ATZEKOZ AURRERA

Urmuga, haria blaitzeko prest

Uztailaren 12tik 30era egingo dute Urmuga mendi ibilbide musikatua. Gutxi gorabehera, 50 musikarik eta taldek parte hartuko dute. BERRIAk babestuko du, eta modu berezian jorratuko du.

Urmugako antolatzaileak, babesleak eta musikariak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Tanta bakan batzuk isuri zituen iaz Urtantak kostaldean, baina, aurten, Urmuga prest dago Euskal Herria mendiz mendi eta kantaz kanta blaitzeko. Atzo goizean aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia, Donostian, Euskadiko Arkitektura Institutuan egindako agerraldian. Bertan izan ziren Urmugaren antolatzaileak eta musikariak, erakundeetako ordezkariekin batera.

Uztailaren 12tik 30era egingo dute aurten zeharkaldia, eta,alderik alde zeharkatuko dute Urmugaren ertza, Gorobel mendilerroan hasi eta Hiru Erregeen Mahaira arte. Hilabeteak daramatzate logistikoki eta musikalki dena presatzen, Migel Zeberio Et Incarnatus Orkestrako zuzendaria eta Urmugako musikaren arduradunaren arabera: «Udaberriarekin batean, iritsi da kukuaren kantua, urtu dira bide bazterreko elurrak, eta hasi da errekaren xuxurla. Eta, uda etortzean, etorriko da Urmuga ere».

Jaialdi «bakana» dela esan zuen Zeberiok, beste inon ez baitira mendia eta musika horrela uztartzen. Herritarren «ilusioa» nabarmendu zuen, «zain» egoten baitira Urmuga noiz iritsiko. «Jendea leku ikaragarrietara eramaten dugu», esan zuen, eta haren atzeko pantailan agertu ziren toki horiek, aurreko aldietako irudiak erakusteko: mendia, basoak, lakuak; musikariak, ikusleak, txaloak.

Gutxi gorabehera, 50 musikarik eta taldek parte hartuko dute aurten, etak oraindik zerrenda guztiz osatuta ez badago ere, aurkeztu zituzten izenetariko batzuk: Olaia Inziarte, Eñaut Elorrieta, Donostiako Orfeoia, Xutik... Ohi bezala, hainbat estilotako kantariak gonbidatu dituzte, Et Incarnatus Orkestrarekin batera kontzertuak emateko. Aniztasuna lortu nahi dute publikoan ere, izen ezagunei tiraka, haien abestiak orkestrarekin batera entzutera animatu nahi dutelako jendea: «Askotan, orkestra bat sekula entzun ez duen jendea hurbiltzen da».

Musikari gazteak gonbidatzeko apustua egin dutela nabarmendu zuen antolatzaileak. «Bereziki gazteengan jarri dugu begirada, oso garrantzitsua delako gazteei leihoa irekitzea. Gero zer egingo duten ez dakigu, baina inportantea da», adierazi zuen. Horren erakusgarri, ekitaldiaren amaieran abestu zuen Sara Azurzak Ez ohildu abestia, orkestra lagun.

Mendi ibilbideak

Guztira, 19 etapa egingo dituzteparte hartzaileek, duela bi urteko berberak. Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko gidaria da ibilbidearen arduraduna, eta bidea egiteko prest daudela esan zuen: «Urmuga hari trinko, sendo eta gardena da. Ez ditugu maite gure herria zatitzen dituzten mugak, eta horien gainetik igaroko gara, oinez eta musikaz».

Muga horiek salatu zituen,Uriartek: «Ez ditugu maite, salatu nahi ditugu hizkuntzari Euskal Herri osoan jartzen dizkioten mugak. Ezin duzue hizkuntzari mugarik ezarri, ezin diozue hitzari bidea itxi». Aldarrikapen horri jarraituz, azaldu zuen euskara izango dela Urmuga zeharkaldi musikatuaren hizkuntza ardatza.

Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia irabaztean botatako agurra moldatuta biribildu zuen Uriartek ekitaldia, bertsoko ideiak Urmugak bildu nahi dituenekin uztartuta: «Bultza Urmuga den/ ibili ederraren martxari/ kontrapisu eginez/ geldirik egoteari/ motxila bete indar/ oinak dantzari/ borroka irabazteko/ desesperantzari».

BERRIA-k, jarraipen berezia

Aurten ere, BERRIA egitasmoaren hedabide babesleetako bat izango da. Hedabide horrek modu berezian jorratuko du, zeharkaldia barrutik zein kanpotik nolakoa den azalduz, kolaboratzaile sare zabal batekin. Berrikuntza gisa, Mendia kanalaren bitartez zabalduko du begirada. Horrez gain, BERRIAlagunek hobariak izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.