Mendia. Patxi Usobiaga. Eskalatzaile eta surflaria

«Txikitatik txapelketak izan ditut gogoko; lehiatzea eta hobetzea»

Eskaladari agur esan behar izan zion Patxi Usobiagak iragan urrian, lesioek behartuta. Katu oinak utzi, eta olatu artean aurkitu du eibartarrak eskaladaren ordezkoa, surfean. 9b egin ez izatea da gelditu zaion arantza.

JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Eskaladan irabazteko zegoen ia guztia irabazi du Patxi Usobiagak (Eibar, 1980). Hamar urtez goi mailako eskaladan lehiatu ostean, lesioek erretiroa hartzera bultzatu zuten, eta iragan urrian goi mailako lehiaketei agur esan zien. Usobiaga, ordea, geldirik egon ezin den horietakoa da, eta eskaladak sortzen zizkion sentsazioak topatu ditu beste kirol batean: surfean.

Zer moduz daramazu bizitza berria eskaladatik at? Haren falta sumatzen al duzu?

Gustura nabil, baina sentsazioa desberdina da. Eskaladaren falta sumatzen dut oraindik, baina ez nago gaizki. Lehen baino askoz erlaxatuago bizi naiz.

Zaletasun berria aurkitu duzu. Zer moduz olatu artean?

Bai, surfean aritzen naiz orain. Baina atzo, adibidez, [igandea] eskalatzen aritu nintzen. Eskalada bihotzean daramat, eta ahal dudan guztietan eskalatzen ibiltzen naiz. Konturatu naiz posible dudala harkaitzetan eskalatzea, baina ez entrenatzea, ordea. Olatu artean ere gustura nabil. Berria da niretzat surfa. Bost hilabete eta erdi daramat soilik surfean ibiltzen, eta oraingoz ikasten ari naiz.

Eskaladak ematen zizuna topatu al duzu surfean?

Parekotasun asko dauzkate bi kirolek. Surfean itsasoari begiratu behar diozu, ea baldintzak egokiak diren. Oso teknikoa da ere. Esfortzu fisikoa ere eskatzen dizu, eta arriskua badago. Beldurra ere pasatzen da apur bat; nik, behintzat, pasatzen dut zenbaitetan. Azken finean, surfean sentitzen duzunak antza du eskalatzen sentitzen duzunarekin.

Lesioak ez al dizu kalterik egiten surfean aritzeko orduan?

Egunaren arabera. Lesioa eduki nuen istripuagatik izan zen, eta entrenatzen jarraitzean muskuluak min egiten zidan. Surfean beste muskulu batzuk lantzen direnez, eta nahiz eta muskulua zurrundu batzuetan, ez du zer ikusirik eskalatzeak eragiten didan minarekin.

Eibarren jaioa zara, non ibiltzen zara surfean?

Zarautzen hasi nintzen surf egiten. Baina Costa Rican eta Fuerteventuran (Kanaria uharteak, Espainia) ere ibili naiz surfean. Deban asko ibiltzen naiz, baina Frantziara ere jo genuen lehenengoan. Kontua da olatu onen bila pixka bat mugitzea.

Nola piztu zitzaizun surfarekiko zaletasuna?

Bidaia bat egin nuen Greziara, eskalatzera, eta bueltan pisukideak esan zidan: 'opari bat daukat zuretzat'. Surf taula bat oparitu zidan, eta horrela hasi nintzen surfean, iragan ekain inguruan. Pixkanaka hasi nintzen, eta guztiz harrapatu ninduen. Abuztuan kanpora joan nintzen, Italiara eta Austriara, babesleen kontu batzuengatik eta munduko txapelketa ikustera. Itzuleran, Zarautzen gelditu nintzen, eta, geroztik, egunero-egunero surfean aritu naiz.

Surfa duzu, hortaz, zure eguneroko zaletasuna?

Deban bizi naiz oraingoz, itsasoari begira, eta olatuen arabera mugitzen ibiltzen naiz.

Goi mailako eskaladan ia hamar urte eman dituzu lehiatzen. Nolakoak izan ziren zure lehen urratsak kirol horretan?

Duela 22 urte hasi nintzen eskalatzen. 14 urte nituela hasi nintzen munduko txapelketetan parte hartzen. Hortxe hasi zen dena. Urtero munduko txapelketetan parte hartzen hasi nintzen. Espainiako gazte mailan, Espainiako Kopan, beste txapelketetan, eta, gero, Munduko Kopan. Txiki-txikitatik txapelketak izan ditut gogoko; lehiatzea eta hobetzea. Mundu horrek zeharo harrapatu ninduen.

Norbaiten bultzada izan al zenuen momentu hartan txapelketetan parte hartzeko?

Inork ez ninduen txapelketetan parte hartzera bultzatu. Nire hautua izan zen; nik nahi nuen, eta aukera eduki eta poliki-poliki gauzak irteten joan ziren. Hori bai, babes guztia eduki dut atzean, gurasoen eta lagunen partetik, baina sekula ez nau inork bultza: nik neuk erabaki dut beti.

