Tok-tok-tok, jo zuten etxeko sukaldearen atean. Goitik behera egiten zuen euria 1969ko urriaren 23 hartan. Amona Valentinari begiratu ondoren, atea zabaldu nuen. Ni baino gazteagoa iruditu zitzaidan japoniar mutila aurrean nuen.
– Felipe? –galdetu zuen.
– I'm Felipe; and you?
– Kazki.
– Barrura –sukaldean sartzeko bidea libre uzten niolarik.
Hiru hilabete egin zituen Kazkik gure Pasaiako etxean. Ez zituen etxekoak askorik harritu japoniar gazte bat etxeko sukaldean ikusteak; uda hartan mendigoizale japoniar lagun talde batekin hainbat igoera egiteko aukera izan bainuen. Berehala jakin nuen, Masami Saito mendigoizale lagunarekin topo egin, eta hark eman zizkiola nire helbidearen arrastoak.
Azkar igaro ziren lehenengo bi asteak, harat-honat bizian. Oreretako Alamedako dantzaldietara ere hurbildu ginen.
– Lana egin nahi nuke – bota zidan goiz batean.
– Ongi; baina zertan?
– Ba al dago Donostian judo elkarterik?
Horrela heldu ginen arratsalde batean Mari kaleko judo elkartera. Probak igaro, eta pozez lehertzen hartu zuten irakasle: gerriko beltza 5. dan zen Kazki, judoan zein karatean; bi hilabete egin zituen lanean, hiru Pasaian gure etxean.
Euskal Herriko bidea ikasirik, bost aldiz gehiago hurbildu zitzaigun, azkeneko hiruretan Emiko emaztearekin. 2019an, gure ezagutzaren 50. urteurrena ospatzeko asmoz, Pasaiara etorri ziren berriro ere.
55 urte ondoren, Japoniako Matsumotoko haien etxera joan gara haiekin zamatuta genuen zorra kitatzera.
Hain urrun bizi, baina hala ere adiskidetasunak 55 urte iraun du, batik bat Kazkiren esker onari esker, Japonia eta Euskal Herriaren artean zubia eraiki baitu.
Barka ezazue, mendikoak ez diren horrelako kontuekin etortzea. Baina ez al da adiskidantza, soka bera baino irmoago, sokada lotzen duena?
2024ko irailaren 29a
Narita aireportua, Tokio, Japonia