Uribarri eta Lete nagusi EMFren mendi lasterketen sailkapenean

Jokatu diren 22 probetatik zortzitan hartu dute parte, eta puntu gehien lortu dute. Larunbatean jasoko dituzte sariak, Gasteizen

Unai Ugartemendia.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan Urduñan (Bizkaia) jokatutako lasterketarekin eman zitzaion amaiera Euskal Mendi Federazioak (EMF) antolatutako aurtengo mendi lasterketetako sailkapenari. Denera 22 lasterketa jokatu dira, eta senior mailan Oñatiko bi korrikalari nabarmendu dira denen gainetik: Ainara Uribarri eta Xabi Lete. Uribarrik zortzi lasterketatan hartu du parte. Horietako bitan bigarren postuan sailkatu da, eta beste hiru probatan hirugarren amaitu du. Lasterketarik irabazi ez duen arren, hura izan da lehena sailkapen orokorrean. Lete, berriz, beste zortzi probatan lehiatu da. Lasterketa batean garaile izan zen, eta beste batean hirugarren helmugaratu zen. Sariak datorren larunbatean jasoko dituzte, Euskal Mendi Federazioak Gasteizen antolatu duen festan.

Urtarrilaren 19an hasi eta azaroaren erdialdean amaitu zen mendi lasterketetako sailkapena, eta bukaera ezin hobea izan zuen Urduñan (Bizkaia). 22 izan dira hilabete hauetan guztietan, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Araban jokatu diren lasterketak.Distantzia ezberdinak batzen zituen egutegia egin du Euskal Mendi Federazioak. 22 lasterketa horietatik hiru ultra distantziakoak izan dira; lau, lasterketa bertikalak; jaitsiera modalitateko bat eta beste guztiak 20 eta 42 kilometro bitartekoak. Tartean, hiru diziplinetako txapelketak ere jokatu dira. Leitzan (Nafarroa) izan zen Euskal Herria Mendi Erronka, ultra distantzian. Bertan Uxue Fraile eta Ion Azpiroz gailendu ziren. Tolosan (Gipuzkoa) T3T lasterketa jokatu zen, maratoi arteko distantzian, eta Hassan Ait Xau eta Amaia Amantegi izan ziren garaileak; eta Ttutturrekobertikalean (Intza, Nafarroa), berriz, Maite Etxezarretak eta Iñigo Alzolak jantzi zituzten txapelak.

Aipatu bezala, federazioak larunbatean egingo du Euskal Mendi Selekzioen Jaia, Gasteizko Jardin de Falerina tabernan, hain zuzen. Federazioaren esku dauden diziplina ezberdinetako euskal selekzioko kideei omenaldia eskainiko die federazioak ekitaldi horretan. Arratsalde guztian, kafe tertulia, argazkiak, erakusketak eta bertso saioa izango dira, Uribarriri eta Leteri egingo zaien sailkapenaren sari banaketarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.