Mendia. Pirena 2012. Itoitz Armendariz. Lera gidaria

«Txakurrik gabe ez naiz ni»

Lehenengoz parte hartu du bere txakurrekin Pirena lasterketa ezagunean, eta pozik dago 6. postuan bukatu dutelako. Proban bizitakoez eta 'musher'-en eta txakurren arteko harremanaz hitz egin du Itoitz Armendarizek.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Elsa, Jai, Sorgin, Goiz, Ipar, Lur... hamahiru txakur ditu Luko herriko etxean Itoitz Armendarizek (Eskoriatza, 1979). Arabako herri txikian bizi da, txakurrekin. Lehenengoz irten da haiekin Pirena lasterketan, eta 6. postuan bukatu dute. Armendariz gustura dago emaitzarekin, pozik. 2005ean ere parte hartu zuen Pirenan, «baina ordukoan lagun baten txakurrekin, eta ez da gauza bera». Pirenatik bueltan egunerokora itzuli da, eta goizez Arrasateko Fagorren lan egin ondoren eta txakurrei jaten eman aurretik, erantzun ditu galderak.

Gustura al zaude egin duzuen Pirenarekin?

Emaitzarekin eta egindako lanarekin bai. Seigarren postua handi geratzen zaidala uste dut, lehenengo Pirena nuela kontuan hartuta. Aurreneko hamabien artean sailkatuta gustura nengokeela esaten nion laguntzaileari, eta lehenengo hamarretan sartzea ametsa zatekeela. Sinetsi gabe nago oraindik. Hurrengo urterako erronka dakar emaitza horrek: Pirenara itzultzen banaiz, seigarren postua berdindu edo hobetu beharko dut.

Ezustea izanagatik, egindako lanaren emaitza izango da, ezta?

Badut pena bat: elurretan entrenatzeko aukera gutxi izan dugu. Urtea hasi arte apenas egin duen elurrik Pirinioetan, eta, Norvegiara edo Suediara joateko dirurik ez dudanez, oporrak hartu eta urtarrilean Alpeetan 12 entrenamendu egiteko modua izan dut, nahi baino egun gutxiago.

Nolako Pirena izan da aurtengoa?

Zuritik beltzera joan gara. Lehen eguneko eta azken etapako argazkiak alderatuz gero, antzekotasunik ez lukete izango. Hasierako egunetan apenas zegoen elurrik, eta zegoena txakurrentzat aldrebesa zen, oso gogorra. Candanchuko etapa, adibidez, ikusleei eta babesleei erantzun bat emateko jokatu genuen. Azken etapan, Plateau de Beillen, kontrakoak ziren baldintzak: ikuslerik ez eta elur baldintzak ikusgarriak. Musher guztiak hasi ginen moralez baxu, Pirinioak elurrik gabe ikusten genituelako, baina egunak aurrera joan ahala mendiaren baldintzak eta gure morala parean joan dira hobetuz. Pirena aste bete geroago jokatu balitz, ikusgarria izango zatekeen.

Lasterketari dagokionez, betikoak izan dira aurrean: Tom Andres, Iker Ozkoidi... Haiengandik gertu ikusi al duzu zeure burua?

Pentsatzen nuena baino gertuago, behintzat, ibili naiz. Amets bat bete dut, eta nire idoloekin lehiatzen aritu naiz. Niretzat handia izan da Iker, Andres eta beste hainbatekin lehiatzea.

Leratik tira egitea taldeko lanaren emaitzaal da?

Txakurrek, musher-ak eta laguntzaileak osatzen dute taldea. Txakurrek egiten diote tira lerari, musher-ak gidatzen du lera, eta laguntzaileak [transfer deitzen zaio] ezinbesteko laguntza ematen du: txakurrei jaten ematen eta oinak zaintzen lagundu, bidaietan gidatu, une txarretan animoak eman... Ni neu Iker Ozkoidiren transfer aritu nintzen.

Eta noiz hasi zinen zure txakur taldea osatzen?

Duela lau urte sortu zitzaidan etxea erosi eta horretara bideratzeko aukera. Lauurte egin ditut txakur taldea prestatzen, ez delako goizetik gauera prestatzen. Txakur kumeak atera behar dira, zaindu eta jaten eman...

Nola moldatzen zara egunerokoa zaletasunarekin uztartzeko?

Diru laguntzaren bat jasotzen dugu federaziotik, baina ez gara profesionalak; zaletasuna dugu mushing-a. Pertsona arruntak gara, langileak, eta gastuak gure poltsikotik ordaintzen ditugu. Bizitzeko soldata bat behar dugu. Lanean ditudan opor eta librantza guztiak txakurrekin entrenatzeko eta haiekin egoteko hartzen ditut. Laguntza guztiak dira ongi etorriak, eta, nire kasuan, Ternua etxeak jantziekin laguntzen dit eta Kataluniako Acana etxeak pentsuarekin. Aurrera egiteko, lagungarriak ditut biak.

