Urmugak bere izaera topatu du

Herenegun amaitu zen mendi ibilbidea, hemeretzi etaparen ondoren. Herri txikietako harrera eta musikari eta gonbidatuen jarrera azpimarratu dituzte antolatzaileek.

Urmugan mendian emandako kontzertuetako bat. URMUGA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hemeretzi etaparen, ehunka kilometroren eta dozenaka kontzerturen ostean, amaitu da aurtengo Urmuga, haren ertza alderik alde eta musikaz lagunduta gurutzatuta. Ia hogei egunen ostean, igandean agur esan zuen egitasmoak, Hiru Erregeen Mahaira igo ondoren.

Egun «politak» izan dira Felipe Uriarterentzat. Bera izan da Urmugako mendi ibilbideen arduraduna, eta, nekatuta dagoela aitortu duen arren, egun hunkigarriak izan direla esan du. «Musikarekin eta mendiarekin Euskal Herria josten saiatu gara».

Aurtengo aldian sorpresa hartu du Uriartek ibilbidean topatu dituzten herri txikiekin: Baranbio (Araba), Otsagabia (Nafarroa), Araia (Araba), Otxandio (Bizkaia)... izan dira horietako batzuk. Harrera ezin hobea egin diete udalerri horietan, eta haiek dira harentzat benetako urmugalariak: «Euskal nortasuna bizirik mantentzeko lan egiten dutela ikusi dugu». Mendi gidariak kontatu du agian ez dela beharrezkoahorrelako egitasmo bat antolatzea hori jakiteko, baina sarritan «ahaztuta» geratzen den zerbait dela azpimarratu nahi izan du.

Jarrera hori ezagutzeko aukera izatean, Uriartek esan du espedizioko kideak esploratzaile gisa sentitu direla. «Horri esker esan dezaket Urmugak bere benetako izaera topatu duela». Kultur ekitaldiak soilik hiri handietan egiteari uzteko deia ere egin du, herri txikiak baitira «gure benetako geografia».

Urmugan aritu diren mendizaleak hamabi inguru izan dira, nahiz eta azkeneko etapetan jende apur bat gehiago batu den. «Egia esan, ez gaude prestatuta jende gehiagorekin ibiltzeko». Mendi ibilbideen arduradunaren hitzetan, horrelako taldeak gidatzeko baitago prestatuta Urmugako lantaldea. Uriarterekin batera, bost izan dira hemeretzi etapak egin dituzten antolakuntzako kideak: Mikel Bereziartua, bideogilea; Ane Pescador, komunikazio arduraduna; Mikel Garate, sareen arduraduna, eta Leontzio Ugarte, mendi gidari lanetan.

Nola ez, etapetako asko musikaz lagundurik joan dira: Et Incarnatus orkestra, Eñaut Elorrieta, Sara Azurza, Donostiako Orfeoia, Olaia Inziarte... askotarikoak izan dira ibilbidetik igaro diren musikari eta abeslariak.

Kontzertu handiez ez ezik, kontzertu xumeen xarmaz aritu da Uriarte. Otsagabian egindako kontzertuaren magia barru-barruraino sartua du. Gune natural batean egitekoa zen kontzertua, baina, eguraldiaren ondorioz, herriko pilotalekuan egin behar izan zuten. «Pilotalekuak ez dira leku egokiak horrelako kontzertuetarako, akustika ez baita oso ona, baina benetan izugarria izan zen». Musikarien eta ikusleen artean zegoen konexioa oso berezia izan zela oroitu du. Besteak beste, Et Incarnatus orkestrak, Iñaki Dieguezek eta Garikoitz Etxeberriak parte hartu zuten.

Musikarien lana

Migel Zeberio arduratu da Urmugako kontzertuak kudeatzeaz. Gainera, Et Incarnatus orkestrako zuzendaria da. Aurtengo aldian eguraldiarekin zortea izan dutela esan du, eta horri esker kontzertuek arrakasta handia izan dutela. 30 bat laguneko musikari taldea ibili da kontzertuetan, eta, kilometro asko gainean izan arren, gehitu du ez dutela energia galdu. «Oroitu behar dugu eurak ez direla mendizaleak, musikariak baizik, eta izugarrizko lana egin dute».

Orkestrarekin aritu diren gonbidatuek ere inoiz baino hobeto ulertu dute proiektuaren izaera, Zeberioren ustez, eta publikoari hori transmititzea lortu dute denen artean. Naturaren eta musikaren arteko nahasketa «paregabea» izan da zuzendariarentzat: «Zentzumenentzako gozagarria izan da, adibidez; izan ere, musikarekin entzumena eta mendiarekin usaimena edo ukimena landu ahal izan ditugu».

Uriarterentzat bezala, kontzertu txikien magia berezia da Zeberiorentzat ere. Iazko Urtanta egitasmoan konturatu ziren horrelako kontzertuek funtzionatzen zutela, eta gehiago egitea erabaki zuten. Bereziki gogoan du Orbaizetako (Nafarroa) Kultur Olan, Mozart urmugalari, harizko hirukoteak emandakoa: «Euria ari zuenez, lekuz aldatu behar izan genuen, eta, hala ere, aretoa jendez lepo zegoen. Izugarrizko txalo zaparrada jaso zuten musikariek».

Inprobisaziorako tartea ere egon da Urmugan. Adibidez, Iratiko basoan, Paul Urkijok zuzendutako Irati filma eskaini baino lehen, Mariri goratzarrea deitu zioten kontzertua eskaini zuen Et Incarnatusek. Jose Angel Irigarairen poema batean oinarritutako kontzertua izan zen, guztiz inprobisatua.

Urmugak beste aldi bat bete du. Pare bat urtez hartuko du atseden, eta 2025ean izango da hurrengoa. Hala ere, bi urte horiek ez dute geldialdi bat irudikatu nahi, hori argi du Uriartek: «Hiru Erregeen Mahaira igotzeko azken pausoa hurrengo Urmugako lehen pausoaren aurrekoa izango da. Eta azken kontzertuaren azkeneko nota Urmuga berriaren lehen notaren aurrekaria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.