Joaten den lasterketa guztietan, bai mendiko eskian edo bai mendiko lasterketetan, bera izaten da faborito nagusia azken garaipenerako. Berdin dio ondoan zein izan. Beti itzalean joan beharko baitu. Aurtengo Open Altitoy Ternuan ere, halaxe izan da. Kilian Jorneten izenak haren bikote Jacob Herman eskiatzaile austriar handia ere txiki utzi du. Lagunarekin ere ederki moldatzen dela erakutsi du Jornetek. Asteburuan, Baregesko eta Luz Ardidengo eski estazioan (Okzitania) jokatu da urtero hainbat eta hainbat mendiko eskiatzailek hain gustuko duten proba.
Bi egunetan jokatzen den probak eguraldiaren aurkia eta ifrentzua izan zituen: larunbatean,alde; igandean, ez hainbeste. Hala ere, aurreikusitako ibilbideak egin zituzten ia-ia bere osotasunean. Azken egunetan izandako elur-jausien ondorioz, bigarren eguneko ibilbide gehiena Luz Ardidengo eski estazioan egin behar izan zuten eskiatzaileek.
Bi egunetan nahiko lehia estua izan zuten garaileek beste hiru bikoterekin: Michele Boscacci eta Nadir Maguetekin; Matteo Eydallin eta Damiano Lenzirekin (bi bikoteak italiarrak); eta Xavier Gachet eta William Bon Mardion frantziarrekin.
Larunbatean eta igandean antzeko hasi ziren lasterketak. Bon Mardion eta Gachetek osatutako bikoteak lehen postua hartu zuen hasieran. Atzetik, Jornet eta Hermanek ez zieten atsedenerako tarterik uzten. Frantziarren txakalaldiak bikote irabazlearen erakustaldia ekarri zuen helmugan, eta irabazi egin zuten. Atzetik, frantziarrak. Atzerago, bi bikote italiarrak. Igandean ere antzeko irteera izan zuen lasterketak, baina azken emaitza aldatuz joan zen. Jornetek eta Hermanek berriro ere irabaztea lortu zuten, baina bigarren posturako lehian, ordea, Boscacci eta Maguet gailendu ziren. Bi egunetako denborak kontuan hartuta, Jornet eta Herman izan ziren garaile, 4.27.14ko denborarekin. Atzetik, hurrenez hurren, Gachet eta Bon Mardion (4.30.17) eta Boscacci eta Maguet (4.31.26) sailkatu ziren.
Lehen euskal herritarra, Pantxo Saint Martin senpertarra izan zen 10. postuan, Antoine Rodriguez frantziarrarekin bikote eginez. Lehen bikote euskalduna Iñigo Martinez de Albornozek eta Pablo Oderizek osatutakoa izan zen, 13. postuan. Horien atzetik sartu ziren Iban Letamendi eta Aritz Egea 22. postuan, eta atzerago, Javi Dominguez eta Arkaitz Irureta 31.ean, Iñigo Lariz eta Igor Alzelai 32.ean. Emaitza bikainak aurten ere euskaldunek, aintzat hartuta Grande Courseko proba dela.
Quincoces, bosgarren
Emakumeetan denen ahotan zeuden faboritoek irabazi zuten: Alba de Silvestrok eta Katia Tomatisek. Bi egunetan irabazi zuten, eta atzetik izan zituzten bikoteak ere postu berean amaitu zuten bi egunetan. Helmugan, 5.29.39ko denbora behar izan zuten. Sailkapen orkorrean 12. postuan amaitu zuen bikote italiarrak. Uste baino abantaila handiagoa atera zieten Jennifer Fietcher suitzarrari eta Axelle Mollaret frantziarrari (5.40.01) eta Mireia Miro eta Marta Garcia kataluniarrei (5.47.27).
Nahia Quincoces mendexarra zen emakume euskaldunen artean aukera gehien zuena. Orain bi urte Altitoyn bertan izandako lesio larriaren ondoren, berriro ere onena emateko prest agertu zen Marta Riba bikotearekin. Bi egunen ostean, bosgarren postuan amaitu zuten sailkapenean.
Euskal bikoterik onena Lide Leibarrek eta Igone Camposek osaturikoa izan zen, zortzigarren. Kontuan hartzekoa da, bestalde, Izaskun Zubizarretak eta Fermin Illarregik bikote mistoetan lorturiko lehen postua.
Urte bateko atsedenaldia
Urtero bezala, eguraldia izan zen hizpide bi egunetan. «Larunbatean, eguzkia eta tenperatura atsegina, baina haize bolada oso bortitzak izan genituen; baina, dena den, lasterketa aurreikusita bezala mantendu genuen», dio Ander Sistiaga antolatzaileak. Igandekoarekin ere, lasterkariak helmugara iritsiz zihoazen neurrian, denek iritzi bera zutela nabarmendu du: «Lasterketa oso polita izan zela zioten irribarre handi batekin». Balorazio positiboa egin zuen proba amaitu berritan. «Batetik, onenak oso pozik ikusi ditugu, denboraldiko lasterketa luze eta teknikoak hasi baitira Altitoy-Ternuarekin batera; bestetik, eskiatzaile herrikoi mordoa izan dugu gure lasterketaren arima eta giroa mantentzen».
Asteburuko albistea, ordea, sari banaketan eman zuten antolatzaileek. Vasco de Campingeko presidente Txema Garaik aditzera eman zuen datorren urtean atsedenaldia hartuko dutela. Ez zuen zehaztasun handirik eman, baina, lehen informazioen arabera, diru laguntzak eta lasterketa beraren gastuak izan daitezke oztoporik handienak. Hala ere, eskiatzaileen lasaitasunerako, argi utzi zuten 2020an berriro ere lasterketa jokatuko dela.
Open Altitoy Ternua
Txapelak buru berean dirau
Kilian Jornet-Jacob Herman eta Alba de Silvestro-Katia Tomatis bikoteek irabazi dute asteburuan Open Altitoy Ternua, nagusitasunez. Euskaldunak txukun aritu dira. 2019an ez da probarik izango, eta 2020an bueltatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu