Joxemi Saizar.
IRITZIA

Uraren helmuga

2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Miguel Zeberio eta Felipe Uriarte. Felipe Uriarte eta Miguel Zeberio. Bien uztarketak sortu zuen jaialdi berezi hau duela hiru urte: Urmuga. Ez da Jazzaldia, ez Musika Hamabostaldia, ez BBK Live, ez EH Zuzenean, ez Azkena edo Hatortxu Rock... Desberdina da. Mendia eta musika lotzeak ematen dio berezitasuna. Zortzi kontzertu handi eta beste hainbat txiki dira, baina beti naturan, Euskal Herriko zazpi lurraldeak harilkatuz. Agertoki eta areto erraldoien ordez, naturagune xumeak, aire librean, non txoriek ere parte har dezaketen emanaldian beren txioekin.

Lehendabiziko edizioan, ibilaldi osoa egiteko eta BERRIAko irakurleei kontatzeko aukera izan nuen. Zorte galanta! Mendizale batentzat amets bat da Angulo mendatea eta Hiru Erregeen Mahaia oinez elkartzea. Hemeretzi egun jarraian oinez, 380 kilometro inguru mendietan gora eta behera eginez. Bide luze eta neketsua. Gure herriaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko modu desberdina. Herria eta herritarrak, noski. Zenbat bizipen! Eta ibilaldien ondoren, egun askotan, musika emanaldia gure zain, arima gozatzeko. Dozenaka musikari, entsegu eta lan askoren ondoren, beren ale onenak eskaintzeko prest. Plan hoberik? Bigarren edizioan kontzertu dezentetan izan nintzen, ibilalditxoren bat eginez. Iazko Urtanta berezian ere antzeko. Eta aurtengoan ere asmo bera daukat. Horrelako eskaintza bat ezin da pasatzen utzi.

Urmugaren hirugarren edizio honek lehen musika tantak isuri ditu ipar eta hego isurialdeetara. Irteeran bertan Ikusi mendizaleak kantaren bertsio desberdina entzun ahal izan zen Angulo mendatean, Boreas Camara eta Aitor Aspururen eskutik. Hasiera egokiagorik?

Doinua buruan zeramatela hasi ziren oinez mendizaleak. Handik gertu, Fraileburuko paraje ederrean haizearen eta putreen artean, Baleen Lobak bere musika emanaldia egin zuten. Ondoren, trasteak jasotzen ari ziren bitartean, zaparrada bat jasan zuten. Euria behar da errekak eta ibaiak sortzeko eta elikatzeko. Nora joango ziren ur tanta horiek guztiak?

Ibilaldiko bigarren egunean lainoak antzokiko teloia gisa jokatu zuen, aurreko bi edizioetan bezala, Delikako ur jauziaren ikuskizunaz gozatzen utzi gabe. Goiurin atera zen eguzkia, eta eguna alaitu zien parte hartzaileei. Jadanik kilometro batzuk egin dituzte ibiltariek, eta hainbat mendi tontor pasatu dituzte: Iturrigorri, Bedarbide, Solaiera, Santiago, Corral... Araba, Bizkaia eta Burgos artean ibili dira orain arte. Oraindik egun eta kilometro asko falta zaizkie Euskal Herriko ekialdeko muturreraino, baina abiatu dira behintzat, eta beroketa saio hauen ondoren sasoian jarri dira jada. Xamurragoa egingo zaie hemendik aurrerakoa, musika leungarriaren laguntzaz.

Zein da uraren helmuga? Urak ez du mugarik, baina bere destinoaren arabera muga geografikoa sortzen du, Euskal Herria bitan banatuz. Eta ura esku artean bezala, musikariek sortutako doinuak ere instrumentuen hari artean isurtzen dira. Orain arte eroritako tanta batzuek Nerbioi ibaian eta ondoren Kantauri itsasoan bukatuko zuten. Beste batzuk, ordea, Omecillo eta Baia ibaietatik Ebrora eta gero Mediterraneo itsasora iritsiko ziren. Musika notak ere bi aldeetara isuri dira natur ingurune hauek alaituz. Hori baita Urmugaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.