Maiatzaren amaieran, astebete pasatxo egin zuten Euskal Herrian Sean Villanueva eta Nico Favresse eskalatzaile belgikarrek. Xabier Ormazabalen oroimenezko mendi festan, Urretxun (Gipuzkoa), emanaldi bikoitza eskaini zuten: lehenik, Riders on the storm bideari buruzko proiekzioa egin zuten; ondotik, berriz, kontzertu bat inprobisatu zuten, Favresse ukelelearekin eta Villanueva txirularekin, eta, besteak beste, Huntzaren Aldapan gora eta Laboaren Txoria txori abestu zituzten. Eskaladarako gaitasun harrigarriaz gain, horixe dute: umorea, bizitzaz gozatzeko eta dena erdi txantxetan hartzeko filosofia hori, izar usterik batere ez eta gertuko egiten dituen umiltasuna. Euskal Herrian dituzten lagun ugariekin Etxaurin, Araotzen, Mugarran... eskalatzeko ere baliatu zuten egonaldia. Oso laguna dute Andoni Ormazabal fisioterapeuta eta eskalatzailea ere, eta haren eskutik, Urretxuko baserri bateko ganbara zaharrean Ormazabalek berak eta hainbat lagunek muntatua duten rokodromoan egin genuen hitzordua elkarrizketa honetarako eta eskaladako krokisen inguruko dokumental baten filmaketarako.
Paineko Erdiko Dorreko Riders on the storm (1.200 m, 7c+) bidea eskalatu duzue aurten, lehen aldiz era askean. 2006an ere eskalatu zenuten, 3. errepikapena izan zen, baina orduko hartan ezin izan zenituzten 41 luzeetatik hiru era askean egin. Aurten, azkenik, burutu ahal izan duzuen aspaldiko amets hori.
NICO FAVRESSE: Interesgarria izan da, 18 urteren buruan, Painera eta bide honetara itzultzea. Orduko hura gure lehen esperientzia izan zen halako horma puska batean, eta aurten harrituta geratu naiz, orduko hartan, hain esperientzia gutxirekin, bide hori eskalatzeko gai izan ginelako.
Aurten era askean lortu izanak erakusten du, era berean, zein inportantea den eskarmentua mendian, ezta?
SEAN VILLANUEVA: Nicok esan duen moduan oraingoan harrituta geratu gara 2006an ere bide hau eskalatzeko bezain indartsu ginelako. Orduan motibazio handia genuen.
FAVRESSE: 2006an errepikatzera joan ginenean pentsatzen nuen: «Ba, txapa asko egongo da bidean, ez da konpromiso handiko zatirik izango...». 2006ko jarduera hartatik ez nuen konpromisozko ezeren oroitzapenik. Oraingo honetan, ordea, hainbat lekutan nioen: «Kaka zaharra, plaka honetan ez dago seguru bakar bat ere, ez nadila eror hemen!». Bidearen hainbat zatiren konpromiso mailarekin harrituta geratu naiz aurten. Nire memorian ez nuen halakoen oroitzapenik. 2006an askoz ausartagoak ginen, agian, ausartagoak edo... [Barreak].
VILLANUEVA: Duela 18 urte ez genekien oso ondo zer ari ginen egiten, eta berealdiko jipoiak hartu genituen. Pare bat aldiz iritsi ginen muga-mugara. Oroitzen, Nico, portaledge-an lo egin genuen lehen aldiaz? Hogei bat ordu egin genituen eskalatzen, eta gero erabat gauez aritu ginen hamaka muntatzen. Lehertuta bukatu genuen. Aurten, esperientzia gehiagorekin, esfortzua hobeto kudeatu dugu, eta ez gara hain hil ala bizi ibili.
Aurtengoa esperientzia masokista izan dela adierazi duzue: 18 egun horman, ekaitzak... ‘No pain, no gain’ esaera hori egia bada, gogobetetzea ere handiagoa izango da halakoetan, ezta?
VILLANUEVA: Niri gustatzen zait alderdi hori: neure burua pixka bat behartzea, nire muga zein den aurkitzea, nire buruari buruz ikastea. Erronkaren parte da. Sufrimenduarekin duzun borroka horretan asko ikas dezakezu. Noski, esperientziarekin, hainbat gauza errazagoak dira. Orain, adibidez, portaledge batean, ekaitzarekin, bizpahiru egun zain egotea askoz errazagoa da duela 18 urte baino. Orduan, portaledge batean mugitu gabe zain egotea tortura bat zen, eta bi egunen buruan kateko zakurra bezala ginen, hamakatik ateratzeko premia bizian. Orain, halako hainbat egun bizitzearen poderioz, ikasi egin dugu. Jabetzen naiz han hamakan hormatik zintzilik egote hutsa pribilegio handia dela, uneaz goza dezakedala liburu bat irakurtzen edo besterik gabe kanpora begiratzen. Horman zintzilik egotea harrigarria da, eta han egote hutsarekin gozatu egiten dut.
