Urubkok eta Bieleckik erreskatatu dute Revol, Nanga Parbaten

Erredakzioa
Donostia
2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Elisabeth Revol alpinista frantziarra Skardun (Pakistan) zen atzo, Islamabad hiriburuko ospitale batera eramateko zain, hatzetan eta behatzetan dituen izozteak tratatzen hasteko eta Nanga Parbaten (8.125 metro) jaitsieran izandako bestelako osasun arazoak sendatzeko. Denis Urubko eta Adam Bieleckik erreskatatu zuten Revol, K2 neguan lehen aldiz igotzeko egiteko ari diren ahalegina utzi —talde poloniar bateko kide dira— eta helikopteroan Nanga Parbatera joanda.

Alpinista frantziarraren espediziokidea, Tomasz Mackiewicz Tomek alpinista poloniarra, Nanga Parbaten hil da, osasun arazo larriekin, altuerako gaitzarekin eta bere kabuz jaitsi ezinik. Revolek jaisten lagundu zion, eta kanpadenda batean utzi zuen. Oso larri zegoen. Erreskatatzaileek nahiago izan zuten Revolen bizitza ziurtatu, haien bizitzak are arrisku handiagoan jarriko lituzkeen saialdi bati ekin baino. Gainera, eguraldi txarra emana dago egunotarako.

«Iritsi ginenean, guztia iluna zegoen, ez nuen ezer ikusten», adierazi dio Denis Urubkok Desnivel aldizkariari. «Norbaitek irratitik esan zigun iruditu zitzaiola argi bat ikusi zuela, jaisten. Oihuka hasi nintzen, eta ahots bat entzun nuen iluntasunean. Sekulako poza hartu genuen, jakin genuelako harengandik gertu geundela eta lagundu ahalko geniola».

Revolek eta Mackiewiczek tontorrera igo osteko jaitsieran izan zituzten arazoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.