MENDIA

Tolosaldeko ultra jaiotzear da

Datorren urteko irailaren 13an egingo da lehen aldiz UTT erronka (77 km, 4.600 m+), Iruran hasi eta bukatu. Eskualdeko mendi nagusiak eta zortzi herri lotuko ditu probak. BERRIA izango da hedabide babesle nagusia, eta aste honetan sinatu dute hitzarmena.

UTT Erronkaren antolatzaileek eta BERRIAko ordezkariek aste honetan sinatu dute lankidetza hitzarmena. MAIALEN ANDRES / FOKU
UTT erronkaren antolatzaileek eta BERRIAko ordezkariek aste honetan sinatu dute lankidetza hitzarmena. MAIALEN ANDRES / FOKU
ramon olasagasti
Ibarra
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Erronka izenlagun hori ultra askori lotzen zaio, egiaz erronka handia baita ultra distantziako proba bat osatzea. Tolosaldean (Gipuzkoa) hainbat mendi lasterketa eta trail egiten dira, baina ultra distantziakorik ez, eta harritu egin zen horrekin David Delgado traileko entrenatzailea eta Madrilgo Mendi Federazioko mendi lasterketen teknifikazio arduraduna. Aspaldi Tolosaldean bizi den Alberto Rey almeriarraren entrenatzailea eta lagun mina zen Delgado, eta tarteka etortzen zen Tolosaldera, korrika egitera. «Eta beti esaten zidan: hemen dituzuen mendiekin, nolatan ez daukazue ultrarik? COVIDa baino urtebete lehenago hasi ginen gaiari bueltaka, baina ez lasterketa bat antolatzeko asmoarekin, eskualdea zeharkatuko zuen ibilbide luze bat egokitzeko asmoarekin baizik», azaldu du Reyk.

2022ko otsailean, ordea, mendiko eskiekin Carros de Foc ibilbidea egiten ari zela, istripua izan eta hil egin zen David Delgado. «Hondoa jota geratu nintzen. Denborarekin, ingurukoak hasi zitzaizkidan berreskuratu behar genuela egitasmoa, egin behar genuela zerbait, eta ibilbidea behintzat finkatu genuen. Baina jendea hasi zen galdetzen: ‘Noiz da lasterketa, noiz atera behar dituzue dortsalak?’. Eta orduan abentura ero honetan sartzea erabaki genuen, neurri batean Daviden omenez», jakinarazi du Reyk. Horrela sortu zen Ultra Trail Tolosaldea erronka (UTT erronka). Datorren urteko irailaren 13an izango da lehen aldia, Iruran hasi eta bukatu.

Ultraren asmoa da Tolosaldea eskualdeari mendiz mendi eta herriz herri jostura eta batasun bat ematea. «Lasterketa eskualdeko zortzi herritatik igaroko da, eta bi urtean behin abiapuntua eta helmuga aldatuz joango da. Herri txikiei ikusgaitasuna ematea da gure helburua. Guztiekin bildu gara, eta denek oso begi onez hartu dute ultraren asmoa, eta borondatea azaldu dute anoa guneetan eta behar den guztian laguntzeko, boluntarioak jartzeko...», esplikatu du Paula Vicente antolakuntzako beste kide batek. 2025ean eta 2026an Irurak hartuko du abiapuntua eta helmuga; hurrengo bi urteetan Alegiak, hurrena Berastegik...

«Herri txikiei ikusgaitasuna ematea da gure helburua. Guztiekin bildu gara, eta denek oso begi onez hartu dute ultraren asmoa»

PAULA VICENTEProbaren antolatzaileetako bat

UTT erronkak 77 kilometro eta 4.600 metroko goranzko desnibela izango ditu. «Ez da ultra oso teknikoa, korrika egitekoa da gehiago, baina oso-oso gorabeheratsua da, hankak txikitzen dituzten horietakoa. Mendi bat igo, herri batera jaitsi... horrela etengabe», azaldu du Imanol Zubillaga antolakuntzako beste kide batek. Hauxe ibilbidea: Irura, Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorentzo, Ipuliño, Berastegi, Elduain, Erroizpe, Lizartza, Otsabio, Altzo, Alegi, Intxurre, Santutxu, Albiztur, Ubeltz, Herniozabal eta Irura.

Lasterketak ez du inolako irabazi asmorik. «Behin gastuak berdindutakoan, asmo solidarioetara bideratuko dugu bildutako dirua. Umeen leuzemia ikertzen duen erakunde bati ematea da aztertzen ari garen aukeretako bat, baina oraindik ez dugu erabat zehaztu», azaldu du Reyk.

Datorren urteko ultra distantziako Euskal Herriko Koparen barruan sartzeko eskaera egina dute, eta «aukera handiak» dituztela esan dute Reyk, Vicentek eta Zubillagak. UTT erronka Euskal Herriko Kopan sartzen bada, egutegiko azken proba izango da, eta bertan egingo dute Kopako azken sari banaketa. «Estreinako urtean Euskal Herriko Koparen barruan egotea oso berezia izango litzateke», nabarmendu dute antolatzaileek.

UUT erronkaren eta BERRIAren arteko lankidetza

Martxoaren 1ean zabalduko dituzte izen-emateak, Kronoak-Rocksport plataforman. Banakako 450 dortsal eta erreleboka egiteko beste 50 dortsal jarriko dituzte. «Runnun Trail aplikazio ezagunean iragarrita dago UTT erronka eta jende asko ari da ikusten. Instagrameko kontuan jende asko ari zaigu galdezka noiz izango den, nola eman izena eta zenbat balio duen. Nabaritzen da jendearen jakin-mina eta interesa», antolatzaileen esanetan.

«Probak Tolosaldeari eta herri txikiei ematen die ikusgaitasuna, eta BERRIAk ere balioa ematen dio txikitik eragite horri»

IRATI AZKUEBERRIAko Sustapen eta Kanpo Harremanetarako teknikaria

Sukalde lanean ari dira orain: herriekin hitz egiten, sarea egiten, babesleak lortzen... Oria Sport Wear Ibarrako enpresa da probaren antolatzailea. BERRIA izango da, berriz, hedabide babesle nagusia. Aste honetan sinatu dute lankidetza hitzarmena bi aldeek. Irati Azkuek, BERRIAko Sustapen eta Kanpo Harremanetarako teknikariak, lasterketaren balio hauek nabarmendu ditu: «Probak Tolosaldeari eta herri txikiei ematen die ikusgarritasuna, eta BERRIAk ere balioa ematen dio txikitik eragite horri. Tokiko eragileen eta herritarren saretze eta ekintzailetasunaren isla ere bada proba hau, horrelako ultra bat aurrera eramateko ezinbestekoa delako guztien engaiamendua. Probaren balio solidarioa ere azpimarratu nahi dugu, tokiko mailan egin arren jasotakotik zerbait gizarteari itzultzeko filosofia hori duelako, ingurumena zaintzea lehentasunen artean duelako... eta horrekin guztiarekin bat egiten dugu guk ere». Hala, BERRIAk ikusgaitasuna eta publizitate euskarria emango dio probari, baita haren berri eman ere, eta BERRIA sari bat ere eskainiko du partaideen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.