Daniel Arenas. 'Bikejoring'-eko gidaria

«Txakurrek ia ez dute hutsik egiten; gidariok, ordea, bai»

'Bikejoring'-ean hasi berritan, beteranoen mailako munduko txapelketa irabazi du, maiatzean, Sua txakurrarekin, eta, orain, denboraldi berria prestatzen ari da, ikasten segitzeko asmoz

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
Galdakao
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Txakur krosean, txakurra eta korrikalaria elkarri lotuta joaten dira; bikejoring-ean, berriz, txakurra mendiko bizikletari lotzen zaio. Kirol ezezaguna da Euskal Herrian, baina goi mailako kirolariak ditu, Daniel Arenas (Elgoibar, Gipuzkoa, 1976) eta Sua, esaterako.

Bikejoring-ean ibiltzen zarelako zara ezagun, baina gaztetan zer kirol egindakoa zara?

Mendian asko ibilitakoa naiz, baita atletismoan eta txirrindularitzan ere. 17 urterekin edo, ehizan hasi nintzen, nahiz eta etxean denak ekologista hutsak ziren.

Ehizan urte batzuk egin zenituen txapelketetan, mendian korrika hasi aurretik.

Txakurrak beti izan ditut gustuko, eta beti ibili izan naiz txakurrekin. Elgoibarko Patxi Arriola ezagutu nuen, oilagorretarako izugarrizko zaletasuna zuen ehiztaria, Espainiako txapeldun izana. Harekin hasi nintzen txapelketetan, eta epaile moduan. Ehiztari bakoitzak epaile bat eraman behar izaten du txapelketetara, eta gero zozkatu egiten da epailea. Ardura handia da epaile izatea. Ezinbestekoa zen sasoian egotea, eta horregatik hasi nintzen mendian korrika. Orduan inor ez zen mendian korrika ibiltzen. Pentsa, Zegama-Aizkorriko eta Galarleiz Maratoiko lehen aldiak egindakoa naiz. Urte batzuen ostean, lasterketak uztea erabaki nuen.

Zergatik?

Konplexu handia nuelako. Oso-oso argal nengoen, eta gimnasioan entrenatzen hasi nintzen. Begirale lanetan ere aritu nintzen, spinning klaseak ematen, Bilbon. Entrenatzaile pertsonal Eibarren eta Durangon. Egun guztia autoan pasatzen nuen. Gimnasioan aritzen nintzenez eta erdibiderik ez dudanez, kulturismoan hasi nintzen. Oso indartsu jartzea lortu nuen, eta Espainia iparraldeko txapeldun izan nintzen. Baita Espainiako Kopako txapeldunorde ere. Zazpi urte egin nituen kulturismoan, baina gauza arraroak ikusten hasi nintzen, eta mendira itzultzea erabaki nuen.

Itzuli bai, baina beste diziplina batean: arroilen jaitsieran. Gero, berriro mendiko lasterketak eta orientazio probak. Eta, azkenean, bikejoring-a.

Nire bikotekideak eta biok ibilbide luzeak egiten ditugu udan: Txekiar Errepublikara, Esloveniara... Eslovenian txakur krosa ezagutu genuen, eta probatzeko gogoa sortu zitzaidan. Etxera itzultzean, txakur baten bila hasi ginen. Halako batean, Bilboko Udaltzaingoaren txakurrekin lan egiten duen lagun batek deitu zidan, esanez belgiar malinois artzain-txakur arrazako txakur bat iritsi zitzaiela. Zalantzak nituen. Oso etxe txikia dugu, eta dena apur zezakeela iruditzen zitzaidan. Hala ere, ikustera joan ginen. Handik bi egunera, haren bila jo genuen. Inoiz egin dugun gauzarik onena izan da Sua etxera ekartzea.

Azkar hasi zinen Suarekin lehiatzen.

