Josu Urrestarazu. Mendiko duatloietako kirolaria

«Urte askotako lanaren uzta jasotzen ari naiz orain»

Sasoi honetako Euskal Herriko Mendiko duatloi Zirkuituko izarretako bat da Josu Urrestarazu: jokatu dituen zazpi probak irabazi ditu. «Gozatzen» ari da, eta halaxe segitu nahi du.

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Ordizia
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ordizian (Gipuzkoa) egin du hitzordua Josu Urrestarazuk (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994). Pozik dago. Motxila batetik Euskal Herriko Mendiko duatloiko Zirkuituko liderraren maillota eta Euskal Herriko Txapelketako txapela atera ditu, argazkirako. Distira bereziarekin begiratzen die biei. Inoizko denboraldirik onena egiten ari da, eta errematea eman nahi dio hurrengo hilabetean.

Betidanik ibili zara kirolean?

Aita Iparragirre herriko eskolan ahal nuen guztian ematen nuen izena: futbolean, saskibaloian, pilotan, krosean, softbolean... 13 urterekin txirrindularitzan hasi nintzen. Aita ere oso txirrindularizalea da, eta haren zaletasuna lagun hasi nintzen bizikletan. Irene Usabiagaren [pistako txirrindularia da] bizikletarekin ibili nintzen lehen urte hartan. Gurasoek ez zekiten segituko nuen, eta, berria erosi aurretik, nola moldatzen nintzen ikusi nahi zuten.

Nola moldatu zinen?

Oso gustura aritu nintzen urte guztian, eta kadete maila iritsi zenean Ordiziara joan nintzen. Lehen Caja Rural eta gero Ampo izan zenaren oinarrizko taldean hasi nintzen lehiatzen. Orduan erosi zidaten lehen bizikleta. Ordurako 40 edo 60 kilometroko lasterketak jokatzen genituen, eta taldeetako dinamikek nola funtzionatzen zuten ikasi nuen. Jolasa izateari utzi, eta joko bihurtu zen hura.

Afizionatuen mailara iritsi zinen.

Bai. Gazte maila amaitu ondoren, afizionatuekin aritu nahi nuen edo ez erabaki behar izan nuen. Pasatzea erabaki nuen. Azkenean, bost urte egin nituen. Lau urtez 23 urtez azpikoen mailan ibili nintzen, eta urtebetez elite mailan. Elite mailan ondo ibili nintzen, baina ez nintzen ibili profesionaletara jauzia egiteko adina. Gure belaunaldikoetatik, besteak beste, Pello Olaberria, Iker Azkarate eta Alex Aranburu pasatu ziren profesionaletara. Nik, aldiz, hortxe amaitu nuen nire ibilbidea: 2017ko irailaren 15ean jokatu nuen nire azken lasterketa, Altsasun [Nafarroa].

Gogorra izan al zen bizikleta uzteko erabakia hartzea?

Nire azken urtea jokatzerako, erabakia hartuta neukan. Azken urtea gozatzeko hartu nuen. Profesionaletara pasatzeko pasaportea lortzen ez banuen, banekien nire azken urtea izango zela, eta horrelakoetan ideia bera ere hausnartua izaten da.

Gero hasi zinen mendiko lasterketetan?

Beti gustatu izan zait dortsala jartzea, eta zerbait berria probatu nahi nuela konturatu nintzen. Herrian bertan, mendi taldea izateaz gain, Axari Trail lasterketa ere antolatzen da, eta ni ere haren itzalean hasi nintzen korrika. Krosean ere ibilitakoa nintzen ordurako, Behobia-Donostia batzuk ere eginak nituen, eta zaletasuna banuen. Nire lehen mendiko lasterketa UZ Trail lasterketa izan zen, 2018an —Urretxu-Zumarraga, [Gipuzkoa]; 23 kilometro eta +1.300 metro—. Ez nekien zer zen hainbeste kilometro korritzea! Baina asko bete ninduen. Niretzat hura ez zen lasterketa bat izan, hura abentura bat izan zen. Dena berria zen niretzat. Geroztik, kateatuta gelditu nintzen mendi lasterketetara. Arlo guztietan asebeteta amaitu nuen. Denboraldi hasiera hartan, ohartzerako, bospasei lasterketa egin nituen ia jarraian. Txikituta amaitu nuen!

Nola moldatu zinen?

