Santurtzin (Bizkaia) du bizitokia Sandra Sevillano mendi korrikalariak (Gasteiz, 1984). Han da hitzordua. Europako Txapelketa irabazi berritan, irribarretsu iritsi da elkarrizketara, pozik dago. Azken egunetan lasterketan izandako lesiotik osatzen ari den arren, datorren denboraldira begira jarrita dago dagoeneko, amets asko geratzen baitzaizkio betetzeko; besteak beste, munduko txapeldun izatea, eta Zegama-Aizkorri egitea.
Jada bi aste igaro dira Portugalen ultra distantziako Europako txapeldun bihurtu zinenetik. Nola zaude?
Bi aste hauetan, atseden hartu dut erabat. Ez dut ezer egin, eta gorputzak atseden behar zuen susmoa daukat. Inoiz baino gehiago entrenatu naiz aurten, eta, azkenerako, gorputzak antzeman egiten du.
Azkenaldian egiten ez zenuen zerbait egin al duzu bi aste hauetan?
Etxekoekin denbora gehiago pasatzeko aprobetxatu dut. Bestalde, familian bataio bat ere izan dugu. Baina, batez ere, lasaiago ibiltzeko aukera izan dut. Egunero egin behar izaten dudan errutina erotik aldendu naiz. Normalean baino beranduago jaikitzeko ere baliatu ditut egun hauek. Bikain etorri zait atsedenaldia.
Atsedena ondo etorri zaizula diozu. Sasoia luze egin al zaizu?
Ez, ez, ezta gutxiagorik ere! Niri izugarri gustatzen zait mendian korrika ibiltzea, nahiz eta askotan, azken egunetako eguraldiarekin, gogo handirik ez izan. Egia da aurten ez naizela hainbeste lehiatu, eta, alde horretatik, ez zait hainbeste higatu gorputza. Argi neuzkan helburuak aurtengorako. Azkenaldian, gehienbat, Europako Ultra Txapelketa neukan begiz jota. Aurretik korritu nituen lasterketa gehienak helburu horri begira izan ziren. Portugalera ahalik eta ondoen iritsi nahi nuen.
Hara iristeko bidea, ordea, ez da erraza izan.
Ez. Aurretik jokatu nituen bi lasterketetan, Trail Valle de Tenan [Aragoi, Espainia] eta Ultra Pirineun [Baga, Herrialde Katalanak], erretiratu egin behar izan nuen, urdaileko arazo batzuk zirela medio. Ultra Pirineun erretiratzeak min handia egin zidan. Izugarrizko kolpea izan zen animikoki! Banekien oso indartsu nengoela, bikain entrenatzen ari nintzela. Baina ezin izan nuen barruan neramana atera. Ez nuen ezer erakutsi beharrik, baina arantza handia gelditu zitzaidan. Neure buruari esan diot datorren urtean lasterketa hori amaitu egin behar dudala, nahitaez! Orain, Europako Ultra Txapelketa irabazita,arantza atera dut.
Urtea nola antolatu zenuen?
Belauneko lesio luze batetik nentorren. Denbora asko pasatu nuen zer nuen ere ez nekiela. Pentsa, azkenerako, Cadizeraino [Andaluzia, Espainia] joan behar izan nuen podologo batengana! Han konturatu ziren dena oinatzetik zetorrela. Konturatzerako, martxoan nengoen. Bi hilabete besterik ez neukan Tenerifeko [Kanaria uharteak, Espainia] Bluetraillasterketarako [74 kilometro, +4.337 metro]. Lan handia egin nuen han egoteko. Banekien lehen hiruetan sailkatuz gero Vall de Boin [Lleida, Herrialde Katalanak] jokatzekoak ziren munduko txapelketarako hautatuko nindutela. Eta hori zen nire asmoa. Baina han hasi ziren azkenaldian hainbeste buruhauste eman dizkidaten urdaileko arazoak. Konturatzerako, lasterketaren lehen kilometroetan, beherakoa izan nuen. Hiru aldiz ere gelditu behar izan nuen, eta azkenean laugarren sailkatu nintzen. Izugarri sufritu nuen, eta helmugan negarra egin nuen! Gogorra izan zen.
Munduko txapelketara ez joateak berekin ekarri zuen denboraldia berriro antolatzea?