Bai; lehenik, Bizkaia Kopa Trail zirkuituan. Lasterketa guztietan podiumean sartzea lortzen genuen, eta txakurra zaildu genuen lehen urtean. Lasterketak motzak ziren, baina txakurra oso ondo ibiltzen zen; nik, ordea, lehertuta amaitzen nituen. Medikuarengana joan nintzen, eta betikoa, Ventoline hartzeko esan zidan. Bihotz maiztasun altuan ibiltzen nintzen, eta jabetu nintzen ezin nuela horrela jarraitu. Esfortzu proba bat egin nuen, eta medikuak esan zidan bihotzeko balbula batek ez zuela ondo funtzionatzen, une batetik aurrera balbula ez zela gai izango behar nuena emateko. Kirola aldatzeko gomendatu zidan.

Zergatik bikejoring-a?

Albistea jaso eta gero, kopan bigarren postuan nengoen, eta irabazteko aukerak nituen. Parte hartzea erabaki nuen, beldur pixka batekin, eta kopa irabaztea lortu. Hala ere, ezin nuen horrela jarraitu, eta bikejoring-a probatzea erabaki nuen. Lehen lasterketan, Hondarribian, denetarik pasatu zitzaigun: txakurra erotu egin zen, beste txakurren atzetik abiatzen zen, kolpetik gelditu ere bai, kaka egiteko geratu... Hala ere, bizikletarekin ibiltzera moldatu zen. Beteranoen artean eta nire mailan, belgiar artzain txakurren arrazakoen artean, munduko txapelketarako sailkatzea lortu nuen. Han hasi zen gure ibilbidea.

Azkar erabaki al zenuen munduko txapelketara joatea?

Hautatzaileak sailkatuta geundela esan zigunean, sorpresa izan zen. Txekiar Errepublikan jokatu behar zen. Guk erabaki behar genuela esan zigun, eta bagenuela lehiatzeko gaitasuna. Berotu egin ginen, eta joatea erabaki genuen. Txapelketaren aurreko lasterketa guztietan lehiatzen hasi ginen, eta, txapelketa ondo prestatzeko asmoz, Alejandro Gomez maratoilari ohiarekin harremanetan jarri nintzen, lera gidaria baita.

Entrenamendu bereziak egin zenituen?

Bai; nik ultra lasterketa batzuk egin nituen, baina txakurrarekin ibiltzea eskatzen zuen; serieak maldan gora; intentsitate handiko entrenamenduak... Oso hilabete gogorrak izan ziren: nire lasterketak, Suarekin entrenamenduak, lana...

Ondo iritsi al zineten munduko txapelketara?

Bai. Nik Nafarroa Xtreme lasterketa egin eta bi egunera abiatu ginen Txekiara. Bi bizikleta hartuta, txakurra... Gelditzen ginenean, entrenatzeko aprobetxatzen genuen. Dena neurtuta eraman genuen.

Festa handia izaten omen da munduko txapelketa.

Belgiar arrazako diziplina guztietako munduko txapelketa jokatu genuen guk. Mundu guztitik joandako jendea elkartu ginen. Mila txakur inguru. Izugarrizko festa izaten da; pentsa, aparkalekuak lau futbol zelairen neurriko zabalera hartzen du. 9.000 euroko atoiak ere ikusten ziren, musika eta guztirekin. Txakurrentzat bizi dira asko.

Nola antolatu zinen?

Lasterketa baino egun pare bat lehenago, ibilbidea aztertu nuen. Egokia iruditu zitzaidan, baina harri dezente zegoen, eta Suak min hartzen du oinetan. Irten aurretik, bi faborito ezagutu nituen, suitzar bat eta belgiar bat. Suitzarrarekin berriz ibilbidea aztertzera joan nintzen, haren gabeziak ikusteko. Galdetu zidan ea ibilbidea ezagutzen nuen, eta nik erantzun nion ez nuela ezagutzen. Dena ezin da kontatu [barrezka].

Erlojuaren aurka jokatu zenuten lasterketa. Kasualitatez, suitzarra izan zenuen aurretik.

Bai, zerrenda jarri zutenean ikusi nuen hura izango nuela aurretik. 30 segundoren tartearekin irteten ginen. Seinale bat zen. «Eta harrapatuko banu?», galdetu nion neure buruari. Baina bikotekideak esaten zidan oso zaila izango zela lau kilometroan alde hori jatea. Oso azkar ere ez nintzen atera, baina konturatzerako suitzarraren atzean jarri nintzen. Biok paretsu joan ginen, baina azken unean aurreratu nuen. 38 segundo atera nizkion. Lehen postuan jarri nintzen.