Irabazteko zegoen guztia eskuratu duzu eskaladan. Zein izan da zure ibilbideko unerik gozoena?

Oso polita izan zen lehen aldiz munduko txapeldunorde izan nintzenean, Chamonix-en (Frantzia). Lehenengo Munduko Kopa lortu nuenean ere, 2006an Kranjen (Eslovenia), ederra izan zen. 2009ko munduko txapelketa ere berezia izan zen, oso barruan neraman helburua baitzen. Zazpi urteetako lanaren ondorioa izan zen, eta asko motibatu ninduen horrek.

Zeintzuk izan dira zure ibilbidean arrakasta izaten lagundu dizuten gakoak?

Jon Iriberri ezagutzea. Goi mailako txapelketetan parte hartzearen errudun nagusia izan zen Jon. Entrenatzen erakutsi zidan, beste mentalitate batez lehiatzen. Nire entrenatzailea izateaz gain, psikologoa ere bazen, eta oso lagun ona. Lehen ez nintzen horren diziplinatua entrenatzeko garaian. Jon ezagutu nuenean gauza askotaz konturatu nintzen. Nik neuk aldatu nuen burua, oso diziplinatua bilakatu nintzen, eta jabetu nintzen zerbait lortzekotan diziplina eta lan gogorrari esker izango zela.

Rokodromoetatik kanpo gauza asko egin dituzu ere. Nahiago al duzu harkaitzean eskalatzea?

Harkaitza beti daukazu hor. Azken finean, hori da benetako eskalada. Lehiakorra bazara, txapelketak zure bizitzan sartzen direnean gustatu egiten zaizkizu. Baina harkaitza hor dago, betiko. Harkaitzak ematen dizun plazer eta sentsazio hori desberdina da. Agian biziagoa da txapelketak ematen dizuna, horretarako entrenatzen baitzara, baina harkaitzak ematen dizuna ez dauka zer ikusirik. Lagunekin zaude, eta beste istorio bat da.

Atzera begira, gelditu al zaizu arantzarik?

Egia esan, bai. 9b egin nahi nuen, hori zen nire helburuetariko bat txapelketak bukatutakoan, baina konturatu naiz ezin izango dudala lortu. Daukaten lesioaren ondorioz, ezinezkoa egiten zait entrenatzea, eta 9b egiteko asko entrenatu behar duzu, guztiz sasoian egon behar baituzu.

Gogorrak egingo zitzaizkizun zure ibilbideko azkeneko urteak.

Gehienbat azkeneko bi urteak, zeren munduko txapelketa irabazi nuen urtean [2009] sorbaldako ebakuntza eduki nuen. Geroztik ezin izan nuen den-dena eman. Azkeneko urtea, 2010a, oso zaila izan zen. Istripua izan nuen, oso sentsazio txarrak eduki nituen denboraldi guztian, eta ez nuen ondo bukatu.

Lesioek ez dizute barkatu. Goi mailako txapelketa beste era batera utzi izana gustatuko litzaizuke?

Bai noski. Oraindik ere molestiak ditut, eta mugatua nago eguneroko gauzak egiteko. Nire asmoa txapelketak utzi eta harkaitzari denbora eskaintzea zen: bidaiak egitea bideak probatzeko eta abenturak bizitzeko. Oraingoz, behintzat, ezingo ditut gauza horiek egin.

Zure erretiroarekin esan al daiteke eskaladako belaunaldi berriek harrapatu egin zaituztetela?

Ez dut uste. Ramon hor dago [Ramon Julian], nire belaunaldikoa da, eta tinko eusten dio. Oraingoz, gure belaunaldiak hor jarraitzen du, puri-purian. Gazteak indartsu datoz, eta badator aldaketa, Jakob Schubert eta Adam Ondrarekin. Baina Ramonek oraindik asko dauka esateko.

Kirolari gutxi egongo dira Euskal Herrian zuk adina lorpen eskuratu dituztenak. Behar bezala estimatzen al da eskalada?

Azkeneko urteetan aldaketa handia egon da. Bultzada handia izan dugu. Hedabideetan eta toki guztietan eskalada kirol gisa onartuta dago,eta euskal gizarte guztian eskalada errealitatea da. Nahiz eta oraintxe askorik ez egon, eskalada hor gelditu da, eta hedabideetan azaldu ohi da. Josune Bereziartu izan zen eskalada gizarteratu eta publiko egin zuena. Iker eta Eneko Pouen istorioak, eta neureak ere hor daude. Denok aprobetxatu gara hortaz. Begira, bestela, eskaladak lehen zuen oihartzuna eta alderatu orain duenarekin.

Zeure buruari erronka jarri zalea zara. Zer erronka dituzu orain esku artean?

Egunen batean esnatu eta molestiarik ez edukitzea da nire erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.