Fisioterapeutari bisita egin ondoren azaldu da Oñatira (Gipuzkoa) Haizea Oses eskalatzailea (Arrasate, Gipuzkoa, 2004). Aurpegian nabari du azterketetan buru-belarri dabilela. Halere, azken asteetan izandako lesio batek sortzen dio buruko minik handiena gaur-gaurkoz. Bi aste barru izango du lehen txapelketa ofiziala, eta irrikaz dago mailarik onena emateko. Zeresana eman nahi du aurten ere.
Zer moduz zaude eskuko poleako lesioaren ondoren?
Nahi eta ezinean nabil. Gauzak egiteko irrikaz nago, baina lesioak ez dit uzten. Apirilaren 23an eta 24an hasiko dira Europako blokeko txapelketak Souren [Portugal], eta ordurako ondo egon nahi nuke. Ea iristen naizen.
Denboraldiaurrea amaitzear zinela harrapatu zaitu lesioak?
Berez, denboraldiaurrea amaitu genuen. Orain, kalitatea prestatzen hastera gindoazen txapelketetarako, baina eskuko polearen haustura partziala izan nuen duela aste pare bat. Printzipioz, hiru asteko kontua zen, baina gauzak okertu egin dira. Lesionatuta dudan eskua babesteagatik, beste eskuan ere lesio berdina daukat orain.
Lesioak gelditzera behartu zaitu?
Ez nuen erabat gelditu nahi, sasoia ez galtzeko, eta arriskua hartu nuen. Horrelakoetan, gauzak ondo atera daitezke, edo gaizki; eta, oraingo honetan, gaizki atera dira. Fisioterapeutarenean egon naiz, eta pazientzia edukitzeko esaten dit, baina ez da erraza.
Ez dira aste asko igaro euskal selekzioarekin Sheffielden (Ingalaterra) lehiatzen egon zinenetik. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Izugarria izan zen! Gehienbat, bidaiarekin eta taldekideekin gozatu nuen. Oso giro ona daukagu gure artean, eta plazer hutsa izan zen. Gainera, lehenbiziko aldiz lehiatu ginen nazioartean euskal selekzioaren elastikoarekin. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Ea errepikatzeko aukera dugun.
Espainiako selekzioarekin bidaiatzen ohituta zaude zu. Oraingoa desberdin izan al da?
Bai, oso bestelakoa izan da. Beste konfiantza batekin eta beste lasaitasun batekin joan naiz oraingoan. Gauza berezia izan da, historikoa. Ederra litzateke egunen batean ametsa egia bihurtuko balitz!
Beste presio bat sentitzen al da Espainiako selekzioarekin?
Eskaladako euskal selekzioa familia baten antzekoa da; Espainiakoa, aldiz, aukeraketa zorrotz baten ondorioz sortzen da. Konpromisoa asko areagotzen da, beti maila eman beharra dago, eta askotan aukera bakarra izaten da. Hutsegiteak garesti ordaintzen dira. Hartan zergatik gauden erakutsi nahi izaten dugu, eta horrek presio txarra eragiten digu.
Oso gaztetatik irabazi dituzu txapelketak. Emaitza onetara azkar ohitzen al da kirolaria?
Lehiatzen hastean, beti pentsatzen duzu egunen batean podiumera igo zaitezkeela. Behin hori lortuta, oso pozik egon izan naiz podiumetan, baina, aldi berean, askotan pentsatu dut zein ondo egongo nintzakeen hasiberria banintz, batere presiorik gabe. Behin irabaztera ohitzen bazara, jendeak beti irabazle ikusten zaitu edozein txapelketatan. Jendeak beti hori espero du, beti podiumean egotea, alegia.
Zeure burua ere asko estutzen duzu?
Bai, agian gehiegi. Ez dakit jendeak zer espero duen horrelakoetan! Oso gertuko jendeak ez du ezer espero nitaz, eta, alde horretatik, ez daukat presiorik. Baina, nahi gabe ere, espektatiba batzuk sortzen dira, eta hurrengo urteetarako nire helburua hori da; lasai eskalatzen ikastea eta galtzen ikastea. Hori barneratzea oso garrantzitsua iruditzen zait etorkizunerako.
Euskal selekzioak kanpo laguntza ere eskaini izan dizue arlo hori lantzeko.
