Zigor Iturrieta. Mendi korrikalaria

«Urdaila izaten da nire puntu kritikoa ultratrailetan»

Goi mailako mendi lasterketak eta sukaldeak probatutakoa da Iturrieta, eta ETB1eko 'Txoriene' saioak egin du ezagun gehienentzat. Telebista saio berri bat grabatzen ari da munduan zehar.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Deba
2017ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Egun batzuk dira Uruguatik itzuli dela Zigor Iturrieta (Zornotza, Bizkaia, 1974). Han astebete pasatu du kirola, bidaiak eta sukaldaritza uztartzen, ETBko telebista programa baterako. Itzuli denetik ez du atsedenerako denbora askorik izan. Hankak bezain bizi mugitzen du mihia.

Mendi korrikalaria zara, baina zein beste kirol egindakoa zara gazteago zinenean?

Gure belaunaldiko gehienok bezala, futbolean aritutakoa naiz. Athleticen urte zoragarriak ezagutzeko aukera izan genuen, eta ni ere atezain moduan aritu nintzen Durangoko Culturalean eta Iurretako taldean, 17 urte nituen arte. Gero, hamar urtean eskalatzen ibili nintzen, Hernanira bizitzera joan nintzen arte.

Nolakoak izan ziren eskalatzeko garaiak?

Onak. 7C+ zailtasuna egitea lortu nuen, eta Baltzolako lehen bideak guk irekiak dira. Irekiak bai, baina egindakoak ez. Iker Arroitajauregirekin saio asko egindakoa naiz, eta Patxi Usobiagaren lehen 9A zailtasunaren zati bat ere guk egin genuen.

Gero, arrauna ere probatu zenuen.

Bai, Hernanira bizitzera joan nintzenean. Bertako arraun taldean jendea behar zutela eta, han hasi nintzen. Pentsa, nire tamainarekin eta plantarekin [barreak]... Arrauneko entrenamenduak 10 edo 15 kilometro korrika eginez hasten genituen. Orduan konturatu nintzen nahiko ondo moldatzen nintzela korrika.

Ondoren etorri ziren duatloiak eta triatloiak.

Bai; hala ere, aurretik Behobia-Donostia egin nuen 2000. urtean,ordu bat eta 18 minutuan. Esperientzia latza izan zen, kotoizko elastikoarekin, titi puntak odoletan... Gero, 2005ean, Donostiako maratoia egin nuen, duatloiak eta triatloiak egiten hasi nintzen arte.

Zein oroitzapen duzu triatloiez?

Bi urte pasatu nituen ura tragatzen; igerian negargarri ibiltzen nintzen. Zarauzko triatloian, esaterako, beti denbora mugan ibiltzen nintzen itsasotik ateratzeko garaian. Gero, bizikletan eta korrika asko aurreratzen nituen, eta urteren batean 34. postuan ere sartutakoa naiz. Asko gozatzen nuen bigarren eta hirugarren kiroletan.

Zergatik utzi zenituen?

Duatloia, etxean korritzen hasi nintzelako [barreak]. Bigarren umea jaio zenean, denbora asko kentzen zidala konturatu nintzen, eta, ordurako, gainera, oso gustuko nuen mendian lasterka ibiltzea. Egunean ordu bat edo gehienez bi eginda nahikoa eta sobera zela konturatu nintzen. Orduan lasterketa motzak egiten hasi nintzen, eta entrenatzeko aukera asko ematen zidan. Goiz askotan, kopetako argia jarrita entrenatzen nintzen. Hori triatloietan ezinezkoa zen.

Nola hasi zinen mendi lasterketetan? Non egin zenuen lehena?

Lehen lasterketa Beran egin nuen, 2006an. Orduan, egunean bertan izen emateko aukera izaten zen. Larhunen 15. postuan pasatu nintzen, baina, beherakoan, gorriak ikusi nituen. Inoiz ez dut hain gaizki pasatu! Oraindik ez dakit nola iritsi nintzen helmugara... Sufrikarioa pasatu arren, asko gustatu zitzaidan. 2007ko irailean, lehenik Tolosa-Hernio-Tolosa lasterketa egin nuen, eta laugarren amaitu. Konturatu nintzen beherantz ondo moldatzen nintzela, eta gero Zegama-Aizkorri egiteko aukera izan nuen.4 ordu eta 36 minutu behar izan nituen, garai haietarako denbora ona.

Nola otu zitzaizun lehen ultra lasterketa korritzea?

2008ko azken egunetan, lagunekin afari batean eta ardo botila batzuen aitzakian, Montblanceko Ultratrailaren izena atera zen. Eta betikoa: «Ez zegok potrorik». Ez dagoela! 2009a puntuak pilatzen igaro nuen, 2010ean ateratzeko asmoz. Urte ederra izan zen. Euskadiko Kopa irabazi nuen, eta lehen ultra egin nuen, Travesera [Arenas de Cabrales, Asturias, Espainia]. 60 kilometroko lasterketa bat da, baina ikaragarri gogorra. Baita Aneto [Aragoi, Espainia] eta Cavalls del Vent ere [Berga, Herrialde Katalanak]. Emaitza horiekin, euskal selekzioan sartu ninduten, 2010. urtean.