Gutxienez sei-zazpi hilabete behar izan nituen egokitzapen jakin batzuk nabaritu eta neure egiteko. Ez nintzen ero moduan entrenatzen hasi. Oinez ibiltzen hasi nintzen entrenatzen baino gehiago, baina horri entrenatzea deitzen nion. Ez nuen ezer berezirik egiten. Ibilbide berriak ezagutzen hasi nintzen, nola jaitsi behar zen ikasten... Neure buruarentzat ere deskubrimendua izan zen. Baina txirrindularitzatik eraman nituen balio pila bat txertatu nituen mendian ere. Eta, bestetik, argi nuen kirola egiten jarraitu nahi nuela txirrindularitza utzitakoan; ez nuen dena alde batera utzi nahi; ez nuen apurtutako jostailu baten moduan amaitu nahi.

Gaur egun, mendiko lasterketetan eta mendiko duatloietan zabiltza. Noiz hasi zinen mendiko duatloietan?

2012an aritu nintzen lehen aldiz. 18 urte nituen, eta Arriarango [Beasain, Gipuzkoa] mendi duatloian hartu nuen parte. Txirrindularitzako sasoia amaituta geunden, eta hara joatea erabaki nuen.

Nola gogoratzen duzu lehen aldi hura?

Arraro sentitu nintzen. Bi diziplina uztartzeak asko dauka abenturatik; izugarrizko esperientzia da, bidaia baten antzekoa. Oso giro polita topatu nuen bertan, eta diziplina bera ere asko gustatu zitzaidan. Esperientzia hartatik energia dosi onarekin eta gehiagorako gogoarekin atera nintzen.

Arra sartu zitzaizun; lasterketa askotan parte hartu duzu azken urteetan.

Bai; esaterako, iaz lortu nuen lehenbizikoz zirkuituko finisher izatea. Ingeleseko hitzak berak esaten duen bezala, zirkuituko lasterketa guztiak amaitzeko gai izan nintzen. Asko gustatzen zaizkit dortsal bat jartzeko egunak; festa moduan hartzen ditut: gorputzari estutu on bat eman, lagunekin elkartu, bizipenak partekatu, eta, amaitzeko, otordu goxo batekin biribildu. Horregatik ez zait kostatzen, eta ez naiz aspertzen horrenbeste lehiatzeaz.

Jokatu bakarrik ez, mendi duatloietako Euskal Herriko txapeldun izan zara azken hiru urteetan.

Horretan ere zorte handia izan dut. Jokatutako azken hiru txapelketak irabazteko gai izan naiz. Iaz jada oso ondo sentitu nintzen, eta aurten izugarri gozatzen ari naiz. Gorputza bikain erantzuten ari zait, eta horrelakoetan errazagoa da gozatzea.

Zuk esan duzu: izugarrizko sasoia daramazu. Jokatutako zazpi probak irabazi dituzu: Igantzikoa (Nafarroa), Zegamakoa, Arriarangoa, Adunakoa (Gipuzkoa), Araiakoa (Araba), Villabona-Amasakoa (Gipuzkoa) eta Aiakoa (Gipuzkoa).

Aurten bai! Orain, gehienek pentsatzen dute oso epe laburrean izozmendiaren puntara iritsi naizela, baina ez da gauetik goizerako kontua izan. Urte askotako lana ikusten hasi naiz; alegia, ia bizi guztian egindako lana azaleratzen ari naiz. Konstantzia askoko lana egoki egiteari esker ari naiz orain emaitzak lortzen. Garapena ez da bat-batekoa izan. Emaitzen atzean ikusten ez diren ordu eta sakrifizio asko daude. Txirrindularitzan igarotako hamar urteen oinarria ikusten hasi naiz, bai kardioaren aldetik, baita orain dudan txinpartagatik ere. Oraingoz, dena borobil irteten ari zait.

Espero zenuen halako emaitza bikainak lortzea?

Ezta gutxiago ere. Udan, asko entrenatu nintzen Axari Trail lasterketan aritzeko. Kalitatea entrenatu nuen asko, serie asko egin nituen, eta, gainera, lesiorik edo ustekaberik ez izateak asko lagundu dit. Horregatik uste dut egin dudala jauzia denboraldi honetan.

Baliteke gorputza bikain ezagutzen hastearen ondorio izatea emaitza bikain horiek?

Lehen ere esan dut, baina 2012ko lehen lasterketa hartan ezagutu zuen neure gorputzak zer zen mendi duatloiko lasterketa batean lehiatzea. 2018an beste jauzi bat egin nuen; 2019an jada egutegiko lasterketa dezente jokatu nituen, eta azken hiru urte hauetan zirkuituko ohiko korrikalari ohia bihurtu naiz. Niretzat, gaur egun, kirola bizitzeko estilo bat da. Azken urteetan ez dut lesiorik izan, ezta gaixotasun larririk ere. Horrek ere asko lagundu dit, baina zaindu ere egiten naiz. Horretan nahiko frikia naiz, bai elikadura arloan, baita entrenamenduetakoan ere.

Nola antolatzen dituzu mendi duatloiko denboraldiak?

Ez ditut bereziki antolatzen. Eguneroko bizitzan kirola egitea oso gustuko dut, eta, esaterako, maiatzetik ez dut egun bakar batean ere hutsik egin. Udaberrian eta udan mendi lasterketak egiteko ohitura hartu dut, eta, aurten, besteak beste, T3T-Tolosaldeko Hiru Tontorrak [Tolosa, Gipuzkoa], Larhungo Igoera [Azkaine, Lapurdi] eta Pilon Trail [Faltzes, Nafarroa] lasterketak jokatu ditut. Udazkenean, berriz, mendi duatloietako lasterketetan murgiltzen naiz. Gaur-gaurkoz, naturalki egiten dudan gauza bat da, baina asko balio izango dit hurrengo urteetarako egutegia aurreikusteko eta antolatzeko.

Erraz eusten diozu sasoiari?

Denbora luzea daramat atseden egunik hartu gabe, baina ez dut nekerik nabaritu. Uztail hasieratik, eta tartean lasterketa dezente jokatuta, ez dut sentsazio txarrik izan egun bakar batean ere. Ez dakit zergatik izan daitekeen; agian, metodologiarengatik, konstantziagatik, edo malgutasuna ere badudalako gorputzari baimen batzuk emateko. Gustuko duzun gauza bati denbora eskaintzea ez da inongo sakrifizioa. Baina parranda egin behar denean egiten dut. Horietarako ere malgutasun handia dut [barrez]. Orain, zortez, inoizko sentsaziorik onenak ditut. Etorkizunean, garaipenez baino gehiago gogoratuko naiz azken hilabete hauetan izaten ari naizen sentsazioez. Badakit garai txarrak ere etorriko direla, baina orain gozatzen jarraitu nahi dut.

Astero bospasei aurkari gogorren aurka lehiatzearen falta sumatzen duzu?

Bai, baina hori ez dago nire esku. Aurten, esaterako, Ibarrako [Gipuzkoa] mendi duatloian ezin izan nuen parte hartu Axari Trailen bezperan jokatzen zelako. Hara azaldu zen Ruben Ruzafa duatloilari handia; haren aurka lehiatzea gustatuko litzaidake. Hala ere, ez diot buelta askorik eman. Bestalde, beste urte batzuetan aurretik izaten nituen aurkari asko izan ditut neurgailu moduan, eta haietako askori denbora atera diet aurten lasterketa batzuetan. Azkenaldian, agian, lehen ez bezala, gehiago erreparatzen diot errendimenduari.

Ondo bidean, zuk irabaziko duzu aurten Euskal Herriko Mendiduatloi Zirkuitua. Falta diren lasterketa guztiak irabaztea da orain erronka?

Hori da asmoa. Jendeak helarazi didan helburu bat da, baina, iristen bada, garbi daukat zeharkako zerbait izango dela. Lasterketetan gozatzen segitzearekin konformatzen naiz. Horrek gero denak irabaztera eramaten banau, hobeto. Lasterketaz lasterketa joatea gustatzen zait. Datozenak datozela, nire kontrolpean dauden gauzak ondo egiten saiatuko naiz, beti bezala. Emaitzak inoiz ezin du helburu izan, gure esku ez dauden faktore gehiago daude eta.

Oso zorrotza al zara zeure buruarekin?

Bai, baina gero eta malguagoa naiz. Ohitura eta metodologia batzuk baditut, baita diziplina ere. Lasterketetarako ere protokolo bat badaukat, baina batzuetan protokolo hori hausteko ere ez dut zailtasunik izaten. Gauzei buelta gutxiago ematen saiatzen ari naiz: datorrena datorrela, onartzeko prestatzen, eta buruari buelta asko ez ematen. Pandemia garaian hasi nintzen buruko lanketa sakona egiten. Entrenatzeaz eta zaintzeaz gain, burua ere landu behar da. Asko hobetu dut neure buruarekin neukan diskurtsoa.

Zer ematen dizute lasterketek?

Argi daukat lasterketak gozatzeko direla; ez gara honetaz bizi. Lasterketa bateko emaitzak ezin digu umorea asko aldatu. Askotan, baten aurreikuspenak ez dira betetzen, baina horrek ezin zaitzake etsipenera eraman. Eta alderantziz ere berdin. Nik, esaterako, zazpi lasterketa jarraian irabazi ditut, baina horrek ezin dit ilargirainoko zoriontasuna eman. Lanean jarraitu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.