Urmugaren josturetan barrena

Uztailaren 12tik 30era egingo dute aurten Urmuga mendi ibilbide musikatua. Alderik alde zeharkatuko dute Urmugaren ertza: Gorobel mendilerroan hasi, eta Hiru Erregeen Mahaian amaitu. Azken ukituak ematen ari dira logistikaren arloan eta musikarenean. Ibilbideak hemeretzi etapa izango ditu, duela bi urte bezala. Musika, mendizaletasuna, euskara eta kultura uztartzean datza formula, eta gero eta arrakasta handiagoa du.

Urmugaren josturetan barrena.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz. Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran». Halaxe deskribatu dute antolatzaileek zer den Urmuga, eta nola hasiko diren jostura horretan barrena bidaiatzen. Urmugaren ertzak Euskal Herria zeharkatzen baitu mendebaldetik ekialdera, eta zeharkaldi hori berbera egingo dute uztailaren 12tik 30era: Gorobel mendilerroan hasi, eta Hiru Erregeen Mahaian amaitu. Hemeretzi egun; hamaika bizipen.

Mendizaleak eta musikariak bat eginik: mendi ibilbide musikatua. Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak harremanetan jartzea ere bada egitasmoaren helburuetako bat. 2020an egin zuten lehen ekitaldia, eta pandemiak kinka larrian jarritako musika ekitaldi jendetsuei bestelako aterabide bat emateko formula ere izan zen. Errepikatu zuten 2021ean, eta moldatuta eta laburtuta egin zuten iaz: Urtanta. Hiru egunez, Elkano Itsas Herriarekin batera, Pasai Donibanetik (Gipuzkoa) Azkainerako (Lapurdi) bidea osatu zuten, Jaizkibelen eta Larhunen barrena. Aurten, hasierako formulari heldu diote berriro.

Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kide eta mendi gidari ezaguna da Urmugaren mendi ibilbidearen arduraduna. Eta Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendaria arduratzen da Urmugako musikaz. Uriartek gogoan du nola eta non sortu zen ideia: «4.370 metrora sortu zen. 2018ko urriaren 19an, Nangkartsang mendi kaskotik bueltan, Dingbotse herrian, Himalaian, Nepalen. Chhaang garagardo bat hartzen ari nintzela sortu zen Urmuga. Idazten eta gauzak prestatzen ari nintzen, eta Migel Zeberiok egun batzuk lehenago esandakoak zetozkidan burura: 'Egin behar diagu zerbait elkarrekin'. Eta Lhotseren hego paretari begira, ideia jauzi bat erori zitzaidan, Tibet eta Nepalen arteko urmugan: 'Egingo al dugu?'. Toki eder batean nengoen, eta ideia eder bat izan nuen».

Azken ukituak ematen ari zaizkio aurtengo ekitaldiaren logistikari, baita musikarien jardunari ere. «Lantalde txikia daukagu, baina hainbat boluntario biltzen da inguruan, batez ere kontzertuak antolatzeko». Hilabeteak daramatzate lanean, baina uztailaren 12a gerturatzen ari da. «Eguna hurbildu ahala hasten da dena estutzen. Izan ere, denbora elastikoa da. Neguan, lasai zaudenean, luzatu egiten da. Beste batzuetan, badirudi eguna hasi orduko bukatzen dela. Elastikotasun horretan gabiltza».

Osagai asko eta bereziak ditu Urmugaren formulak: mendizaletasuna, musika, euskara eta kultura. Hemeretzi eguneko jarduna, eta tokian tokiko eragileekin lan egitea. Euskal Herri osoko eta atzerriko musikagintzan erreferente diren izenak pasatu dira eta pasatuko dira Urmugatik. Askotariko estiloak, belaunaldiak eta kantaerak, eta guztiak Et Incarnatus orkestraren ingurumarian. «Aurreko Urmuga bietan eta Urtantan bezala, sekula musika emanaldirik egitea pentsatuko ez genukeen naturagune zoragarri eta berezietara gonbidatu nahi dugu jendea», azaldu dute antolatzaileek. Bi hitzetan esanda: «Ikusleak kultur eredu ez-jendetsu eta ez-kaletar batera erakartzea. Hiri eta populazio gune nagusietatik atera, eta mendia eta musika uztartuz, Euskal Herriko landa eremuetara kultur proposamen aberatsa eramatea».

Ate berriak zabaltzen

Uriartek dio «lanpeturik» dabiltzala, baina «itxura onean» doala aurtengo ekitaldia ere: «Lan asko egin behar da, baina ate berriak zabaltzen ari gara, eta aukera berriak sortzen ari dira, bai mendirako eta baita kontzertuetarako ere». Tokian tokiko eragileekin sortzen eta sustatzen duten elkarlanari buruz ari da Uriarte: «Urmugaren helburua hori ere bada: haren inguruan biltzea Euskal Herri osoko udalak eta herri horietako musika taldeak, txistulariak, abesbatzak... Hor sekulako aberastasuna dago, eta ari gara poliki-poliki ateak zabaltzen».

Gero eta gehiagotan, udalek berek jotzen dute antolatzaileengana: «Lehen urteetan kontzertua antolatzerik izan ez zuten udaletako batzuek zuzenean eskatu digute orain kontzertuak antolatzeko. Hori gauza ederra da: ekimena haiek hartzea. Oso hunkigarria iruditzen zaigu hori. Otxandion gertatu zaigu, adibidez: nahi zuten Josu Zabalak bere jaioterrian ematea kontzertua, ez baita han aritu sekula».

Izan ere, egun jakin batzuetan talde eta bakarlari ezagunak ariko dira kontzertuetan. Jende asko biltzen da horietan, baina kontzertu txikiagoei ere garrantzia eman nahi dietela onartu du Uriartek: «Badaude herrietako txistulariak, musika eskolak, abesbatzak... Saiatzen ari gara horiekin kontzertu txikiak antolatzen, desorduetan. Alegia, mendizaleak herri horietatik igarotzen direnean, zerbait berezia eskaintzen. Adibidez, Txarlazoko gailurrera Amurriotik datoz, Bixente Martinezek ere bere burua eskaini du gailur batean bakarka kontzertutxo bat emateko... Gauza horiek asko janzten dute egitasmoa. Saiatzen gara Urmugaren printzipioak eta nortasun aurrera eramaten».

Mendiko ibilbidea duela bi urte egindakoaren parekoa da: «Baina beti egiten ditugu tranpa txiki batzuk. Urmugaren ibilbideak badu bere ortodoxia, baina gure heterodoxia ere nabaritu behar da. Beti helburu berberarekin: edertasuna bilatzea».

Bakoitzak hartu behar dio neurria. Uriarteren belaunak eta aldakak «80 urtera bidean» doaz, eta badu kezkaren bat horregatik: «Ea nola iristen naizen uztailaren 12ra. Hemeretzi egunez ibili behar dut mendian. Beste urteetan, Julen Reketa izan dut mendian kide, baina, aurten, Karakorumera doa, eta bakarrik geldituko naiz. Bueno, ez zaizkit laguntzaileak faltako: bost izango gara. Leontxo Ugarte Basaburuko aborigena ere bai, tartean. Badaukat kezka apur bat, baina lan hauek utzi eta motxila bizkarrean jarritakoan, denak joango zaizkit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.