Uribeetxebarria eta Zubillaga garaile T3T maratoian

Iñigo Uribeetxebarria eta Oihana Zubillaga izan ziren azkarrenak igandean Tolosaldeko 3 Tontorrak proban. Beroa eta hezetasuna izan ziren nagusi lasterketan. Camille Extrem, Gasteizko Mendiak eta Kosta Trail probak ere jokatu ziren asteburuan.

2024ko T3T lasterketako podiuma
Tolosaldeko 3 Tontorrak lasterketako podiuma. IMANOL GARCIA LANDA / ATARIA
Unai Ugartemendia - Ramon Olasagasti
2024ko ekainaren 18a
11:30
Entzun

Urduritasuna eta ezinegona nabaria zen igandean Tolosako Triangelu plazan 08:45ean. Ia 300 korrikalarik hartu zuten parte T3T maratoian (42 kilometro, +2.800 metro). Tolosaldeko hiru tontor lotzen ditu maratoiak: Hernio, Uzturre eta Erroizpe, aurten hurrenkera horretan. Gizonezkoetan, Ibarran bizi den Iñigo Uribeetxebarria legazpiarra izan zen azkarrena helmugan (4.17.03). Lehia estua izan zuen lasterketa guztian Ander Amonarriz (4.17.47) gaztearekin, baina Erroizpe tontorretik Tolosarako azken kilometroetan Uribeetxebarriak erritmoa azkartu eta Amonarrizek ezin izan zion eutsi. Podiuma, Adur Mendizabal (4:21,47) zaldibiarrak osatu zuen.

Emakumezkoetan, berriz, Oihana Zubillaga izan zen andre eta jabe (5.13.06). Anoetarrak ez zien aukerarik eman aurkariei, eta lehen kilometrotik lasterketa irabaztera zetorrela argi eta garbi utzi nahi izan zuen. Kilometroak aurrera joan ahala, abantaila ateratzen joan zen podiumean ondoan izan zituen Itxaro Zabaletari (5:18,31) eta Maria Zorrozari (5:27,43).

Hala Uribeetxebarriak nola Urrutiak erakutsi zuten Zegama-Aizkorri maratoian sasoi betean daudela, eta hilabeteren buruan jokatutako bigarren maratoian berretsi egin dute momentu on hori.

Madinaren eta Urrutiaren erakustaldia T2T lasterketan

T3Tko lasterkariak baino 45 minutu geroago abiatu ziren T2T lasterketako (Uzturre, Erroizpe, 24 kilometro, +1.600 metro) parte hartzaileak. Gizonezkoetan, ez zen lasterketa adinako borrokarik izan, eta bigarren aldiz irabazi zuen Ibai Madina berrobitarrak (2.09.55). Madinak, Josu Urrestarazu (2.13.27) eta Beñat Ibañez (2.14.39) izan zituen lagun podiumean. Emakumezkoetan ere, Ainara Urrutiak (2.29.03) ez zuen areriorik izan lasterketa osoan. Nagusitasunez gailendu zen aretxabaletarra. Bigarren postuan, Ainhoa Intxausti (2.36.12) helmugaratu zen, eta hirugarren izan zen Ainhoa Garikano (2.40.15) herriko alaba.

T3Tko sailkapenak eta T2Tko sailkapenak.

Macias eta Azkargorta Camille Extremen

Tolosaldeko T3T eta T2T probez gain, asteburu honetan izan da besterik. Izaban, Camille Extrem probaren XVIII. aldia jokatu zen igandean (32 km, +2.044 metro). Abiatu aurrean, omenaldia egin zioten Irene Sarrionandia korrikalari zornotzarrari, orain arteko 17 lasterketetan parte hartu eta gero, igandean ez baitzen lehian izan.

2024ko Camille Extreme
Paregabeko eguraldia izan zuten igandean Ezkaurren eta inguruko mendietan. ALEJANDRO TABAREZ 

Omenaldiaren ondoren, 465 korrikalari abiatu ziren Izabako plazatik. Hasiera samarretik, Xabier Macias iruindarrak hartu zuen aurrea, eta erritmo gogorra ezarri zuen Ezkaurreko igoera harritsuan. Hurbil izan zituen une oro Asier Labairu, hau ere iruindarra, eta atzeraxeago Jon Ander Aranburu zumarragarra. Jaitsiera teknikoan, postu horiek finkatu egin ziren, eta hurrenkera horretan helmugaratu ziren hirurak Izaban. Xabier Maciasek iaz garaile izan zen Iñigo anaiaren lekukoa hartu zuen podiumaren gorenean.

