Nuptse (7.860 m) eta Lhotsera (8.515 m) egindako espediziotik hilabete bat ere pasatu ez den arren,indarberrituta sentitzen da Alex Txikon, eta hurrengo erronkari heldu dio jada. Karakorumera abiatu da, K2 (8.611 m) mendia Cesen bidetik igotzen ahalegintzeko. Helburua lortuz gero, lemoarraren hamaikagarren zortzimilakoa izango litzakete, baina munduko mendirik garaienetan bigarrenak ez dizkio gauzak erraz jarriko lemoaztarrari.
Ondo ezagutzen du Txikonek K2, aurretik, bi alditan ahalegindu baita hori igotzen. 2004an saiatu zen lehenengoz, eta 7.400 metrora iristean hartu behar izan zuen beherako bidea; bigarren saioa, berriz, 2011n egin zuen, eta orduan ere gailurra jo gabe itzuli behar izan zuen etxera, laugarren kanpalekuan (8.000 metrora) bi gau pasatu eta gero. Bi ahaleginetan Cesen ibilbidea erabili zuen bizkaitarrak. «Hamabi urte nituenetik amesten dut mendi horrekin; loa galtzeraino. Bertikalena eta zorrotzena da K2», onartu du alpinista bizkaitarrak.
Lhotse eta Nuptsera egindako espedizioan Juan Carlos Tamayo eta Juanra Madariaga euskal herritarrak izan zituen bidelagun; espedizio arrakastatsua izan zen Txikonentzat, Nuptseko gailurretik 30 metrotara gelditu arren, Lhotse igotzeko gai izan zelako. Oraingo honetan, berriz, Ferran Latorre kataluniarrarekin eta Felix Garcia galiziarrarekin arituko da lanean. Latorre, K2 mendia igotzen ahalegindu aurretik, Gasherbrumen tontorren bat jotzen saiatuko da, hamalau zortzimilakoen konkistan aurrera pausoak emateko helburuarekin.
Ilusioz beteta, gogotsu azaldu da Txikon erronka berriarekin eta mendia igotzeko aukeratutako bidearekin. «Uste dut Cesen bidea dela ibilbide garbi eta seguru batekin gozatzeko aukera onena», adierazi du. Estilo garbia erabili nahi dute, aitzindarien balioekin konpromisoari eusteko helburuarekin: elkartasuna, talde lana eta kide izatearen sentimentua, hain zuzen ere.
Azken espedizioetan bezala, Azkue Fundazioarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria sailarekin sinatutako akordioa izango du Txikonek, alpinismoaren balioak sare sozial, dokumental eta hitzaldi bidez elkarbanatzen jarraitzeko. Gainera, bizkaitarra Karakorumeko lurralde arrotzean dagoen bitartean, Euskal Herrian bere abenturez gozatzeko aukera egongo da ekaineko igande guztietan ETB1en ematen ari diren Txikon Xtreme programaren bitartez. Etzi, Laila Peaken bizitako abentura egongo da ikusgai.
Mendia
Txikon K2 mendia igotzen saiatuko da, Cesen bidetik
Aurretik bi alditan saiatu da Alex Txikon K2 mendia Cesen bidetik igotzen; 2004an eta 2011n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu