Urruneko maitasun bati emanak

‘Javier eta Jenny Eguskizaren Himalaia’ erakusketa ikusgai dago martxoaren 14ra arte Donostiako Vasco de Camping elkartearen egoitzan. Emmoa fundazioaren funtsekin osatu dute bikote berezi horren inguruko lagina.

Jenny Hobden margolaria
Jenny Hobden bere margolanak erakusten. Atzean, Everestekoa. RAMON OLASAGASTI
ramon olasagasti
Donostia
2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun

Donostiako Vasco de Camping elkartearen egoitzan, taldearen 75. urteurrena dela eta, erakusketa berezia dago ikusgai martxoaren 14ra arte: Javier eta Jenny Eguskizaren Himalaia. Izenburuak besterik iradoki badezake ere, Javier eta Jenny ez dira Himalaiako mendietan sarri-sarri ibilitako mendizale zailduak; berez, behin baino ez ziren izan munduko mendikaterik garaienean, 1974. urtean hain zuzen. Tximist espedizioko kideei bisita egitera joan ziren Javier eta Jenny Himalaiara, Txomin Uriarte taldekidea lagun-laguna baitzuten, Jennyk hala baitu oraindik. Eta Luklako aireportu txikira eginiko hegaldian, airetik begiztatu zituzten Everest eta gainerako erraldoiak, eta menditzar haiek sortutako lilurak bizitza osorako maitemindu zituen hala bata nola bestea. Javier —Kartajanari ezizenez ezagunagoa, mapak irensteko zuen zaletasunagatik— zortzimilako guztietako igoerei buruzko datuak biltzen hasi zen, eta, Elisabeth Hawley lagunarekin batera, Himalaiako kronikari entzutetsuena bihurtu zen. Jenny, sortzetikoa duen zaletasunari bide emanez, mendiak (ere) margotzen hasi zen. Urruneko maitasuna izan zen biena, eta hari emanak bizi izan ziren.

Javier Eguskiza 1940ko apirilaren 8an jaio zen, Bilbon. Txomin Uriarte erakusketa atondu duen Emmoa fundazioko kidea da, eta azaldu du Eguskiza «berezia, aparta, desberdina, parerik gabea, imitaezina» izan zela txikitatik. «Jo ta Apurtu taldean gazte-gaztetatik ezagutzeko eta haren lagun izateko zortea izan nuen. Adimen matematikoa eta ohiz kanpoko oroimena zuen. Erronkak maite zituen, eta onik ez zuen izaten ebatzi arte. Zerbaitek interesa pizten bazion, akabo: handik denbora puska batera, ez zen izango gai horri buruz hark bezainbeste jakingo zuenik».

«Zerbaitek interesa pizten bazion, akabo: handik denbora puska batera, ez zen izango gai horri buruz hark bezainbeste jakingo zuenik»

TXOMIN URIARTEEmmoa fundazioko kidea eta Kartajanariren laguna

Esaterako, interesa piztu zion Luis Luziano Bonaparte euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egin zuen euskaltzaleak, eta Ingalaterrako Worcester herrian –Eguskiza han bizi izan zen Jenny emaztearekin 1979tik 2001era–, haren jaiotza agiria aurkitu zuen, «eta Bonaparte familiari buruz gehien zekitenetako bat bihurtu zen», Uriarteren arabera. Beste adibide bat ere bada: Eguskiza abizenaren zuhaitz genealogikoa osatzen hasi, eta 1650. urtera iritsi zen, munduan ziren paper eta artxibo guztiak arakatuta, eta bere lehen 6.000 abizenak zerrendatu zituen.