Pirenan lehen aldiz parte hartu duzula diozu, baina 2005ean ere irten zinen.

Orduko hartan Andoni Azpillaga azpeitiarraren txakurrekin parte hartu nuen. Azpillagari txakurrekin entrenatzea gustatzen zaio, baina lehiatzea ez. Pirenan parte hartu nahi banuen hark txakurrak prestatuko zizkidala esan zidan. Ilusio handiarekin joan nintzen, lehenengo Pirena nuelako. Baina denborarekin jabetu nintzen beste baten lanaren emaitza izan zela ordukoa, eta txakurrekin ez nuela norberarenak direnean sortzen den feeling-a.

Zer arrazatako txakurrak dira?

Gurutzatze baten emaitza dira, ehiza txakur eta husky nahasketa. Bertatik irteten diren txakurrak dira lerari tira egiteko aproposenak; huskyetatik tira egiteko sena hartzen dute, eta ehiza txakurretatik atletikotasuna.

Pirenan zenbat txakurrek parte har dezakete?

Gehienez hamalau eraman daitezke, baina etapa bakoitzean sei eta hamabi txakur artean aukeratu behar dira. Etaparen ezaugarrien edo elur baldintzen arabera, epaileek erabaki dezakete zenbat txakurrekin lehiatu behar dugun. Guk geuk egiten dugu aukeraketa, eguneko etaparen ezaugarrien arabera: profila, luzera, elurra edo izotza dagoen...

Estrategia eskatzen du, beraz.

Garrantzitsua da hurrengo egunean zer datorren aurreikustea. Horren arabera, oreka batekin egiten dugu aukeraketa, lasterketan ahalik eta denbora gutxien galtzeko asmoarekin. Pirena lasterketa bat baino gehiago da; estrategia bat prestatu behar du musher bakoitzak. Txirrindularitzako Giroarekin edo Tourrarekin aldera daiteke, eta zure taldean esprinterrak eta eskalatzaileak aukeratu behar dituzu.

Zer da garrantzitsuena lera gidari eta txakurren arteko harremanean? Nola lantzen duzu hori?

Urte osoko lanaren emaitza da. Txakurrak kaiolan sartu, eta zortzi hilabetez haiengana jaten ematera eta gorotza jasotzera joaten denak nekez lortuko du harreman esturik. Txakurrentzat jolasa da leratik tiratzea, eta haiei eskaintzen eta ematen dieguna ekarriko digute bueltan. Urte osoan eskaini behar zaie arreta, eta neurrian entrenatu behar dira.

Elurrik ezean, prestaketa nola antolatzen duzue?

Beroa da txakurrentzat gogorrena, eta kontuz ibili behar dugu. Maiatzetik ekainera bitartean bizikletan ibiltzera joaten naiz, eta txakurrak nirekin eramaten ditut, libre. Uztailean eta abuztuan piraguan ibiltzera joaten naiz Landara, txakurrek igeri egin dezaten; ura 18 gradutik behera egoten da, eta txakurrak indartu egiten dira igerian. Lurrean tiraka hasten direnerako prestaketa ona da hori, lesioak saihesteko modua.

Eskoriatza utzi eta bizitzera Lukora joatea txakurrekin harremana indartzeko bidea izan al duzu?

Eskoriatzan txakurrentzat lur sail bat aurkitzea garesti zegoen, eta nik txakurrekin bizi nahi nuen. Harremana hoztu egiten da aparte bizita; egunean bi edo hiru orduz egongo zara haiekin, ez gehiago. Lanetik hurbil eta txakurrekin bizitzeko aukera emango zidan etxea Lukon bilatu dut. Ederra da esnatu, leihoa ireki etatxakurrak begien aurrean ikustea. Txakurrak nirekin bizi dira, eta badakite etxean nagoenean ni haiekin nagoela.

Nolakoa da zuen arteko harremana?

Txakurrik gabe ez nintzateke ni izango, eta txakurrak ni gabe... tira, ez naiz nor haiek zer erantzungo luketen esateko. Dakidana da ez nukeela nire bizitza txakurrik gabe ulertuko, eta oso garrantzitsuak direla nire bizitzan. Ia bost urte egin nituen txakurrik gabe, eta inguruko musher-engana jotzen nuen txakurrekin egotera...

Elikadura berezia al dute?

Bai, noski; atleten parekoa. Benetako kirolariak dira txakurrak, eta bi astez egunero korrika kilometroak egiten dituen txakurrari beharraren araberako elikadura eman behar diogu. Badira pentsua ematen dietenak, baina nik nahiago dut haragia eman; txakurra haragijalea delako. Bitaminak ematen dizkiet, arroza, pentsu pixka bat, izokin olioa, eta artikulazioak zaintzeko elikagaiak.

Zer beste proba dituzu begiz jota?

Elur gainekoei erreparatzen diet nik, lur gainean elurretan baino gehiago sufritzen dutelako txakurren giharrek. Hurrengo asteburuan Europako Txapelketan parte hartuko dut, Frantziako Jura eskualdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.