Mendia

Tipi-tapa, ehun milia

Uztailaren 12,13 eta 14an jokatuko dira Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak. 630 parte hartzaile inguru lehiatuko dira, bi probetan banatuta; 1.200 boluntarioren laguntza izango dute.

Tipi-tapa, ehun milia.
2013ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren nekeak gaindituta, Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak lasterketetan arreta jartzeko garaia iritsi zaie mendi korrikalariei. Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeena da Ehunmiliak ultra traila; horrez gain, Ehunmiliak dituen 167 kilometroak luze gelditzen zaizkienek Goierriko Bi Handietan parte hartu ahalko dute, zeina 86 kilometro luze baita. Uztailaren 12, 13 eta 14an jokatuko dira, Beasaindik irten eta herri berean helmugaratuta.

Aurtengoa, bi lasterketak antolatzen diren laugarren aldia izango da, eta, urtez urte, geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira. Distantzia luzeetan espezializatutako korrikalarien egutegietan saio finko bihurtzen ari dira Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak. Aurreko astean amaitu zen izena emateko epea, eta emaitzek argi erakusten dute Arrastaka elkarteak koordinatzen dituen bi lasterketek hartu duten indarra. Errekorra jarriko dute aurten, 630-640 korrikalari arituko baitira Txindoki, Aizkorri eta inguruko aldapetan gora eta behera; iaz baino 100 parte hartzaile gehiago egongo dira. «Kopuru horiek ekitaldia indartzen ari dela frogatzen digute, eta korrikalari askoren egutegian saio finko bat bihurtzen ari garela», adierazi du Mikel Valdivielso antolakuntza batzordeko kideetako batek.

Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Poloniatik eta Suediatik etorritako lasterkariek hartuko dute parte, baina, Portugaldik etorriko diren taldeak azpimarratu ditu Valdivielsok: «Portugaldik oso talde politak etorriko dira, oso indartsu dauden korrikalariak». Espainian, Portugalen eta Euskal Herrian Ehunmiliak ultra trailen erreferente dela iruditzen zaio antolatzaileari, baina, Europako ultra trailei lehia egiteko lan egin behar dela adierazi du. «Ziur aski, gurea baino askoz ere aurrekontu handiagoa duten lasterketekin alderatzea oso zaila da». Hala ere, Euskal Herriko korrikalariak ikusten ditu garaipenerako hautagaiak: «Oso lan polita egingo dutela uste dut, askok laugarren urtea dutelako eta ibilbidea menderatzen dutelako».

Arrakasta horren arrazoi nagusia antolakuntza on bat egitea da, eta, horretarako, aurreko lasterketa amaitu berritan ekiten diote hurrengo urtekoa antolatzeari. «Oso lan handia egiten dugu antolatzaileok, dedikazioa handia eskatzen duena; askotan gehiegizkoa ez ote den pentsatzen dugu, baina, gauzak ongi egin nahi direnean detailerik txikiena ere asko zaintzea beharrezkoa da», onartu du Valdivielsok. Alderdi ekonomikotik babesa izango duten jakitea izaten da lehen lana, eta oraintxeko garaiek ez dute batere errazten lan hori. «Krisiarekin batera jaio ziren Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak, eta egun egoera are okerragoa da; zaila egiten zaigu txarto dauden lekuetara diru laguntza eske joatea; beraz, beste bide batzuk bilatu behar izan ditugu», onartu du. Arropa eta zozketetatik lortu dute dirua, esaterako.

Antolatzaileek egiten duten lanaz gain, laguntzen aritzen diren boluntarioak ezinbestekoak direla dio Valdivielsok: «Inguruetako herrietako biztanle askok ere egutegian apuntatua dute lasterketaren eguna, eta prestasun handia erakusten dute segituan; askotan, gu haiengana joan gabe etortzen dira laguntza eskaintzera», dio Valdivielsok. Guztira, 1.200-1.300 lagun arituko dira boluntario lanean, orain arteko lasterketetako kopururik handiena da hori ere. Pozik agertu da Valdivielso datu horrekin, lasterketaren «sostengu eta indarra» baitira.

Hurbiltzeko asmoa duten ikusleek autobus zerbitzua izango dute aurten ere. «Autobus txikiak erabiliko ditugu aurten, logistika aldetik erosoagoak direlako», dio Valdivielsok. Eguraldiak lagunduz gero, Aralarren eta Txindokiko aldapetan espero dute ikusle gehien. Joateko aukera ez dutenek www.ehunmilak.com atarian ikusi ahalko dute lasterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.