Adam Ondra. Eskalatzailea

«Txapelketak kirola dira; eskalada, bizimodu bat»

Adam Ondra bikain aritzen da zailtasun eskaladan, haitzean zein boulderrean. Gaztea izanagatik, lorpen zerrenda luzea dauka jada, eta gaur-gaurkoz munduko eskalatzaile onenetako bat da. Udaberrian Euskal Herrian izan da.

Ainhoa Lendinez
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Historiako eskalatzaile onena izateaz gain, ezagutu dudan pertsonarik handiena da». Patxi Usobiagak (Eibar, Gipuzkoa, 1980) ondo baino hobeto ezagutzen du Adam Ondra (Brno, Txekia, 1993). Lagunak dira, soka lagunak, eta, orain, baita ikasle eta irakasle ere. Etxekoen urratsei jarraituz, 4 urterekin jantzi zituen katu oinak lehenengoz Ondrak, eta hormaz horma dihardu ordutik. 9 zailtasuneko 96 bide kateatu ditu, eta Munduko Kopa eta Munduko Txapelketa irabazi ditu. 21 urterekin, munduko eskalatzaile onena da, askoren iritziz. Txekiarra Euskal Herrian egon berri da, eta Baltzolako koban, Diman (Bizkaia), 9a zailtasuneko Il domani bidea bistara egin duen bigarren eskalatzailea da.

Bost egun egin dituzu Euskal Herrian, eta gelditu ere ez zara egin: lehen egunean, bi 8c bide bistara, eta hurrengo lau egunetan, 9a bat egunero.

Bai, egia esan, asko entrenatuta joan naiz Euskal Herrira, batez ere ekainetik aurrera egingo ditudan txapelketetarako. Rokodromoan entrenatzen naiz batez ere, baina niretzat oso garrantzitsua da ongi sentitzea, aske sentitzea, entrenatzeko motibazioari eusteko. Eta hori guztia airea eta natura inguruan dauzkadanean sentitzen dut, haitzean eskalatzen dudanean, alegia. Horregatik, Euskal Herrira joatea aukera bikaina zen niretzat, entrenamendu probak egiteko, eta emaitza oso ona izan da. Il domani 9a bistara egitea zen helburu nagusia, eta bete dut, baina, horrez gain, 9a+, 9a eta bi 8c egin ditut bistara, eta motibazioz gainezka itzuli naiz etxera.

Nolakoa da Il domani?

Bistara egin dudan biderik zailena da. Iazko udan, Suitzan egin nuen lehen 9a-koa bistara, Cabane au Canada. Gradua gorena izan arren, bidea ez zitzaidan horren gogorra iruditu, eta berriz ere gradu horretan eskalatu behar nuela sentitu nuen. Patxik [Usobiagak] zabaldutako bide honen berri neukan; banekien askorentzat 9a zailtasunean erreferentziazko bidea zela, eta hala erabaki nuen probatzea. Erronka handia zen: bistara eskalatzean saialdi bat baino ez daukazu, eta dena bikain egin behar duzu, hutsik gabe. Txapelketetan bezala da. Prest nengoen, sasoiko, eta eguraldiak lagunduta egin nuen. Eskalatzen izan ditudan esperientzia indartsu eta hunkigarrienetakoa izan da.

Zer iruditu zaizu Euskal Herriko eskalada?

Bigarrenez egon naiz zuenean, eta herrialde ikaragarria iruditzen zait. Eskalatzeko leku aparta da: urrutira joan gabe, leku ezberdin batean aritu zaitezke egunero. Izugarri gustatzen zait gauza berriak egitea, eta hurrengoan zulagailuarekin etorriko naiz, nik neuk ere zenbait bide hornitzeko. Bestalde, euskaldunekin oso gustura sentitzen naiz beti. Itzultzeko gogoz nago, eta baliteke hurrengoan denboralditxo batez Euskal Herrian bizitzea.

Zer alde dago Txekiako eta Euskal Herriko hormen artean?

Gurean oso haitz gutxi dago, eta, dagoen apurra hornituta dagoenez, oso zaila da gauza berriak aurkitzea. Hareazko eremuak ere badaude, oso interesgarriak, baina haitza bigunegia da, eta ezin dira prestatu bide gogorrak. Zuenean, berriz, kareharriaren kalitatea bikaina da eskalatzeko.

Hilabete honen amaieran Txinara joango zara, Zailtasun Eskaladako Munduko Kopara. Zer helbururekin zoaz?

Helburua beti da ahalik eta ondoena aritzea. Asko entrenatu naiz, eta uste dut emaitza ona izan daitekeela. Ez zait gustatzen irabazi nahi dudala esatea, baina aitortu behar dut hori ere buruan daukadala.

Ramon Julian izango duzu aurkari gogorrena?

Seguru asko, bai. Julianena ikaragarria da: hamar urte baino gehiago daramatza eskalatzen, eta ez dakit nola eusten dion maila gorenean entrenatzeko motibazioari. Urtetik urtera indartsuago dago, gainera. Juliani ez ezik, Jakob Schubert eta Sachi Ammari ere gertutik jarraitu beharko diet.

Munduko Boulder Kopan ere aritu zara oraintsu, Innsbrucken. Nola joan da?

Ez nuen asko prestatu, baina, nire helburuak kontuan hartuta, boulderrean ere aritu behar dut: bide luze eta gogorrak eskalatzeko beti eduki behar baitut indar handia. Nahiko ongi moldatu nintzen, baina zorte handiagoa eduki izan banu, irabazi ere egin nezakeen.