Bigarren egunean eutsi egin zenion abantailari.

Bai; ibilbide luzeagoa zen, baina ez nuen konfiantzarik nahi. Katea ere atera zitzaidan; aldapan behera, Sua sufritzen zihoan, baina ez nuen estutzeko asmorik. Azkenean, aldeari eutsi nion, eta beteranoen mailan irabazi nuen.

Zuen diziplinan ezinbestekoa da txakurrarekin konplizitate osoa izatea. Nola lortzen da hori?

Harekin denbora asko pasatuta. Txakur krosean ezberdina da, zuri lotuta doalako, baina bizikletan eskulekuari lotuta joaten da. Hala ere, denboraren poderioz, txakurra ulertzen duzu. Ni, gainera, harekin bizi naiz, eta haren seinale guztiak ezagutzen ditut. Txakurrek ia ez dute hutsik egiten; gidariok, ordea, bai. Aurten jauzi handia eman dut arlo horretan.

Zenbat kostatzen da munduko txapelketa jokatzea?

Pentsa, hiru mila kilometro egin genituen orotara, eta gasolio litroa 1,6 euroan dago Europan zehar gutxi gorabehera. 800 euro izan ziren. Egia da joan aurretik babesle batzuek laguntza txiki bat eman zigutela, baina erakundeetatik ez genuen ezer jaso. Horri, lan egiten ez duzun astea gehitu behar zaio.

Aurten berriro ere lehiatzeko asmorik ba al duzu?

Oso zaila da; zalantza asko ditut. Berriro ere ate joka hasi gara erakundeetan, baina denek erantzuten digute epez kanpo gabiltzala.

Ametsa al da?

Gustatuko litzaidake, baina lehenik Espainiako Kopa osoa egin behar dut, eta lasterketa guztiak kanpoan dira. Sailkatuz gero, munduko txapelketa Belgikan edo Errumanian jokatuko da. Belgikan balitz, pentsatu egin beharko nuke; Errumanian jokatzen bada, ahaztu, ez naiz joango. Ezin ditut berriro ere ia mila euro gastatu gasoliotan bakarrik. Irailean eta urrian oso txosten polita prestatu dugu, eta 500 mezu bidali ditugu. Badakizu zenbatek erantzun duten? Lauk, ezetz esateko.

Ez al du ezer balio munduko txapeldun izateak?

Badirudi ezetz. Babesle batzuen laguntza badugu: Peugeot Etormobil, Zuzen Adventure Team, Petkis Premiun Barf txakurren janaria, HG Sport arropa... Baina ez da nahikoa. Gehienez autobideko gastuak ordaintzen ditut hala.

Zenbat entrenatzen duzu?

Gehienez ere hiru egunetan ateratzen naiz txakurrarekin, nahiz eta nik sei egunetan entrenatzen dudan. Txakurra bi egunetan eramaten dut lotuta entrenatzeko.

Etorkizunean segitzeko asmorik baduzu?

Gure asmoa da Frantzian lehiatzea. Iparraldera joan nahiko genuke lasterketetara. Urte askoren aldea ateratzen digute; txakurrari miresmen handia diote. Zirkuituak ezberdinak dira, gorabeheratsuagoak. Hemen, berriz, lursail batean jokatzen dira gehienak. Txakur azkarrenak irabazten du beti; ez du senik behar.

Txakurrak gutxik bezala zaintzen omen dituzu.

Bai, ezinbestekoa da. Ez dute pentsurik jaten. Dieta berezia dute; babesle batek laguntzen dit horretan. Denetik jaten dute: haragia, barazkiak eta fruta ere bai. Urte guztiko dieta daukate orain ditudan bi txakurrek. Bi izozkailu erosi behar izan ditut haien haragia izoztuta mantentzeko, eta autokarabana ere haientzat moldatu behar izan dugu.

Zer da zuretzat Sua?

Seme baten antzekoa da. Ahalik eta ondoen egotea da gure helburua, ondo jan dezala, eta pozik egon dadila. Lanerako txakur bat bada ere, estimulu handiak behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.