Sarritan. Uxue Otxoa psikologoarekin egon nintzen aldi batean, eta oso gustura egon nintzen. Asko irakatsi zidan. Harentzat, oso garrantzitsua zen jakitea zergatik eta norentzat eskalatzen nuen. Horretatik atera genuen ondorioa zera izan zen, niretzat eskalatzen nuela. Gustuko nuelako eskalatzen nuela, eta hori zela lortu behar nuena. Beti behar da urduritasun puntu bat lehiatzeko garaian, baina horrek ezin zaitu hainbeste presionatu edo baldintzatu. Lasaitasuna izatea ezinbestekoa da. Ez daukat inori ezer erakutsi beharrik.
Lortu al duzu lasaitasun hori?
Lanketa horretan nago. Oraindik asko falta zait hori lortzeko, baina azkenaldian askoz hobeto pasatzen dut txapelketetan.
Zertan lagundu dute psikologoek eskaladan?
Gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten. Lehen aipatu bezala, askotan, goi mailan lehiatzen hasten garenean, ahaztu egiten zaigu zergatik gabiltzan kirol honetan. Niri ikaragarri gustatzen zait entrenatzea, ez da inongo sufrimendua. Nik ez dut sakrifizio handirik egin behar izaten entrenatzeko orduan.
Baina eskaladak kirolari asko utzi ditu bidean.
Bai. Badago jendea entrenatzen hain gustura ibiltzen ez dena, eta, denbora luzea entrenatzen eman eta gero, esperotako emaitzak lortzen ez dituena. Horrek desengainu handia ekar dezake, eta horrelako gauzak ere ondo kudeatu behar dira.
Txapelketetan egun asko izan al dituzu batere gozatu gabeak?
Bai! Esaterako, beti negarrez amaitzen ditut txapelketak. Onerako edo txarrerako, baina beti negarrez. Ez dakit presioarengatik den. Okerren, halere, dena emateko gai izan ez naizenetan pasatu izan dut. Urduritasunak askotan baldintzatu du nire errendimendua, eta horrek amorrua ematen dit. Esaterako, lehen, askotan, besoa zurrundu egiten zitzaidan, eta fisioterapeutari aipatzen nion mina nuela. Hark esaten zidan ez nuela ezer, ez nuela lesiorik, alegia, burua zela lanean zegoena. Txapelketen aurreko egunak oso gogorrak izaten ziren. Berez, eskalatzaileak oso obsesiboak eta perfekzionistak dira, eta nik ere horretatik asko daukat.
Oso umetatik hasi zinen zu eskaladan, Josean Mulasen gidaritzapean. Ezin zenuen maisu hoberik izan.
Joseanen alabarekin, Mirian Mulasekin, hasi nintzen eskaladan. 10 bat urte izango nituen orduan. Ondoren bai, Joseanekin jarraitu dut gaur arte. Hasi nintzeneko ilusio berbera dut oraindik. Mulasek asko erakutsi digu, baina gure artean sortu duen giroa izan da haren garaipenik handiena. Izugarria da eskaladarekiko daukan pasioa transmititzeko zer-nolako erraztasuna duen ere. Inor baino motibatuago egoten da beti, eta gauza berriak egitearen oso aldekoa da, gainera.
Asko exijitzen al dizue eguneroko lanean?
Bai. Gure hutsak ere bere gain hartzen ditu. Askotan esaten digu: «Zure hutsegiteak nireak ere badira!». Oso perfekzionista da, eta detailerik txikienaz ere ohartzen da. Baina esku leuna ere badauka. Dena arrazoitzen duten horietakoa da, eta horrelako gauzetatik asko ikasten da.
Entrenatzailea eredu izatea garrantzitsua izaten da, baina zein izan dira zure erreferenteak eskaladan?
Asko izan ditut. Esaterako, Aitziber Urrutia, Mirian Mulas, Itziar Zabala, Marta Camara, Irantzu Porres... Edozein elkarrizketatan irteten zirenean, miretsi egiten nituen.
Josune Bereziartu erretiratu zenetik, beti espero izan da haren ordezkoren bat. Asko zuri erreparatzen ari dira.