Emakumezkoetan, hasierako kilometroetan Ainara Alcuaz burlatarra eta Maitane Melero iruindarra nor baino nor aritu ziren, baina Ezkaurreko igoeran, aurre hartu zien Irati Azkargorta iturmenditarrak (Nafarroa) eta jaitsieran aldea areagotzea lortu zuen. Azkargortak, gainera, zenbait minututan hobetu zuen iaz Lide Urrestarazuk egindako marka. Bigarren Ainara Alcuaz helmugaratu zen eta hirugarren Maddalen Jimenez beratarra (Nafarroa).

Sailkapen guztiak esteka honetan.

Zabala eta Goikolea Gasteizko Mendiak proban

Larunbatean, Gasteizko Mendiak lasterketaren XIV. aldia jokatu zen, Manuel Iradier txangolari elkarteak bere 75. urteurrenean antolatuta. Ane Zabala eta Igor Goikolea gailendu ziren proban, Gasteiz inguratzen duten 11 tontor igo eta 62 kilometroko ibilbidea osatu ondoren. Guztira, 907 korrikalari abiatu ziren, eta helmugan lehena Igor Goikolea izan zen, 5 ordu eta 43 minutuko denbora eginda. Xabier Alzola izan zen bigarren (5.47) eta Josu Galvez hirugarren (5.49). Emakumezkoetan, Ane Zabala helmugaratu zen lehen postuan, 7 ordu eta 6 minutuko denbora lortuta. Bigarren, Raffaella di Ciavoa izan zen (7.15) eta hirugarren, Andrea Garay (7.22).

Gasteizko Mendiak probaren podiuma
Gasteizko Mendiak probaren podiuma: Raffaella di Ciavoa bigarrena, Ane Zabala irabazlea eta Andrea Garay hirugarrena. MANUEL IRADIER ELKARTEA

Gasteizko Mendiak probaren sailkapenak.

4.000 lagun Kosta Trailen

Asteburu honetan jokatu da Kosta Trail proba ere, Sopelako (Bizkaia) plazan hasi eta bukatu. Mendiko maratoi erdia (21 km), mendi martxa (20 km), eta familian egiteko martxa (7 km) kontuan hartuta, 4.000 partaide baino gehiago bildu dira aurten, XVIII. edizioan. Traileko lasterketan, korrikalariek Sopela eta Plentzia arteko labar malkartsuetako zidor eta hondartzetan osatu behar zuten ibilbidea. Azkarrenak Sara Gutierrez gasteiztarra (01.49.27) eta Jose Irurozqui madrildarra (01.27.21) izan ziren.

Emakumezkoetan, Zuriñe Frutos izan zen bigarren (1.59.54), eta Garazi Bilbao hirugarren (2.00.21). Gizonezkoetan, berriz, Jon Pascual (1.29.58 ) eta Martin Mac-Gragh (1.32.49) igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren kosketara.

Kosta Trail proban izen emateen bidez bildutako diruaren zati bat GaituzSport Fundaziora bideratzen da, kirolaren bidez ezgaitasunen bat duten pertsonen inklusioaren alde lan egiteko. Iaz, Kosta Trailek 13.300 euroko ekarpena egin zuen fundazio horren alde.

Sailkapen guztiak esteka honetan.

2024ko Madeira Sky Race probako lehen hiru emakumezkoak
2024ko Madeira Sky Race probako lehen hiru emakumezkoak. Oihana Kortazar, Lucille Germain eta Kalie McCrystal. ANTTON GUARESTI

Oihana Kortazar bigarren Madeiran

Euskal Herritik kanpo, Madeira Sky Race proba jokatu da asteburuan (45 km, +3.600 m) Merrell Skyrunner World Series zirkuituko zazpigarren lasterketa, egutegiko berezienetakoa, eta Oihana Kortazarrek, 40 urte betetzear, handia egin du beste behin, lasterketa entzutetsuan zilarra lortuta. Hegaldien atzerapenak zirela eta, oso lo gutxi eginda ekin zion Kortazarrek lasterketari, baina lehen bost kilometroetan berak ezarri zuen erritmoa. Bosgarren kilometrotik aurrera, ordea, Lucille Germain frantsesak aurre hartu zion eta helmugara arte eutsi zion lasterketaren buruari. Kortazar izan zen bigarren, eta Kalie McCrystal kanadarra hirugarren. Mutiletan, Loic Robert frantsesak lortu zuen garaipena, Andre Rodrigues portugaldarraren eta Luka Kovacic esloveniarraren aurretik. Bi irabazleek birrindu egin zituzten aurreko errekorrak. Nabarmentzekoa, era berean, euskal selekzioko Ioseba Eskudero idiazabaldarrak (Gipuzkoa) Madeirako proba berean lortutako bosgarren postua. Aitor Zunzunegik ere lasterketa bikaina egin zuen, eta 12. postuan amaitu zuen. Aldiz, Lide Urrestarazuk ez zuen zorterik izan, 15. kilometroaren inguruan orkatila bihurritu baitzuen; ondorioz, lasterketa utzi egin behar izan zuen korrikalari ordiziarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.