Alpinismoa

Jak gaztaren zapore hori

Mikel Zabalzak, Juan Vallejok eta Iker Madozek Phurbi Chyachu eskalatu dute (6.637 m), Nepalgo Jugal Himal mendigunean. Hego-ekialdeko ertzetik igo dira, eta gailurretik 50 metrora geratu dira desnibelean. Mendiaren bigarren igoera izan da.

Iker Madoz, Phurbi Chhyachuren ertzean, Phurbi Txiki atzean duela. MIKEL ZABALZA
Iker Madoz, Phurbi Chhyachuren ertzean, Phurbi Txiki atzean duela. MIKEL ZABALZA
ramon olasagasti
2023ko azaroaren 22a
05:25
Entzun

Artzainak bospasei urte baino ez zituen izango orduan, japoniar talde hura Pemasal jaioterrian agertu zenean. Nepal eta Tibet arteko mugan, Jugal Himal mendigunean dago Pemasal —Nepal iparraldean—, 3500 metro inguruan, oihanetik gertu; hiru etxe soilez osatutako herrixka da. 41 urte joan dira geroztik. Phurbi Chyachu mendia zuten japoniarrek jomuga (6.637m): mendia lehen aldiz igotzea, zehazki. Sekula kanpotarrik ikusi gabea zen artean artzaina, eta harri eta zur geratu zen japoniar talde handi haren trepeta guztiekin eta zama eramaileen segizio luzearekin. Mendia, Phurbi Chyachu, bai, ezagutzen zuen. Txikia izan arren, behin edo behin igoa zen mendiaren magaleko larreetara, aitarekin eta jakekin, abereak goi mendiko bazkalekuetara eramatera eta lanbidea ikastera. Ikusiak zituen mendiaren horma tenteak eta ertz zorrotzak. Ezin zuen ulertu nola igo zitekeen inor hara gora, nola izan zezakeen inork goi haietara igotzeko gogoa. Geroko 41 urteotan, askotan igo da Phurbi Chyachuren magalera jakekin, baina bere bizialdian apenas ikusi duen atzerritarrik. «Zuek zarete mendi honekin saiatzera datozen bigarrenak», jakinarazi zien Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Iker Madoz alpinistei aurtengo irailaren hondarrean.

Phurbi Chhyachu mendiaren igoera
Mikel Zabalza, hango artzain familia batekin eta espedizioko sukaldariarekin. MIKEL ZABALZA

Zabalzak eta Madozek duela bi urte ikusi zuten Phurbi Chyachu lehen aldiz. Orduko hartan, Mikel Inorizarekin batera Dorje Lapka menditik behera zetozen, eta urrunean begiztatu zuten mendi puska haren ikuspegiak liluratu egin zituen. «Etxera etorri orduko, ikertzen aritu nintzen, eta egiaztatu nuen igoera bakarraren erreferentzia zegoela, japoniarrena, 1982an, eta saiakera gehiagoren erreferentziarik ez nuen aurkitu. Japoniarrak mendebaldera ematen duen ertz batetik igo ziren, eta guk hego aurpegia esploratu nahi genuen. Baina ez zegoen argi zein izan zitekeen isurialde horretara iristeko sarbidea», azaldu du Zabalzak. Etxean, Google Earth bidez aritu ziren mendira iristeko biderik egokiena arakatzen, hango agentziek ere ez baitzekiten.

Phurbi Chhyachu mendira igotzeko bidea.
 

Bolde izeneko herri batetik abiatu ziren oinez, hamabost bat zama eramaile lagun zituztela. Oihan trinkoan zabaldu behar izan zuten bidea, matxete kolpez zenbaitetan; izan ere, lur arrasean badira Google Earthen satelite begiek antzeman ezin dituzten mila oztopo. Artzainak bai, hark bazekien nondik jo. Hura izan zuten gidari mendirako inguratze bidean: «Berez, bide-biderik ez zegoen. Zenbaitetan, zidor lauso bat antzematen zen, artzainek berek urtero ganaduarekin igotzen direnean zabaltzen dutena, baina gero itxi egiten da xenda hori», jakinarazi du Zabalzak. Azkenik, Phurbi Chyachuren hegoaldeko hormaren altzoan, 3.800 metro inguruan kokatu zuten kanpalekua.

