Mendia

Urruntasunean, amatxi gogoan

Namai Kayrak mendian bide berria ireki du Alberto Urtasunek; alzheimerrak jotako amona izan du gogoan

Alberto Urtasun, Namai Kayrak mendian gora. ALBERTO URTASUN.
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aldagai askok egin dezakete berezi eskalada bat. Badira zailtasunaren bidetik jo eta muturreko bideak gainditzea bilatzen duten eskalatzaileak edo bide baten zenbakiei erreparatzen dietenak. Eskalada apalagoetara mugatzen dira bestetzuk, baina ez horregatik interesik gabeko jardueratara.

Urtero izaten da garaiotan Alberto Urtasunen berri. Mendizale nafarrak ohikoak ditu Indiako Himalayara egindako joan-etorriak; mendizale taldeak trekkingetan gidatuz aurrena, eta bidaia baliatuz osatutako eskaladak tarteko hurrena. Aurtengoa ez da salbuespena. Kaxmirko Namai Kayrak (5.700) mendiaren ipar horman bide berria ireki du Urtasunek, eta alzheimerrak jotako amatxiren omenetan jarri dio Yule agu izena, eskerrik asko, amona. Mendiaren ipar horma izoztuan gora utzi du arrastoa Urtasunek.

Zanskar ibarrera egindako bidaiaren helburua beste bat zuen: harkaitzean eskalatzea. Baina harkaitz hormak bustita zeuden, eta ez ziren berehalakoan lehortu. Horrek behartu zuen asmoz aldatzera. «Asko gustatu zitzaidan Naman Kairak mendia, mendiaren ipar horma izoztua batez ere. Bide bakarra zuen hormak, 2008an irekia, eta izotz baldintzak oso onak zirenez, handik gora jotzea erabaki nuen», azaldu du Urtasunek. Eskaladaren emaitza da amatxiri eskainitako bidea.

«Egun bakarrean igo eta jaitsi nuen horma: 800 metro inguruko desnibela du, eta mila bat metroko luzera», argitu du mendizaleak. Baldintzak ezin hobeak izan zituen: «Eguna zoragarria irten zen, izotza baldintza onetan zegoen, eta ni ere arazorik gabe, sasoian. 75-80 graduko pendizak gainditu nituen, nola izotzean hala harrian».

Alzheimerra diagnostikatu zioten mendizalearen amamari: «Ziztu batean ezabatu zaizkio oroitzapen ia guztiak. Mendizalea zen, eta nik aiton-amonekin ezagutu nuen mendia; bideari Yule agu izena jartzea aproposa iruditu zait».

Leh hiritik hegoaldera dago Zanskar, Kaxmir erdian. Harkaitzean eskalatzeko orratz eta horma asko daude inguru hartan, eta trekkingetarako oso eremu aproposa da. «Ez nuen ezagutzen, baina itzuliko naizela garbi dut, izugarri gustatu zaidalako». Leku ezezagunetara joan zalea da Urtasun, eta osagai horiek biltzen ditu Zanskarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.