Nortzuk osatzen zenuten selekzioa?

Orduan Gaizka Itza zen hautatzailea, Eneko Alienderen laguntzarekin. Korrikalari gisa, berriz, Txus Romon, Fernando Etxegarai, Iñigo Lasaga, Jokin Lizeaga, Oihana Azkorbebeitia, Walter Becerra... Orduan batzuek Espainiako Kopa egiten genuen, eta beste batzuek, berriz, Munduko Kopa. Urte txarra egin nuen irailera arte.

Eta irailean Montblanceko Ultratraila iritsi zen. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Txus Romonek aurreko urtean bosgarren amaitu zuen, eta esana zigun lasterketa egunean goiz joanez gero nahiko aurrean ateratzeko aukera izaten zela. Hantxe azaldu ginen Miguel Heras, Nerea Martinez eta ni, eta, zain egon beharrean, jendearen aurrean jartzea erabaki genuen. Denetik entzun genuen, baina nahiko aurrean geunden, 300 bat edo izango genituen bakarrik aurretik! Herasekin irten nintzen, eta, 166 kilometroko lasterketa batean, lehen zortzi kilometroak 3 minutu eta 40 segundoko erritmoan egin genituen. Zera pentsatzen nuen: «Hauek erotuta daude». Hamargarren kilometrorako lehen hamarren artean geunden.

Zer gertatu zen gero?

Gustura nindoan, baina ni sekulako ezjakintasunarekin joan nintzen hara. Zera pentsatzen nuen: «Ziur hauek diesel hutsak direla! Lehen hamarren artean ez badut amaitzen, porrot hutsa izango da». Ni nintzen ni inuzentea! Lasterketan seigarren ere izan nintzen.

Eguraldia ez omen zenuten lagun izan.

30. kilometrora blai eginda iritsi nintzen, izugarrizko euritea bota eta gero. Hango anoa gunean bapo edan eta jan ondoren, eta irtetera nindoanean, gelditu egin ninduten. Nik ez nekien zergatik zen. Halako batean Kilian Jorneten ama gerturatu zen, eta lasterketa bertan behera utzi zutela azaldu zidan, eguraldi txarragatik. Kilian bera eta beste lau lasterkari bi kilometro aurrerago gelditu zituzten.

Baina hurrengo egunean antolakuntzak berriro ere martxan jarri zuen lasterketa.

Bai. Aurreko eguneko erabakia hartu eta gero, Kilian Jornetek eta Miguel Herasek, esate baterako, beste lasterketa batera joatea erabaki zuten. Gu berriz, etxera joan ginen, garagardo batzuk hartzera. Hurrengo egunean, goizeko zortzietan sakelakoa piztu nuenean, ezusteko albistea bidalia zidaten: lasterketa berriro hasiko zela, 10:00etan, Courmayerretik [Italia]. Ni jaikitzerako autobus guztiak irtenak ziren Chamonixtik, eta nik Gaizka Itzari zera esaten nion: «Nik irteerara joan nahi diat». Hark ezetz, hura ez zihoala berriro; haren neska-laguna, berriz, prest agertu zen ni eramateko. Aurreko eguneko arropa bustia eta oinetakoak jantzi, eta hara joan nintzen. Hamar minuturen faltan iritsi nintzen, antolakuntzak erabakitako 100 kilometroak egiteko.

Irten, korrika egin, eta hirugarren.

Nere bizitzako lasterketa atera zitzaidan. Denbora guztian aurreneko hamabosten artean joan nintzen. Hogeita hamar kilometroren faltan, bosgarren jarri nintzen, baina laugarrena bistan nuen. Azken tontorrera iristean, hirugarrena ere gertu ikusten nuen. Hura harrapatu nuen, eta azken zortzi kilometroak ziztu bizian egin nituen. Azken bi kilometroetan ikusi nuen Montblanceko Ultratrailaren handitasuna. Leku guztietan jendea, animoak, garrasiak...

Jende askok zera gogoratzen du urte hartaz: Kilian Jornetek eta beste batzuek ez zutela lasterketan jarraitu eta horregatik izan zinela hirugarren. Zer duzu esateko?

Betikoa da, Kilian ez zegoen han, baina nik ez nion esan Italiako lasterketara joateko. Han egon behar zen, oso azkar korrika egin beharra zegoen, eta orduan ere munduko korrikalari onenak han zeuden. Hori du Montblancek: munduko onenak bertan egoten direla. Nik argi daukat nire hirugarren postu hori beti hor egongo dela.

Zer esan nahi zuen UTMBn hirugarren egiteak?