Phurbi Txiki

Mendia aztertu ondoren, hego-ekialderantz ematen zuen ertz bati erreparatu zioten. Aurrez, ordea, gorputza altuerara egokitu behar zuten, eta, horretarako, eskuinerago zegoen beste tontor lerden batean saiatzea erabaki zuten. «Eskuineko mendi horrek 6.100 metro ditu, eta ertz dotore batetik egin genuen igoera. Altuerara egokitzeko fase hori atsegina izan zen; izan ere, artean ez zuen hotz handirik egiten. Aurreko egunetan prezipitazioak izan ziren, baina hego aurpegian elurra eraldatuta zegoen, eta elur baldintza onak aurkitu genituen ondoko mendi horretan», azaldu du Zabalzak. Hiru egun eta bi egin zituzten ertzean. Izenik ez zuenez, Phurbi Txiki izena jarri zioten mendiari.

Phurbi Chhyachu mendiaren igoera
Phurbi Chyachuren ekialdeko ertzean, 6.000 metroan egokitutako bibaketik atera berritan. MIKEL ZABALZA

Hiru bat eguneko atsedenaren ondoren, asmo nagusiari heldu zioten bete-betean: Phurbi Chyachuren hego-ekialdeko ertzari. Ordurako, traza hartua zioten eguraldiari: oihanaren gertutasunagatik-edo, arratsaldetan lainoak sartzen ziren, eta euri jasa eta elurte arin batzuk jausten ziren. Lehen ekinaldi hartan, hegoaldeko horma osorik gainditu eta ertzera atera ziren. Hantxe egokitu zuten dendatxoa, 6.000 metroan doi-doi, labana aho zorrotz batean. «Gau hartan, haizeak indar handiz astindu gintuen. Haize begi bat da ertz hura. Jaisteko erabakia hartua genuen, baina, goizaldera haizea pixka bat baretu zela ikusita, gailurrerantz ateratzea deliberatu genuen. Berandu samar abiatu ginen, hotzagatik, eta berehala konturatu ginen ertza lehen begiratuan uste genuen baino askoz zailagoa zela. Alegia, lana zegoela han egiteko. Haizea zebilen, berandu zen, garaiera justu xamar egokituta... 6.200 metro inguruan buelta hartu genuen».

Phurbi Chhyachu mendiaren igoera
Iker Madoz, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo, 6.000 metroan egokitutako dendan. JUAN VALLEJO

Kanpaleku nagusian, artzainaren eta haren familiaren bisita izaten zuten zenbait egunetan; izan ere, euskal mendizaleen kanpalekutik gertu zegoen artzainaren etxola, lau makilarekin eta plastiko ziztrin batzuekin atondua. «Aldietako batean, familia osoarekin igo zen pare bat asterako: semeekin, emaztearekin, amarekin... Batzuetan te bat hartzera hurbiltzen ziren, hurrena jak gazta ekartzen ziguten... Keinu bidez ulertzen genuen elkar, baina oso sintonia ona izan genuen», oroitu du Zabalzak.

Phurbi Chhyachu mendiaren igoera
Phurbi Chyachu mendiaren ekialdeko ertza atzean. Hortik egin zuten igoera.

Astebeteren buruan, bigarren saiakera egin zuten. Eguraldi iragarpenak zioen haizea baretu egingo zela, baina haizeak bezalaxe, tenperaturak ere modu harrigarrian egin zuen behera. «Kanpaleku nagusira iritsi ginenean, 0ºC isoterma 5.500 metro inguruan zegoen, eta bigarren saioa egin genuenean, 3.000 metro pasatxoan. Nepalgo Himalaia izateko, 3.000 metro oso isoterma baxua da. Ia negukoa. Bigarren saio hori hotz handiarekin egin genuen», oroitu du Zabalzak.

