Mendia

Txile iparraldeko erraldoia

Txile eta Bolivia artean dago Parinacota, 6.342 metroko sumendia. Oraindik bizirik dago, nahiz eta azken erupzioa duela 500 urte gertatu zen. Parinacotaz gainera, bisitatzeko leku ugari dago Txileko Altiplanoan.

Espedizioko taldekideak, Tatioko geyserrak eta, atzean, Cerro Copacollo (4835 m). OSCAR LOPEZ.
Xabier Erro
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Parinacota sumendia Txileko iparraldeko gailena da, 6.342 metro ditu, eta Txile eta Bolivia artean dago. Lehen aldiz 1928. urtean igo zuten Joseph Pem austriarrak eta Carlos Teran boliviarrak. 2011ko irailean, hamar euskal herritar eta lau txiletar elkartu ginen Txileko Altiplanoan ibili eta Irrutupuncu, Guallatiri eta Parinacota mendiak igotzeko.

Zaila da sinestea paraje horietan bizitzarik egon daitekeenik. Txango gehiena 4.000 metrotik gora egin genuen, gau hotzetan milioika izar azpian lo eginez, basamortuaren haize hotsak bakarrik lagun genituela. 2011ko irailaren 10ean abiatu ginen hegazkinez Bilbotik Calamaraino. Calama, Antofagasta lurraldean dago, Txileren iparraldean; Loa ibaiaren iparraldean, hain zuzen, 2.250 m gora eginda. Txileko meategi nagusiak inguru horietan daude. Han dago Chuquicamata, estali gabeko meategia.

Calaman zain geneuzkan Eduardo, Enrike eta Ruben, hiru 4x4 ibilgailurekin. 100 km egin ondoren iritsi ginen San Pedro de Atacamara. Esan ohi da hango kuartzo eta kobreak energia positiboz elikatzen dituztela hango biztanleak. Herri hori oasi bat dabasamortu lehor izugarrizko horretan; Licancabur mendiaren ondoan dago, eta 3.000 biztanle inguru dauzka. Atacamako gatz laku erraldoiaren iparraldeandago, eta haraino bi ibai iristen dira —San Pedro eta Puritana—; biak desagertu egiten dira, ordea, gatzaga erraldoi horretan.

San Pedro de Atacaman bi egun egin genituen; adobezko herri txukuna da, eta plaza eta eliza ederrak dauzka. Ilargiaren Harana gurutzatu genuen, Gatzaren Mendi katea ere bai, Quitorren, eta Guatin hainbat ibilaldi egin genituen, eta 3.300 metroko Guatin mendia igo genuen, girora egokitze aldera.

Irailaren 13an, altuerara egokitzeko, hego-ekialdera jo genuen,Socaire herritik Quebrada Nacimiento oinez igo genuen. Ondoren, ibilgailuetan Laguna Miscanti ingurutik Pampa Varela gurutzatu eta 4.070 metroko portua gurutzatuta, Salar de Talar inguruan jarri genuen kanpalekua,3.960 metroan. Leku zoragarri horretatik flamenkoak, ahateak, antzarak, guallatak eta Andeetako txori ugari ikusi genituen.

Hurrengo goizean, 4.400 metroko mendia igo ondoren, 220 km egin genituen iparralderantz, Tatio geyserretara. Tatio 4.300 metroan dago; han aterpe ederra dago, Caspana eta Toconce Aimara komunitateak gobernatzen eta zaintzen dutena. Tation 64 geyser daude, eta munduko geyser zelai altuena da.

Tatiotik Cerro Copacollo (4.835 m) mendia igo genuen, irailaren 15ean. Gero ibilgailuetan 275 km egin genituen Ollagueraino.Chiu Chiu, Ascotan, Salar de Ascotan, Cebollar, Carcote eta Salar San Martin pasatu ondoren iritsi ginen Ollagera. 222 biztanleko herrixka da, eta Boliviako mugan dago.

Irrutupuncu sumendi magaletara hurbildu ginen irailaren 16an. Pampa Pabellon, Pampa Sololo eta Pampa Pastillos pasatu ondoren, Salar de Coposara iritsi ginen. Kanpalekua 4.200 metroan jarri genuen, eta arratsaldean bi orduko ibilaldia egin genuen Boliviako mugaraino.

Hurrengo goizean, bostetan atera ginen Irrutupuncu sumendia igotzera. Lehen gailurrera iristeko, gas maskarak jarri behar izan genituen, eta kraterrera sartu ginen, izugarrizko sufre usainaren eta fumarolen artean, sumendi horrek bizia eta arnasa dauka. Beste bi ordutan iritsi ginen Irrutupuncu gailurrera ( 5.163 m).

Kanpalekua jaso ondoren, 130 km egin genituen Salar de Huascoraino. Huascoraino joan eta asfalto errepidez Pozo Almontera jaitsi ginen, gero Chile 15 bidetik gorantz, berriro Boliviarantz jarraituz; Pampa Vinaran, hau da Colchanetik gertu, jarri genuen kanpalekua. Colchanetik aurrera paisaia aldatuz doa, Parque Nacional Volcan Isluga inguru ikusgarrian sartu ginen.