Helburuak aldatu behar izan nituen, bai. Orduan, Europako Ultra Txapelketei begira jarri nintzen. Hurrengo lasterketetan, bertan egoteko ahalegina egin beharra neukan. Udan, Anetoko Bira egin nuen [Aragoi, Espainia, 55 kilometro eta +3660 metro], eta izugarrizko lasterketa atera zitzaidan. Irabazi egin nuen. Asko gozatu nuen, eta indartsu ikusi nuen neure burua! Ondoren atera ziren Europako Ultra Txapelketetara joateko korritzea beharrezkoak ziren lasterketak. Haien artean zeuden Valle de Tenakoa eta Ultra Pirineu. Ez batean eta ez bestean ez nuen zorterik izan. Aipatu bezala, bi lasterketetan etxerako bidea hartu behar izan nuen urdaileko arazoengatik. Ultra Pirineutik itzultzean, pentsatu nuen horrela ezin nuela jarraitu, etaCesar Canalesen eskuetan jartzea erabaki nuen, Espainiako selekzioko medikuarenetan.
Ultra distantziako lasterketa batek ez, baizik eta Malagan (Andaluzia, Espainia) Espainiako Kopan lortutako bigarren postuak eraman zintuen Portugalgo Ultra Txapelketara.
Hala da, bai! Ultra distantziako txapelketara joateko aukera zapuzten ari zela ikusten nuen, eta Espainiako Kopako lasterketara joateko hautua egin nuen. Distantzia txikiagoko proba bat ere bazen Europako Txapelketan, eta hara joateko ahalegina egin nahi nuen. Distantzia hartan ere ondo molda nintekeela pentsatu nuen, eta saiatzea erabaki nuen. Ordurako, medikuarekin proba batzuk egiten hasita nengoen elikadurarekin, eta urduri samar joan nintzen. Azkenean, bigarren amaitu nuen Malagan, baina ultra distantziako Europako Txapelketara joateko erabakia hartu zuten azkenean Espainiako selekzioko hautatzaileek.
Urdailaren arazoa nahiko zabaldua dago ultra korrikalarien artean. Nola kudeatu zenuen arazoa Europako Txapelketarako?
Ordurako jada nahiko ondo neraman urdaileko arazoa. Canalesek hasieratik asmatu zuen zein zen nire arazoa. Argi utzi zidan urdaila ere entrenatu egin behar dela, eta sei hilabete ere joan daitezkeela bidean. Konturatu ginen kalte egiten zidala, esaterako,irasagarrak. Ordura arte asko jaten nuenlasterketetan. Bestalde, lasterketa bezperako afarian eta aurreko gosarian, gutxiago janda joan behar nuela gomendatu zidan. Zortzi urte neramatzan beste dietista batekin, eta aldaketa egitea gogorra egin zitzaidan. Baina onerako izan dela iruditzen zait. Europako Txapelketa irabazi izanaren parte handi bat Cesar Canalesi zor diot.
Nola gogoratzen duzu Europako Txapelketako lasterketa?
Hara joan aurretik ezagutzen nuen ibilbidea. Banekien harri askoko ibilbidea zela, eta, horretarako, Europako mendietan aritu nintzen entrenatzen. Lasterketa baino lehen, nire asmo bakarra irabaztea zen. Buruan iltzatuta neukan irabazi egin behar nuela, bere garaian Espainiako Txapelketa irabazi nuen antzera. Baina ultra batean gauza asko gertatzen dira, eta zailtasun handiak izan nituen irabazteko.
Lehia estua izan zenuen bi errusiarrekin.
Bai, lan handia eman zidaten, gehienbat Varvara Xikanovak. Ibilbidea ez zegoen batere ondo markatuta, eta hiru aldiz ere galdu nintzen. Une oro hirurak joan ginen lasterketaren lehen postuetan. Igoeretan atzean uzten nituen, baina 23. kilometroan orkatila okertu nuen, eta jaitsieretan beldurrez joan nintzen. 52. kilometrora arte ezin izan nuen atzean utzi, eta handik aurrera abantaila kudeatzen joan nintzen. Ez nindoan oso indartsu azken kilometroetan, baina erritmo onean amaitu nuen. Azken jaitsiera arriskutsu samarra zen, baina helmugara iristea izugarria izan zen.
