Tximistak ekarri du trumoia

Iker eta Eneko Pou anaiek 'Truenu' bidea (9a/+, 600 m) zabaldu dute Europako Mendietako Peña Santa mendiaren hego paretan, 12 luzeko «lerro futurista». Bidea era askean eta behetik goraino jarraian eskalatzeko lanak udaberrirako utzi dituzte.

Iker eta Eneko Pou anaiak Peña Santa de Castilla mendian zabaldutako 'Truenu' bidean
Erdi paretik gora, lurretik 400 metro ingurura, ganga ikusgarri bat gainditzen du bideak. POU ANAIAK
ramon olasagasti
2024ko urriaren 15a
05:00
Entzun

Iker eta Eneko Pou anaiek oso maiteak dituzte Europako Mendiak: bide gogoangarriak eta gogorrak zabaldu izan dituzte Urriellu Haitzean edo Naranjo de Bulnesen (Orbayu eta Lurgorri, besteak beste), baita Peña Santa de Castilla (2.596 m) dotorearen hego paretan ere. 2020an, Rayu (8c, 600 m) ireki zuten Peña Santan, Kiko Cerda lagun argentinarrarekin batera, eta beren «harribitxietako bat» dela nabarmendu izan dute beti. Lerroaren zati batean, tximista formako harkaitz zuriko zerrenda bereizgarri bati zor dio izena bideak.

Duela lau urteko ahalegin hartan, jabetu ziren Peña Santaren hego aurpegi basatian bazirela beste lerro batzuk ere zabaltzeko, eta Perutik itzuli berri, haietako bati heldu zioten irailean. «Hasieratik antzeman genion bide gogorra izango zela, erdi parean dagoen erlaitzetik gora batez ere, baina ez genuen uste hainbesterako izango zenik», jakinarazi du Eneko Pouk. Vigora eramango zituen hegazkina hartzeko Loiura autoz zihoazela eman zizkioten azalpenak bi anaiek BERRIAri.

Bidearen laburpen bideoa.

Erdi parean dagoen erlaitz handiak bi zati nabarmenetan bereizten du lerroa. «Lehen zatiak bost luze ditu (300 m), eta zailtasunak 7b+/c ingurukoak izango dira gehienez. Hala ere, zenbait zati esposizio handikoak dira, ez ditugu seguru finko asko sartu, eta erorikoren bat arriskutsu samarra gerta daiteke», azaldu du Poutarretan zaharrenak. Bigarren zatia, erlaitzetik gorakoa, hori ere 300 metrokoa, askoz gogorragoa da. «Zazpi luze dira, horma etzan egiten da, eta hortxe dago crux-a, 9. graduko luzea. Ikaragarria da: makurgune handia». 9a/+ erdibide horretan zehaztu dute zailtasuna. Atzetik datozenek berretsiko dute.

«Bigarren zatian zazpi luze dira, horma etzan egiten da, eta hortxe dago 'crux'-a, 9. graduko luzea. Ikaragarria da: makurgune handia»

ENEKO POUEskalatzailea

Ikerrek azaldu du ezinbesteko luze horrek «bloketzar bat» duela goi-goian, baina bestela ere iraupeneko luzea dela. «Bloketzar horrez gain, beste guztia ere oso gogorra da». Bidea lantzen aritu ziren egunetan, pare bat aldiz igo ziren erlaitzera lotara, material guztia garraiatuta. «Luze gogor horren mugimenduak atera zituen Ikerrek, baina ez zuen lortu luzea osorik kateatzea. Beraz, itzultzen garenean, lehen pausoa hori izango da: luze hori landu eta kateatzea, eta, ondoren, aukera ikusiko bagenu, bidea behetik goraino egun bakar batean eskalatzea». Eskaladaren eta bi anaien etikari jarraituz, horrela egin izan dute, besteak beste, Orbayu edo Rayu bideetan ere.

Iker eta Eneko Pou anaiak Peña Santa de Castilla mendian zabaldutako 'Truenu' bidean
Egusenti eta ilunabar ederrak izan dituzte bidea lantzerakoan, baina ekaitz gordinak ere bai. POU ANAIAK

Eguraldi nahiko txarra izan zuten probatzen aritu ziren egunetan. «Ekaitzekin borrokan aritu ginen egun nahikotxotan, eta horregatik jarri diogu Truenu izena», azaldu dute bi anaiek. Ohiko hurrenkerari jarraituz, Rayu-ren atzetik etorri da Truenu. Tximistak ekarri du trumoia. Peña Santaren hego horma horretan ere, eboluzio logikoa. Aurreko hura 8c izan zitekeela zehaztu zuten anaia gasteiztarrek. Iazko udan, ordea, Siebe Vanhee eta Seb Berthe belgikarrek egunean eta flash eran eskalatu zuten, eta 8b+ zailtasuna proposatu zuten. Oraingo hau,Truenu,bederatzigarren gradukoa dela diote poutarrek. Gradua edozein dela ere, «bide gogorra eta kalitate handikoa» dela nabarmendu dute.

Bidea lantzen aritu ziren egunetan 15 orduko saio luzeak egin zituzten, baina antzeman zioten, «muturreko zailtasunak aintzat izanda», ezingo zutela bidea era askean eta ekinaldi bakarrean eskalatu. Ez behintzat orain. «Luze horretan borrokatu, borrokatu ginen, baina azkar konturatu ginen ez geneukala aukerarik, behar genuela denbora gehiago luze hori lantzeko».

Izan ere, udazken-neguko hilabete hauek ez dira egokienak Peña Santan eskalatzeko. Bidearen zati handi bat euriaren eraginpean geratzen da, eta Asturiasen, urte garai honetan, erruz egiten du euria. «Mendiari agur esan genion egunean jada erabat bustita utzi genuen horma». Udaberrirako, beraz, hortxe dute erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.