Lainoak bilduta

Lehen saioko leku berean egin zuten bibaka bigarrenean ere, 6.000 metroan. Ordurako, terrenoa ezaguna zuten, hobeto girotuta zeuden, eta arinago iritsi ziren haraino. Biharamunean, ertzari berari heldu zioten. «Haizea eramangarria zen, baina hotz handia egiten zuen. Ertza oso zorrotza da, jendarmez betea. Batzuk eskalatu egin genituen, beste batzuk inguratu. Zenbait unetan, harkaitz hegi batean joan ginen zaldiko-maldiko. Egia esan, ertza ikusgarria da, giro handikoa», nabarmendu du Zabalzak.

Gailurreko saialdi hartan, ordea, eguerdi askotan bezala, ibarreko lainoak sartu zitzaizkien, inoiz baino lehenago sartu ere, eta hodeiak katigatuta geratu ziren gailur aldean. Ibarreko lainotza horrek elur bisutsa, haize ufadak, elur-jausi txikitxoak eta abar ekarri zituen berekin. «Hotza ere izugarria zen, -25ºC inguru. Behin baino gehiagotan, zalantza egin genuen jarraitu ala ez, baina aurrera egitea erabaki genuen». 15:00ak aldera heldu ziren gailurreko erlaitzen azpira, zailtasunak bukatzen ziren lekura. Juan Vallejok bere Inreach gailuan egiaztatu zuen desnibeleko 50 metrora zegoela gailurra. Gora edo behera, zirt edo zart egiteko garaia zen. Ordurako, eguraldia jada dezente narrastua zegoen, gehienez ere pare bat orduko argia geratzen zitzaien, eta egoera ez gehiago behartzea erabaki zuten. Behera, beraz.

Phurbi Chhyachu mendiaren igoera
Ekialdeko ertzeko luzeetako batean. MIKEL ZABALZA

Jaisten hasi, eta gau egin zitzaien berehala. Pauso bat kontuz eta hurrengoa tentuz, ez ziren nahi orduko iritsi ertzean kokatutako dendaren babesera. Gau hartan, hotzaren letagin zorrotzak sumatu zituzten zakuaren barruan hozka eta hozka. «Gure artean aipatu genuen: egun hartan edozein tontakeriagatik dendara iritsi ez bagina arazo galanta izango genukeela», esan du Zabalzak.

Gogobeteta itzuli dira: esplorazio ukitu hori izan du Phurbi Chyachuk; goi mailako jarduera alpinoa osatu dute, eta hego-ekialdeko ertza eskalatu dute, nahiz eta gailurraren ginga falta izan. «Zapore gazi-gozo hori geratzen zaizu, gailurrera ez iritsi izanarena», adierazi du Zabalzak. «Goian luze ikaragarri ederrak eskalatu genituen izotzean eta harkaitzean, oso bertikalak; izotza ere oso baldintza onetan zegoen, lekua harrigarria zen, eta penarik handiena horrexek ematen dit: luze eder horietan eguraldi atseginagoarekin eskalatu ez izanak; baldintza gogorrak izan genituen, eta, beraz, han goian ezin izan genuen guk nahi beste gozatu. Gailurreko sentsaziorik ez genuen izan, goi-goitik ezin izan genuen ikusmiraz gozatu... Baina, hala ere, oso pozik gaude egindakoarekin».

Behean, artzainak zorionak eman zizkien, keinu bidez, bere erara. Ez zien ezer esan, baina berak ere halako pentsamendu bat ibiliko zuen bere baitan: «Phurbi Chyachuk izan dituen bi igoeren lekuko izan nauk». Joan aurretik, haren jak gazta dastatu zuten beste behin mendizaleek. Garraztasun pitin bat hartu zioten hasieran, baina aho zapore gozo-gozoa utzi zien gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.