Colchane herri gaztea da. 1970an Boliviako muga zaintzeko sortua, aimara hizkuntzan gullchani esaten diote, uretan dagoen belarra esan nahi du. Aurrera jarraituz, Salar Surirera iritsi ginen, (4.245 m). Natura monumentu gisa hartuta dago, inguruko fauna eta flora zaintzeko. Elurrez estalitako Liscaya, Arintica eta Chiguana mendiz inguratutako zelai ikusgarri horik bizitza ugari dute. Dena dela, gure bidaiak aurrera jarraitu zuen, deposituak urez bete ondoren, eta Pampa Paquisa gurutzatu, Reserva Nacional Las Vicuñasera iritsi ginen, Guallatire sumendiaren magalera. 20.000 lagun bizi dira inguruan. Azkenean, eta arratsaldeko azken argietan gure kanpalekua 5.000 metroan jarri genuen. Afaltzerakoan, urduritasuna nabaritzen zen, izan ere, goiz hasi beharra zegoen igotzen 6.060 metroko mendira; gainera, penitente ugari gurutzatu behar dira gailurrera iristeko.

Guallatire aimara hizkuntzan guallata askoko lekua esan nahi du; guallata edo piuquen, antzara antzeko hegaztia da, eta Andeetako goiko hezeguneetan binaka bizi dira .

Goizeko hiruretan abiatu ginen 40º-ko aldapan gora; irailaren 20a zen. Okerrena kranpoiekin penitente artean gorantz egitea izan zen; dena dela,bederatzietan gailurrean ginen. Hotz galanta izan genuen igotzerakoan, baina denak poz betean iritsi ginen 6.062 metrora. Andeetako mendi katea alde batera eta bestera ikusten zen, mendiguztiak elurrez estalita, kolore zuri distiratsua eta zeru urdin iluna.

Kanpalekua jaso ondoren, Parinacotarantz jo genuen.Parque Nacional Laucara sartu ginen, gure aurrean Chungara lakua, elurrez estalitakosumendiak, pampak... Ikusten genuen mendiko hezegunetako faunak arnasarik gabe utzigintuen. Chungara lakua 4.500 metroan dago, Aricatik La Pazera, Tambo Quemadotik doanTxileko 11. errepidean; Parinacota sumendiaren magaleko elurrek hornitzen dute Chungara lakua.

Parinacota herria bost kilometrora dago errepide nagusitik. Etxeak eta eliza adobez eginak dira. Eliza da benetako atrakzio nagusia; XVII. mendean eraikitakoa da, eta barruan ikus daiteke nola soldadu konkistatzaileek Jesus gurutzean iltzatzen duten. Parinacota, aimaran parinaren lakua esan nahi du, (parinak flamenkoak dira).

Irailaren 21ean, Caquenara joan ginen, Caquena hezegune ertzetik Don Vicenteren baserrira hurbildu ginen, eta hantxe jarri genuen beheko kanpalekua. (Don Vicente Mamari aimara mandazaina da). Arratsaldean,Don Vicentek ura, gasa eta janaria eraman zituen goiko kanpalekura. Gu, berriz, inguruan ibili ginen mendiko hezeguneko faunari argazkiak ateratzen.

Irailaren 22an, 5.180 metroan kokatu genuen Parinacotako goi kanpalekua. Hurrengo egunean, goizeko ordu batean eman genituen igoeraren lehen pausoak:haize bortitza, hotz galanta, eta pausoz pauso gorantz. Lehen atsedena elurraren mugara iritsi ginenean hartu genuen, kranpoiak janzteko; eta pioleta eskuetan hasi ginen penitenteekin borrokan. Ez genuen bi metrora ikusten, lainoa eta elur pikorrak estaltzen zituen gure begiak, egun kaskarrena hemen tokatu behar!

Konturatu gabe, ikusten ez genuelako, gailurra azpitik pasatu genuen; gero, kraterrera iritsi eta berehala iritsi ginen gailurrera, argazkiak atera, zer edo zer jan, eta 20 minutu egon ginen gailurrean. Kraterrak 700 metrokoa du diametroa, eta 240 metro da sakonean. Fumarolak adierazten dute oraindik bizirik dagoela, nahiz eta azken erupzioa duela 500 urte izan. Gailurretik ez genuen ikusi ezer askorikeguraldia zela eta. Jaisterakoan, ordea, eguraldiak hobera egin zuen, eta kanpalekura iritsi ginenean eguraldia ederra zen benetan.

Oso igoera gogorra izan zen, baina pozik gelditu ginen, pozez Parinacotako aterpera iristeko. Nekatuta baina denak ongi iritsi ginen goi kanpalekura. Dena jaso, eta beheko kanpalekura jaitsi ginen. Irailaren 24an jaitsi ginen Parinacotatik Putrera eta Aricara. Hortxe elkartu ginen talde osoa, batzuk bi egun lehenago jaitsiak baitziren Aricara, Guallatire igo ondoren.

Munduan leku asko daude ezagutzeko, baina Txileko Altiplanoko lekuak benetan ederrak dira, hango lasaitasuna, hango mendiak, hango fauna eta hango aimarak... horiek guztiek egiten dute paraje hura ezinbestean ezagutu beharreko leku paregabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.