Lasterketa amaituta, inoiz egin duzun lasterketarik gogorrena izan dela aipatu zenuen. Hainbesterako izan zen?
Bai, eta pentsa, korritu ditut lasterketa batzuk-batzuk! Suitzan ere antzeko lasterketa bat korrituta nengoen, baina Portugalgoa izugarria izan da! Oso hauskorra iruditu zitzaidan, eta aldi berean oso teknikoa.
Azken sasoi hau, aldaketena izan da zure kirol bizitzan. Medikuaz gain, entrenatzailea ere aldatu duzu. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Octavio Perez entrenatzailearekin egindako urteak oso onak izan dira, baina aldaketa bat behar nuen. Azken urtean, ulertzeko zailak diren gauza batzuk pasatu zaizkit harekin. Nire gainean egongo zen pertsona bat behar nuen, eta, alde horretatik, nahiko urrun ikusi dut Perez. Jende asko entrenatzen du, eta agian horregatik izango zen. Orain arte lortutako emaitza guztiak eskertu nizkion, baina aldatzeko garaia zela erabaki nuen. Geroztik, Roge Maciasekin nabil, eta oso gustura nago. Gauza berriak egiten ari naiz azkenaldian, eta asko aldatu dira entrenamenduak. Lehen, askotan, 6-7 orduko entrenamendu luzeak egiten nituen ultra distantziara begira; orain, aldiz, korrika eta bizikleta uztartzen ari naiz, eta entrenamenduak ere ez dira hain gogorrak.
Zure emaitzarik onenak azken hiru edo lau urteetan lortu dituzu. Oraindik ere amets asko gelditzen al zaizkizu betetzeko?
Bai, bai! Oraindik munduko txapeldun izatea geratzen zait: hori dut amets. Ez dakit zein den nire sabaia; beraz, lehiatzen jarraituko dut. Lasterketei begira, oraindik Zegama-Aizkorri egiteko daukat, eta egunen batean Chamonixko Ultra Traila probatzea ere gustatuko litzaidake.
Azken urteetan gertatzen ari den antzera, aurten ere ultra distantziako bi edo hiru munduko txapeldun izango dira, federazio edo zirkuitu ezberdinen ondorioz. Noizko egutegi eta zirkuitu bateratu bat?
Urte amaieran askok eta askok egiten dugun galdera izaten da. Zein izan da aurtengo munduko txapelduna? Ez da erraza jakiten! Oso gai korapilatsua da. Ez dago akordiorik gai honen inguruan. Niretzat, mendi lasterketek mendi federazioaren esku egon beharko lukete, baina dirua mugitzen duen federazioa atletismoko federazioa da. Halere, argi daukat benetako lasterketak dauden zirkuitua mendikoa dela. Bertan daude mendi-mendiko lasterketak; alpinoak, teknikoak, gogorrak... Ez dut erraz ikusten akordio batera iristea, baina ederra izango zen lortzea. Korrikalariek gaur egun ez dakigu ondo zein zirkuitutarako edo federaziotarako ari garen korrika. Gaur egun, gehienak zirkuitu pribatuak dira, eta korrikalariak azkenean nora joaten dira? Dirua mugitzen den tokira. Kontu jakina da hori.
Mendi lasterketek olinpiar kirol izan nahi badute, posible ikusten duzu baldintza horietan izatea?
Ez, horrela ezin da olinpiar kirol izan. Niri asko gustatuko litzaidake egunen batean olinpiar kirol izatea, eta iruditzen zait gaur egun atletismoko federaziotik joanda izango litzatekeela olinpiar kirol izateko aukera handiena. Niri, aldiz, mendiko federaziotik joatea gustatuko litzaidake. Mendi lasterketen historian, denbora gehien daraman federazioa da mendikoa. Haiek hasi ziren mendiko lasterketak antolatzen, baina, baldintza hauekin, oso zaila da kirol profesionala izatea, eta are zailago olinpiar kirol izatea.
Sandra Sevillano. Mendi korrikalaria
«Txapeldun izateak azken lasterketako arantza ateratzeko balio izan dit»
Bi aste besterik ez da igaro Sandra Sevillanok International Skyruning Federationeko Europako Ultra Txapelketa irabazi zuenetik. Portugalgo Pisao Extreme lasterketan izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu