Michael Dillon zinemagile australiar entzutetsuaren The Great White Whale (Balea zuri handia) filmak eskuratu du aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko sari nagusia. Duela hiru urte ere, 2020an, Dillonek berak eskuratu zuen sari nagusia, eta, beraz, Eguzkilore preziatua bitan lortu duen lehen zuzendaria da. Oraingoan, gainera, filmik onenaren eta zuzendaririk onenaren Eguzkiloreak, biak eskuratu ditu Dillonek. Australiako mendirik garaien eta bakartienera igo nahi duten mendizale eta marinelen istorioa kontatzen du filmak.
Ozeano Australaren sakonean, Australia eta Afrika arteko erdibidean, 2.700 metroko altuera gainditzen duen sumendi elurtu bat azaleratzen da itsasotik bertatik, balea zuri handi bat balitz bezala. Mendi handi horren haserreak atzera eginarazi zion hura eskalatzen saiatu zen lehen taldeari. Hala ere, berriro ekin zioten, saiakera bat egiteko bidean munduko itsasorik zakarrenetan zehar nabigatuz, oraingoan Bill Tilman patroi ospetsuak gidatuta. Bi espedizio horien «istorio aparta» kontatzen du filmak, bizi izan zituztenek kontatua, eta horietako batek istorioa kantuz ere kontatzen du, abentura epiko honi dagokion bezala. Hala nabarmendu du epaimahaiak filma bera eta zuzendariaren lana: «Duela 60 urte inguruko espedizioen irudi historikoek naturaren oinarrizko indarrak erakusten dituzte, eta benetako abenturaren irrika pizten dute. Mendiko film honek biziki hunkitzen zaitu, eta, batzuetan, zorabiatu ere bai. Michael Dillonek maisulan bat sortu du irudi historikoetan oinarrituta. Itsasoko eta mendiko eszena dramatikoak bere garaiko protagonisten adierazpenekin eta kantekin josi ditu, tentsio arku liluragarriak lortu ditu, eta erritmo liluragarriz kontatzen du istorioa».
Zinemagile australiar beteranoak mendiko eta naturako ehun zinema proiektu baino gehiago zuzendu ditu; 25 urte egin zituen Edmund Hillary mendizale entzutetsuaren zuzendari gisa, eta, hain zuzen, 2020ko hartan, Hillaryren azken espedizio handiari buruzko filmarekin (Ocean to Sky) irabazi zuen sari nagusia. Iaz, berriz, Mendiko Zinema Jaialdien Nazioarteko Aliantzaren (IAMF) sari nagusia jaso zuen Dillonek Bilbon.
Beste bi pelikulak ere bina sari jaso dituzte: Kazuya Hiraide alpinista japoniarrak nazioartean aurkeztu duen Rope filmak mendiko filmik onenaren eta soinu bandarik onenaren saria jaso ditu; Eiko Ishibashi konpositore arrakastatsua da soinu banda horren egilea. Hala adierazi du epaimahaiak film horren balioei buruz: «Protagonistak mundu osoan sona duten mendizaleak badira ere, naturarekiko, mendiarekiko eta besteekiko duten errespetuzko jarrera agertzen dute. Baliabide tekniko gutxirekin irudi harrigarriak lortzeko gai izan dira ezezaguna den mendi batean».
Carne et ossa ere jaialdiko pelikula nabarmenetako bat izan da. Gidoirik onenaren eta kultura eta naturari buruzko pelikularik onenaren sariak jaso ditu. Roberto Zazzara zuzendari italiarrak berak aurkeztu du Mendi Filmen.
Euskarazko filmik onenaren saria Noizko basoa lanak jaso du. Mikele Landa Eigurenen pelikulak «esperimentazioaren mugetan erakutsitako ausardia» goraipatu du epaimahaiak, «formatu, irudi, soinu eta testura bereziak erabiliz geure iraganeko eta etorkizuneko basoetan murgiltzen gaituelako oso modu ausart eta pertsonal batean».
Bilboko BBK Mendi Film zinemaldiko Sail Ofizialean 51 pelikula aurkeztu dira, hamabost herrialde ordezkatuz. Lehiaz kanpo aurkeztu diren beste sei film gehituta, guztira 57 lan ikusi ahal izan dira hamar egunotan Bilboko BBK aretoan, Golem zinemetan eta Euskalduna jauregian.
Azken eguna, hilaren 17a, igandea, Non Stop saioekin gozatzeko eguna izango da. Saritutako film guztiak proiektatuko dituzte, hiru saiotan banatuta —12:00etan, 17:00etan eta 19:30ean—, Golem zinemetan. Giro bikainean burutu den edizio baten azken ginga.
PALMARESA
- Sari Nagusia.
THE GREAT WHITE WHALE
Zuz: Michael Dillon | Australia.- Zuzendari onena.
THE GREAT WHITE WHALE
Zuz: Michael Dillon | Australia.- Gidoi onena.
CARNE ET OSSA
Zuz: Roberto Zazzara | Italia.- Argazkilaritza onena.
LA LIGNE DE L’ANGE
Zuz: Bertrand Delapierre | Frantzia.- Epaimahaiaren saria.
RESISTANCE CLIMBING
Zuz: Nick Rosen & Zachary Barr | AEB.- Soinu banda onena.
ROPE
Zuz: Moe Wada | Japonia
Soundtrack: Eiko Ishibashi.- EITB Saria euskarazko film onenari.
NOIZKO BASOA
Zuz: Mikele Landa Eiguren | Euskal Herria.Mendiko film onena.
ROPE
Zuz: Moe Wada | JaponiaEskaladako film onena.
ELEVATED
Zuz: Palmer Morse | AEBKulturako eta Naturako film onena.
CARNE ET OSSA
Zuz: Roberto Zazzara | ItaliaKirol eta Abenturako film onena.
WILD WATERS
Zuz: David Arnaud | FrantziaFilm Labur onena.
CRYING GLACIER
Zuz: Lutz Stautner | Suitza - AlemaniaEpaimahaiaren aipamen berezia.
CHIMBORAZO
Zuz: Keila Cepeda | Espainia