Bai, baina nik nire bidea egin behar dut! Gaur egun, geroz eta zailagoa da goi mailan ibiltzea. Entrenamenduak asko hobetu dira azken urteetan, eta gaur egun oso ohikoa da 14 urterekin gauza jakinak lantzea, esaterako. Eskalatzaile gazte hauetako asko Bartzelonara edo Madrilera joaten dira entrenatzera asteburuero. Geroz eta formakuntza handiago daukate egungo eskalatzailerik gaztetxoenek, eta hori antzematen da.
Aipatu bezala, bi aste barru Europako Kopan lehiatuko zara Espainiako selekzioarekin. Alberto Ginesek Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu izanak eraginik izan du jada zuengan?
Alde horretatik, iruditzen zait nahiko pobre dagoela federazioa. Ez dut apustu garbirik ikusten oraindik, eta urrezko domina lortu eta gero jokatutako hainbat txapelketatan oso baldintza txarretan lehiatu ginen. Epe laburrean, ez dakit zer eragin izan dezakeen Ginesen urrezko dominak, baina orain ez da ezer berezirik ikusten.
Olinpiar Jokoak aipatuta, eta Tokiokoek izan duten oihartzuna kontuan hartuta, asko dira 2026ko Parisko Jokoetara begira jarri direnak. Zeharka bada ere, zuk ere begiratzen al diezu jada?
Han egotearekin amesten dut, zergatik ez? Gaur-gaurkoz, halere, ez dut aukera hori ikusten inondik inora. Beste helburu batzuk ditut hurrengo urteetarako. Helburu xumeagoak dira, eta Europako proba batzuetan parte hartzea da erronka nagusia. Espainiako probetan ere aurrean eutsi nahiko nioke. Ez daukat inongo presarik ezertarako. Gutxinaka joan behar dudala iruditzen zait, eta batez ere, eskaladaz gozatu nahi dut, eta aldi berean pozik bizi.
Babesleen laguntza izango bazenu, buru-belarri arituko zinateke Olinpiar Jokoak prestatzen?
Batzuk ezagutzen ditut horretan arituko direnak hurrengo lau urteetan. Ikasketak albo batera utziko dituzte, eta bete-betean prestatuko dituzte Parisko Jokoak. Baina nik argi daukat ez dudala hori nahi. Pausoz pauso joan nahi dut. Eskalatzen jarraitu nahi dut, familiarengandik gertu, lagunez gozatu nahi dut, eta, gero aukera badator, ondo, eta, bestela, ez da ezer gertatzen. Halere, ez dut baztertzen aukera on bat izanez gero agian helburuak gehiago zehaztea. Oraintxe bertan oso urruti ikusten dut aukera, eta imajinatu ere ez dut egin nahi. Aurtengo denboraldian, esaterako, azken urteetako egutegiari eusteko asmoa daukat.
Txapelketak eta lehia izan dira zure egunerokoa azken urteetan. Arrokan egiteko proiekturik ba al daukazu etorkizunerako?
Balzolan [Dima, Bizkaia] egon nintzen iaz egun batzuetan, eta White Zombie [8c zailtasuna] bidea probatzen egon nintzen dokumental baterako. Bi aldiz-edo erori nintzen, baina neure burua ez nuen batere gaizki ikusi. Geroztik, buruan daukat bide hori. Agian, hori izango da erronka nagusia.
Hain zuzen, Mikel Gurrea zuzendariaren Heltzear dokumentalean ere parte hartu duzu duela gutxi. Esperientzia polita izan al da?
Josean Mulasen bidez etorri zitzaidan hartan parte hartzeko gonbita. Casting batean parte hartu nahi ote nuen galdetu zidan, eta hara joan nintzen. Ez nekien zer zen, zer eskatuko zidaten, baina hiru eguneko lana izango zela aipatu zidaten. Inoiz egin gabeko gauzak egin nituen, baina oso esperientzia polita izan zen. Izugarria da telebistaren mundua; hamabost minutuko lan baterako hiru egun oso pasatu genituen! Azken emaitza oso polita da, eta lanak merezi izan du.
Haizea Oses. Eskalatzailea
«Urduritasuna kontrolatzen ikasi behar dut»
2021ean zailtasuneko Espainiako Kopa irabazi zuen Osesek, 18 urtez azpikoen mailan. Azken urteetan jokatu dituen txapelketa gehienetan gailendu ondoren, etorkizun handia duela erakutsi du. Aurten, 20 urtez azpikoekin lehian arituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu