Mendia

Ultratrail korrikalari onenak

Javi Dominguez, Iker Karrera, Uxue Fraile eta Nerea Martinez munduko onenen artean daude

Javi Dominguez Mont Blanceko ultratrailean. BERRIA.
Ainhoa Lendinez
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Mendi lasterketen denboraldia amaitzear da, eta Nazioarteko Mendi Lasterketen Federazioak (ISF) munduko mendi lasterkari onenen 2013ko zerrenda kaleratu berri du.

Urte osoan bost kontinenteetan egin diren 24 lasterketa hartu ditu kontuan federazioak, Mont Blanceko ultratraila (167 km), Tor des Geants (330 km) eta Cavalls del Vent (100 km), besteak beste.

273 emakumezko eta 613 gizonezko jasotzen ditu guztira zerrendak, eta guztien buru dira Kilian Jornet katalana eta Emelie Forsberg suediarra. Jornetek mendiko 19 lasterketa egin ditu—bederatzi distantzia ertainean, bost ultratrail eta bost kilometro bertikal—, eta, besteak beste, Transvulcania, Mont Blanc-eko maratoia eta Zegama-Aizkorri irabazi ditu. Haren hitzetan, denboraldia «oso ona» izan da, baina guztien gainetik, Summits of My Life proiektuaren harira Cervinon (Zermatt, Suitzako Alpeak) ezarritako errekorra azpimarratu du (2 ordu eta 52 minutu): «Aspaldiko amets bat zen; gogotsu prestatu nuen, eta, lasterketetan une on asko izan baditut ere, Cervinokoa denen gainetik dago». 270 puntu eskuratuta, zerrendaren gorenean amaitu du.

Luis Alberto Hernando burgostarra da zerrendan bigarren, eta Sage Canaday estatubatuarra hirugarren. Zerrenda horretan, Javi Dominguez gasteiztarra da lehen euskalduna, munduko lasterkari onenetan 13. postuan. Ehunmilak proban bigarren egin zuen, Mont Blanceko Ultratrailean hirugarren, eta Cavalls del Vent proban 7. amaitu zuen. Iker Karrerak, berriz, Tor des Geants irabazita, 25. postuan amaitu du ISFren zerrendan. Emakumezkoetan, Forsberg izendatu du federazioak aurtengo lasterkari onena. Suediarrak Transvulcania, Uroc, Trans D'Havet eta Ice Trail Tarentaise irabazi ditu, besteak beste, eta 245 punturekin aise nagusitu zaie zerrendakideei. Forsbergek aurten egin du lehen ultratraila (UROC, AEB) eta distantzia luzeetan ere ondo baino hobeto moldatzen dela erakutsi du.

ISFren zerrendan Nuria Picas katalana da bigarren. Bi emakume euskaldun ere ageri dira onenen artean: Uxue Fraile 6. postuan eta Nerea Martinez 14. postuan. Frailek bigarren egin zuen Cavals del Venten eta hirugarren Trans d'Havet eta Transvulcanian. Martinez 14. postuan da Transgrancanaria irabazita. Denboraldia amaitu da askorentzat, baina ez denentzat. Orain jokoan dago Everesteko ultratraila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.