurasoek?

Ez. Egia da asko laguntzen didatela ikustera etortzen direnean, eta haiek ere inbidia pasatzen dutela iruditzen zait [barrezka]. Haiekberen garaia izan zuten, eta orain gurekin ere gozatzen dute.

Eta zuk aholku asko eskatzen dizkiezu?

Bai, eta zenbat eta gehiago, hobeto! Uste dut haiek pilatuta daukaten esperientzia aprobetxatu behar dudala. Urte asko ibilitakoak dira, zerbait badakite honetaz, eta hori ona da niretzat.

Neguko triatloiei begira, zein izango dira zure asmoak datorren denboraldian?

Gaur-gaurkoz ez daukat ezer pentsatuta. Oraindik ez dakit non jokatuko den Espainiako Txapelketa, ez dakit elurrik izango dugun ere... Printzipioz, Izabakoa lehiatzea gustatuko litzaidake. Orain arte beti jokatu dut proba hori, eta etxetik gertuen dugun proba da. Hortik aurrera, ikusi egin behar.

Neguko triatloiak kirol minoritarioa izanik, erreferenterik izan duzu?

Kirol honetan hasi nintzenean, ez nuen inor ezagutzen. Orain, Pello Osoro da erreferentetako bat. Hark ere neguko eta udako triatloiak egiten ditu, eta ispilu ona da beste guztiontzat.

Triatloilari bezala zein dira zure ezaugarri nagusiak? Nola ikusten duzu zeure burua?

Gezurra badirudi ere, ondoen igerian moldatzen naiz. Egia da triatloietan lehenik igeri egiten dela, eta oraindik ere indarra izaten dela horretarako. Agian, korrika sufritzen dut gehien. Hiru diziplinetan azkena jokatzen dena da, eta ordurako indar gutxirekin iristen gara normalean.

Zertan duzu gehien hobetu beharra?

Diziplina denetan, baina, bat esatekotan, korrika. Oraindik gaztea naiz, eta esperientzia falta zait arlo askotan.

Nola hasi zinen triatloien munduan?

Lau urte izango dira modalitate honetan hasi nintzela. Aurretik, futbolean aritu nintzen urte askoan, Villabonako [Gipuzkoa] taldean. Azkenerako nazkatuta nengoen futbolaz, eta beste kirol batzuk probatzeko gogoa sortu zitzaidan. Aukeraketa horretantriatloia egokia izan zitekeela iruditu zitzaidan. Hiru diziplinak oso gustuko izan ditut betidanik. Probatu behar nuela pentsatu nuen, eta gero ez banintzen ondo egokitzen, beti geldituko zitzaidan korrika egiteko aukera.

Gaur egun Donostiako Atletiko taldean zabiltza. Nola hasi zinen talde horretan?

Triatloian hasi nintzenean, ikusi nuen Donostian bazela talde bat gazteak entrenatzen zituena, eta hara joatea erabaki nuen. Entrenamenduekin kateatuta gelditu nintzen hasieratik. Egunero futbolean entrenatzen ibiltzetik, kirol ezberdinak entrenatzera pasatu nintzen, eta oso gustura sentitzen nintzen. Geroztik, ez dut futboleko baloi bat ukitu. Ez daukat futbolera itzultzeko asmorik.

Gorputza ondo egokitu zitzaizun triatloira?

Ondo. Beti ibili izan naiz kirolean, eta alde horretatik ez zen hainbesteko aldaketa izan. Oraindik ere gauza asko dauzkat hobetzeko. Igeriketari ere beldur pixka bat nion, inoiz ez nintzelako igeri ibili, baina, orain, uste baino askoz hobeto aritzen naiz.

Datorren urtetik aurrera 23 urtez azpikoekin eta seniorrekin arituko zara lehian. Beldurra ematen dizu jauziak, edo lasai zaude horrekin?

Ez. Errespetua bai, baina beldurrik ez diot. Helduagoekin lehiatzengehiago ikasiko dut, eta esperientzia ere areagotzen joango naiz. Haiei begira beti ikasten da zerbait, eta aukerak aprobetxatu behar ditut. Orain arte egin dudan berdina egiten jarraituko dut 23 urtez azpikoekin ere, bietan distantzia berdinak egiten ditugulako. Orain, batzuetan, senior mailakoekin lehiatzera ere animatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.