Mendia. Mendiko eskia

Tom Andresek eskura du Pirena, laugarren aldiz

Gaur jokatuko dute azken etapa, Plateau de Beillen; Iker Ozkoidi eta Itoitz Armendariz txukun aritu dira

Zakurrak leratik tiraka, asteazkeneko etapan. GONZALO AZURMENDI.
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Tom Andres alemaniarrak ez du aurkaririk izan zakur leren Pirena lasterketan. Indartsuenak izan dira haren txakurrak, beste behin. Gaur jokatuko da 14. eta azken etapa, Plateau de Beillen, eta zeruak eta lurrak bat egin ezean laugarren aldiz irabaziko du Andresek Pirena. Iker Ozkoidi nafarra bigarren dago sailkapen nagusian, baina bien arteko aldea handia da oso, hogei minututik gorakoa. Gaindiezina.

Grandvalira-Grau Roigen jokatu zen atzoko etapa. Eguraldi iragarpen traketsa tarteko, etapa motza prestatu zuten, esprint erakoa. Ez zuen sailkapen nagusirako baliorik izan, baina sailkapenean eragina izan zuen. Andres izan zen atzo ere azkarrena. Pirenan jokatutako 13 etapetatik hamar irabazi ditu alemaniarrak. Bada zerbait. Eguneko albistea, ordea, Ozkoidik eman zuen: lau zakurrekin parte hartu zuen, gutxieneko kopurua seikoa denean. Sailkapen nagusian 10 minutuko zigorra jarri zioten epaileek.

Plateau de Belleko gaurko saioak bestelako ezaugarriak ditu: 31 kilometro osatuko dituzte parte hartzaileek. Pirenaren sari banaketa eta festa handia bihar egingo dute, Alpeko Biltzar eta Kirol jauregian, 11:00etatik aurrera.

Itoitz Armendariz, txukun

Iker Ozkoidik urte asko daramatza Pirenan lehiatzen. Itoitz Armendariz, berriz, bigarrenez ari da zakur lerarekin. Seigarrena da sailkapen nagusian, baina bosgarren izateko lehia estua edukiko du gaur Monika Frauchiger suitzarrarekin. Bien arteko aldea hamar segundo eskasekoa da. Gaur erabakiko da aurretik nork bukatzen duen.

Skyjoring kategorian, estuagoa da lehia. Pavel Porubsky txekiarrak eskura du garaipena, baina tentuz ibili beharko du Michal Zenisek eta Jiri Suchy erkideekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.