Txapelketak garrantzitsuak dira eskaladan?

Txapelketak kirola dira; eskalada, bizimodu bat. Bi mundu dira, baina biak gustatzen zaizkit. Ez dut uste txapelketek eragin handia dutenik haitz eskaladan, baina egia da txapelketak akuilu handia direla entrenatzeko, indartsu egoteko eta ondoren indar hori haitzean ere baliatzeko.

Orain arte ez duzu entrenatzailerik eduki, baina oraintsu Patxi Usobiagarekin hasi zara.

Oso indibidualista naiz, eta nahi dudana egitea gustatzen zait, beste inork zer egin esan gabe. Orain dela zenbait urte, ezin pentsatuzkoa zen niretzat entrenatzaile bat edukitzea, baina nik ez dakit entrenamenduak antolatzen, ez dakit entrenamenduak nola prestatu behar ditudan egun eta ordu jakin batean sasoiko egoteko. Patxi, berriz, bikaina da horretan. Asko daki, esperientzia handia dauka, eta horregatik erabaki dut haren aholkuei jarraitzea. Konfiantza osoa daukat harengan.

Zeintzuk izan dira orain arteko garairik gogorrenak? Eta onenak?

Sekula ez dut minik hartu, eta ez dut garai oso gogorrik izan orain arte. Buruz, ordea, Golpe de estado bidea (9b, Siurana, Katalunia) probatzea izan zen gogorrena, nire lehen 9b-koa. Ez nengoen ohituta halako bideak probatzen, eta etsita nengoen. Garai gozoak, berriz, asko dauzkat gogoan. Hunkigarriena Il domani bidea egin dudanekoa izan da, baita Change (9b+, Norvegia) eta La dura dura (9b+, Oliana, Katalunia) egin ditudanekoak ere. Garai gozo asko dauzkat buruan, eskalatzea bide zailak egitea eta helburuak lortzea baino askoz gehiago baita.

Nola hasi zinen eskalatzen, eta zer bihurtu da egun zuretzat?

Eskalatzailez jositako familia batean jaio nintzen, eta eskalatzen hastea erabat naturala izan zen niretzat. 3-4 urterekin probatu nuen lehenengoz. 7 urterekin Rockstars liburua irakurri nuen, historiako eskalatzaile onenen informazioa eta argazkiak biltzen dituena. Iruditzen zitzaidan liburuko protagonistek gustatzen zitzaiena egiten zutela eta oso zoriontsuak zirela. Horregatik, neure buruari esan nion nik neuk ere haien modukoa izan nahi nuela [barrez]. Eta, hain zuzen ere, 7 urterekin amesten nuen hura egiten dut egun. Neure ametsa betetzen ari naiz, eta oso zoriontsua naiz!

Eskalatzaile profesionala zara, baina ikasten ari zara.

Txikitatik izan nahi nuen eskalatzaile profesionala, eta horretan dihardut. Hala ere, Ekonomia ikasten ari naiz, edozer gertatuta ere komeni delako bestelako gauzak ere egitea. Ez dakit zer egingo dudan hogei urte barru, baina argi daukat ahal dudan bitartean eskalatzen jarraituko dudala, maila gorenean izan ez arren.

Zer eskalada motatan aritzen zara ondoen?

Orotarikoa naiz; dena gustatzen zait. Hala ere, kosta egiten zait erresistentzia edukitzea, eta horretan gehiago entrenatu behar dut.

Bistara eskalatzea bereziki zaila da, ezta?

Bistara eskalatzea jolas handi bat da. Saialdi bakarra daukazu, eta oker asko egin ditzakezu, zaila delako bidea ezagutu gabe ondo eskalatzea. Ez dakizu presak non dauden, eta haien bila ibili behar duzu. Oso denbora gutxian erabaki asko hartu behar dituzu: denbora asko igarotzen baduzu erabakitzen, asko kostatzen da bidea egitea; erabakiak azkarregi hartzen badituzu, berriz, baliteke okerrak egitea. Esperientzia handia behar da, eta haitzean eskalatzeko sentimendua ere bai.

Nola antolatzen duzu eguneroko bizimodua?

Etxean nagoenean, dena daukat oso antolatuta: entrenamenduak, unibertsitatea, ikasi, neska-lagunarekin egotea, elikadura... Haitzean eskalatzen dudanean, ordea, ordulariari ez begiratzen saiatzen naiz; askatasunaz gozatu, eta ezertan pentsatu gabe aritzen naiz.

Eskalada eta bidaiatzea lotuta daude?

Bai, bidaiatzea eskaladaren alde garrantzitsueneko bat da niretzat. Ni neu mundu osoan barrena ibili naiz; Afrika hegoaldean, Ekuadorren, AEBetan, Australian... Asko dira, baina hala ere, leku asko dauzkat oraindik bisitatzeko! [Barrez].

Gaztea izanagatik, 21 urte, munduko eskalatzaile onenetako bat zara jada. Noraino iritsi nahi duzu?

Ahal dudan lekuraino iritsi nahi dut. Orain eskalatu egin nahi dut, eta kirol eskaladaz ahal dudan guztia gozatu. Baina etorkizunean gauza serioagoak ere egin nahi ditut mendian.

Ametsik baduzu?

Bai, zahartutakoan ere eskalatzen jarraitu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.