Han ez da sari ekonomikorik izaten, baina egia da podiumera igotzen bazara podiumetik laguntzaile edo babesle batekin jaisten zarela. Horrek esan nahi du doan bidaiatzen duzula, materiala doan izaten duzula... Dirurik ez, baina gustatzen zaigun hori doan egiteak asko balio du. Salomon eta The North Face etxeen proposamenak izan nituen, eta The North Facekin joatea erabaki nuen. Urte batzuetan Europa guztian bidaiatzeko aukera eman dit, Japonia ezagutzekoa...

Hainbesteko eragina al du Chamonixko lasterketak?

Tourra korritzearen antzekoa da. Aurretik lasterketa asko irabaz ditzakezu, baina, Tourrean ez baduzu ezer egiten, ez du ezertarako balio. Edo, arraunean, esaterako, Liga irabaz dezakezu, baina, Kontxan ez bazara itxuraz ibiltzen, ia inor ez da gogoratuko lortutakoaz. Barruan gaudenok badakigu zerbait egin duela, baina, ordea, Montblancen ez duela ezer egin.

Azkenaldian, ezagunagoa zara telebistan Txoriene programa gidatzeagatik, mendi lasterketetan aritzeagatik baino. Nola hasi zinen bertan?

Hori ere korrika ari nintzela izan zen. Beñat Ormaetxea sukaldariarekin entrenatzen ari nintzen batean, hark esan zidan ETBn sukaldari baten bila ari zirela saio baterako. Handik bi egunera casting-ean nintzen. Bi gauza eskatzen zituzten soilik: patata tortilla bat egitea eta ordu erdian isildu gabe egotea. Tortilla erre egin zitzaidan, baina ez nintzen isildu ere egin! Handik bi egunera, baiezkoa eman zidaten. Dagoeneko bi urte pasatu dira, eta badirudi jarraituko dudala.

Hainbesteko garrantzia al du janariak kirolariengan?

Iruditzen zait jaten dugunak garrantzi handia duela. Gure gasolina da, eta kirol bakoitzak bere fisikoa du. Askotan, kilo baten aldeak izugarrizko garrantzia izaten du kirol askotan, eta, korrika ere, ez da gauza bera Sancti Spiritutik Aizkorrira bi kilo gehiagorekin edo gutxiagorekin ibiltzea.

Zu aritzen zaren lasterketetan, ultra distantziakoetan, asko jatea tokatzen zaizue. Zu nola elikatzen zara?

Nire puntu kritikoa urdaila izaten da. Denetik probatutakoa naiz: marka guztietako gel eta barrak probatu ditut, nik egindakoak ere bai, ogia eta irasagarra, arroz esnea... Azkenerako, orain babesten nauen etxe bateko gelekin izan dut arazo gutxien; beraz, horiekin jarraituko dut. Baina horrek ez du denentzat balio, hori egia da. Hala ere, gomendagarriena lasterketa aurretik gauzak probatzea izaten da, ez bertan probatzea. Hori ere entrenatu behar izaten da.

Telebistako lanarekin eta hiru umerekin, nola entrenatzen zara? Entrenatzailerik ba al duzu?

Bai, Ander Garmendiarekin nabil. Lagun batek gomendatuta hasi nintzen. Hura ere nire antzeko egoeran dago, eta hari ondo funtzionatzen omen dio. Entrenamendu motzagoak egiten ditut, askoz ere denbora gehiago errekuperatzen dut, eta oso gustura nago. Astean, ordu eta erdi baino gehiago ez naiz entrenatzen, eta asteburuan, berriz, lau orduko jardunaldi bat egiten dut. Astean bost egunez entrenatzen naiz.

Hemendik gutxira, Txoriene-z gain, beste programa bat ere aurkeztuko duzu: Chiloe, munduan lasterka. Nolako programa izango da?

Orain modan dauden bi gauza jorratuko ditugu bereziki: kirola eta bidaiak. Jende askok gaur egun bere oporrak lasterketa batekin moldatzen ditu, eta zenbat jende dago, adibidez, UTMBren aitzakiarekin Chamonixera bi aste pasatzera joaten dena? Lehenik lasterketa egin, eta, gero, familiarekin beste egun batzuk pasatzen dituzte inguruan. Edo Transgrancanaria korritzera joan, eta bertan astebete egiten dutenak. Guk formatu hori eskainiko dugu. Programa bakoitzean ultra bat egingo dut, eta ondoren ingurua erakutsiko dugu. Zer egin, zer ikusi, tokiko produktuak probatu, sukaldariak ezagutu... Une oro eramango dugu kamera, edozer gauza grabatzeko aukera izateko.

Zein dira zure etorkizuneko asmoak?

Txoriene-rekin oso gustura nago, eta badirudi jarraituko dugula. Programa berria, berriz, ikusi egin beharko dugu. Ondo joanez gero, eskaintzak izan ditugu beste herrialde askotatik, eta ikusi dugu herrialde askok turismo mota hau saldu nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.