MUNDUKO KOPA. Hassan Ait Xau. Mendi korrikalaria

«Urte arraroa izan da, zaila, baina emaitza positiboak lortu ditut»

UNAI SORARRAIN.
Unai Ugartemendia.
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Izugarrizko denboraldia egin berri du Hassan Ait Xauk (Villabona, Gipuzkoa, 1977) mendi lasterketetako Munduko Kopan. Zazpi lasterketatan parte hartu du, eta bigarren postua lortu du sailkapen nagusian. Beteranoa bada ere, hasiberrien ilusioarekin eta grinarekin korrika egiten du. Pasioz. Lasterketan husten den horietakoa da, ezer uzten ez duena. Euskal selekzioko kideek gehien estimatzen duten taldekideetakoa da.

Munduko Koparen balorazioa?

Urte arraro samarra izan da, zailtasun askorekin, baina, hala ere, emaitza oso positiboak lortu ditut.

Inoizko Munduko Koparik onena egin duzu emaitzak kontuan hartuta. Espero al zenituen?

Denboraldi hasieran ez nituen espero, ezta pentsatu ere.

Urte hasieran, zurekin izandako hizketaldi batean, lehiaketako goi mailan azken urtea izango zela komentatu zenuen, alegia, gazteei lekua utzi nahi zeniela. Orain, zer duzu esateko?

Egia esan, orduan horrela pentsatzen nuen. Azken urteetan motibazioa asko galtzen nuen denboraldia amaitzerako: alde batetik, lasterketa asko errepikatu egiten nituen, lekuak ere bai; bestetik, beti edo gehienetan behintzat izaten nituen bizkarreko arazoak edota baita zerbait gehiago ere. Horrek motibazioa galarazten zidan. Horregatik pentsatzen nuen aurrerantzean lehiaketak beste modu batera hartu beharko nituela, askoz ere lasaiago, askoz ere lasterketa gutxiagotan parte hartu beharko nuela.

Non dago, orduan, aurtengo emaitzen gakoa?

Gakoa baino gehiago, eguneroko bizitzan izan nuen aldaketa izan zela uste dut. Orain bi urte, lana aldatzeko aukera izan nuenean, gorputzak askoz ere atseden gehiago zuela nabaritu nuen. Aurten, gustura hasi nintzen entrenatzen, sentsazio oso onekin. Ikusi nuen ondo asimilatzen nituela Jokin Lizeagak jartzen zizkidan entrenamenduak. Horrek aurrera jarraitzeko indarra eta motibazioa eman dit. Orain, atseden hartuko dut, eta datorren urtean ikusiko dugu.

Lasterketa bat irabazteko aukera ere izan duzu Montanan (AEB). Zer oroitzapen duzu egun hartaz?

Ikaragarrizko poza; handia izan zen. Kosta egin zitzaidan barneratzea, baina denborarekin eta pixkana-pixkana, konturatu nintzen egia zela. Motibazio handia eman zidan lasterketa hark.

Hala ere, arantzaren bat badaramazu aurten.

Bai, Zegama-Aizkorrikoa. Orain arte ez dut inoiz guztiz gustura egin. Beti badut zerbait: bizkarreko mina, arranpak... eta, aurten, hipotermia.

Bueno, bakarra izan bada.

Bueno, azkeneko lasterketan, Limonekoan [Limone sul Garda, Italia], arantza ez, baina pena pixka batekin geratu naiz. Berez, sasoi onean nengoen, baina banekien oso zaila zela aurrean egotea. Hala ere, zazpigarren kilometroan, lehenengo jaitsieran, haustura txiki bat izan nuen iskiotibialetan, eta, jakina, horrek ez zidan utzi behar den bezala lehiatzen.

Zer ikasi zenuen aurtengo Zegama-Aizkorrin?

Beti material egokia eraman behar dela eta hobe dela arropa sobera izatea, faltan izatea baino. Hala ere, aurtengo Zegaman gertatutakoa ez da ohikoa, hainbeste jende hipotermiarekin. Beste lasterketa batzuetan, Alpeetan edo Dolomitetan esaterako, lehiatu izan gara baldintza gogorragoetan, elurrarekin eta hotz handiagoarekin. Nire ustez, aurtengo Zegaman denbora oso gutxian aldaketa oso-oso azkarra izan zen, muturrekoa, eta korrikalariengorputzok ez zuten hori behar bezala asimilatu edo onartu.

Gogorra izan al zen lasterketa bertan behera utzi behar izatea?

Bai, une oso txarra eta gogorraizan zen. Erretiratu aurretik, jada Aratz igotzen, zira jantzita eta dardarka nengoen. Orduan konturatu nintzen zerbait gaizki zihoala. Aizkorritik aurrera oso-oso gaizki jarri nintzen. Arbelarreko anoa gunean jendea laguntzen eta selekzioko laguntzaileak arropak eskaintzen ikusi nituenean, ez nintzen gai izan pauso bat gehiago emateko aurrera. Lasterketa uztea erabaki nuen.

Beteranoa zaren aldetik, nolako bilakaera ikusten diezu mendi lasterketei?

Arrakasta handia dute mendi lasterketek, eta geroz eta maila hobea dago. Gazte asko dator indartsu bultzaka atzetik, eta horrek poz handia ematen du.

Bestalde, euskal selekzioa munduko onenekin lehian ibiltzeko prestatuta al dago?

Bai. Orain arte, emaitzak oso positiboak izan dira. Oro har, selekzioko korrikalariek Munduko Kopan izandako emaitzak onak izan direla esango nuke. Badakigu oso zaila dela talde handi horiekin lehiatzea, Salomon, La Sportiva eta abarrekin. Baina, hala ere, euskal selekzioa beti hor dago, bere maila erakutsiz. Selekzioan maila hori badago, itzalean lan handia egiten delako dago, gehienbat Eneko Aliende eta Iñaki Uribetxeberria hautatzaileek. Ezin dira ahaztu euskal selekzioa laguntzen duten enpresa guztiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.