Himalaiako igoeren eta espedizioen erregistroak egiten hasi zenean ere bihotz-arima jarri zen horretara, eta mundu zabalean erreferentzia bihurtu zen berehala, Elisabeth Hawleyrekin batera. Munduko alpinistarik esanguratsuenek, Reinhold Mesnnerrek eta beste hainbatek, Kartajanariri eskatzen zizkioten datuak eta estatistikak argitalpenetarako, eta nazioarteko aldizkari entzutetsuek ere harengana jotzen zuten txosten eta erregistro eske, hala nola American Alpin Journal-ek, Japoniako Iwa to Yuki aldizkariak eta, nola ez, Pyrenaica-k berak.

Javier Eguskiza 'Kartajanari'
Javier Eguskiza 'Kartajanari', artxiboko irudi batean. TXOMIN URIARTE

Urteen joanean, Himalaiako liburu ugari eskuratuz joan zen handik eta hemendik, eta munduan den mendi liburutegi onenetako bat osatu zuen azkenean. Hil aurrean —2018an zendu zen—, Emmoa fundazioari utzi zion dohaintzan liburutegi mardul hori. «Zorte hori dugu, baina pena ere bai, euskal mendizaletasunaren museorik ezean ezin baitugu osorik erakutsi», adierazi du Antxon Iturrizak, Emmoako beste kide batek. Horrenbestez, CVCko erakusketaren oinarrietako bat Eguskizaren mendiko liburuen lagin txiki bat da. «Liburu historikoak dira, 1922ko bat, britainiarren Everesteko bigarren espedizioari buruzkoa, 1933ko bat...», jakinarazi du Iturrizak.

Jennyren hamalau zortzimilakoak

Jenny Hobden-en hamalau zortzimilakoen margolanak dira erakusketaren beste oinarria. Jenny 1945ean jaio zen, Ingalaterrako Sussex konderrian, eta Bilbon bizi da 2001. urtetik. «Margotzen jaio nintzen. Txikitatik gustatu izan zait margotzea», nabarmendu du. Olio eta urmargo, hark ere hamalau zortzimilakoak egin ditu. Hamalau ez, hamabost egin ditu, gainera, Everest birritan margotu baitu, Nepal aldeko ikuspegitik bata, eta Tibet aldeko ikuspegitik bestea. «Lehen laurak olio teknikaren bidez margotu nituen, baino gerozkoak akuarelan egin ditut. Ingurumenarekiko kontzientziagatik, hein batean», jakinarazi du. Mendiko marrazki ugari egin ditu, eta egiten ditu oraindik Jennyk, horien artean Pyrenaica eta Errimaia aldizkarietako azalak eta ipuinen ilustrazioak.

«Erakusketa oso polita da: pena da Javier hemen ez egotea ikusi ahal izateko»

JENNY HOBDENMargolaria

Erakusketa, beraz, Emmoaren funtsekin eta Jenny Hobdenen margolanekin antolatu du Vasco de Camping elkarteak. Elena Beristain CVCko kidea eta Antxon Iturriza bera aritu dira lagina atontzen.

Erakusketari buruz galdetuta, poza eta arrangura nahasten zaizkio, akuarelan ura eta margoa nola: «Erakusketa oso polita da: pena da Javier hemen ez egotea ikusi ahal izateko». Iturrizak ere pena bera du, baina, aldi berean, argi du Kartajanari bizi izan balitz erakusketarik ez litzatekeela izango. «Javierrek ez zukeen inoiz onartuko halako omenaldirik egitea. Nik aspaldiko adiskidea nuen, baina ez zidan inoiz onartu elkarrizketa bat egiterik. Ez da munduko inongo hemerotekatan egongo Javier Eguskiza Kartajanari-ri egindako elkarrizketarik».

Iturrizak berak erakusketaren bisita gidatua egingo du ostegunean, hilak 13, 18:30ean. Kartajanariren bildumako liburu historikoetako batzuk, haren artxiboetako fitxak, idazmahaia, Jennyren margolanak, euskal himalaistarik esanguratsuenen argazkiak eta abar ikusteko aukera dute bisitariek Vasco de Camping elkarteko erakusketan. Urruneko maitasun baten erakutsiak, bertatik bertara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.