FAVRESSE: Ni kontu honetan desberdina naiz Seanen aldean. Niri ez zait hainbeste gustatzen sufritzea. Gustatzen zait eskalatzea, harkaitzean mugitzea, mugimendu zaileko erronkei aurre egin eta horiek gainditzea... Baina bide gogor batean, lehenago edo beranduago, beti egokitzen da baldintzen kontra borrokatu behar izatea. Aurten, Riders on the storm bidean, baikor nengoen, pentsatzen nuen baldintza onak izango genituela, baina bai zera! Bide ia osoan, luze guztietan, dezenteko hotza izan genuen, oinak eta eskuak beti hoztuta nituen... Horregatik esan nuen esperientzia masokista izan zela. Bakarrik eskalatu behar izango banu, ez nukeen egingo, baina taldeak, lagunek, bultzatu egiten zaituzte, eta lortzen duzunean, ederra da erronka gainditzea...
«Urrezko Pioletek nabarmendu egiten dituzte alpinismoaren zenbait balio; gainerakoan, alpinismoa kirol hutsa izango zen, eta alderdi fisikoa besterik ez zen baloratuko, alde batera utzita estiloa, adiskidetasuna, sokaldiaren indarra...».
SEAN VILLANUEVAEskalatzailea
Ines Papertek, 2016an, bide horren zati bat lehenengoz estilo librean egin ondoren eta aldaera bat zabaldu ondoren, esan zuen ez zela gehiago itzuliko Riders on the storm-era, konpromisoa eta arriskua handiegiak zirelako. Zailtasuna, estetika, bidearen edo hormaren edertasuna... horiekin batera arriskua ere nahitaezko osagaia da zuentzat alpinismoko jardueretan?
FAVRESSE: Maneiatu behar den faktoreetako bat da arriskua, baina arriskuak eta arriskuak daude, eta, adibidez, goitik libratu eta eror daitezkeen harrien arriskua, hori kontrolatzea ez dut gustuko. Ines Paperti dagokionez, eguraldi oso ona izan zuten, eta eguraldia ona denean, Paineko Erdiko Dorrea lehortu egiten da eta harri asko erortzen da goitik. Guk, lehen egunetan, oso eguraldi lehorra izan genuen, eta harriren bat edo beste erori zitzaigun gainetik. Gero, zorionez, elurra egin zuen, hoztu egin zuen, eta ez zen harririk gehiago erori. Zortea izan genuen. Kontrolagaitzak diren arrisku horiek ez ditut gogoko, ez duzu gozatzen. Kontrola dezakezun arriskua, esposizioa, hori bai, faktore interesgarria da, joka dezakezu horrekin.
VILLANUEVA: Arriskuak ez du beti hor egon behar. Arriskurik gabe ere goza dezakegu, noski, baina arriskua jokoaren parte da, eta interesgarria da kudeatzen ikastea.
Sean, zuk, Riders on the storm eskalatu ondoren, zure «amets zoro» horietako bat gauzatu zenuen: Paineko Dorreen zeharkaldi osoa. Zoroa agian bai, baina 70 orduko horrelako eskalada bati bakarka ekiteko, jarduera ondo planifikatuta eta buruz oso prestatuta egon behar da, ezta?
VILLANUEVA: Fitz Royko zeharkaldiaren ondoren, horrelako zer beste zeharkaldi egin nezakeen hasi nintzen buruari bueltaka, eta Painekoa oso nabarmena da. Riders-en ondoren, ez nuen buruan bestelako egitasmo handirik, baina El Chalten herrian lagunekin nengoela, eguraldi oneko leiho bat sortu zen, eta pentsatu nuen agian egokiera ona izan zitekeela. Ia inori ezer esan gabe igo nintzen ikustera, eta azkenean baldintza guztiak lerrokatu ziren. Harrigarria izan zen.
Horrelako bakarkako jarduera luze eta gogorretarako burua prest izatea garrantzitsuagoa da alderdi fisikoa baino?
VILLANUEVA: Baietz uste dut, eta amets egitea prestakuntza mentalaren parte da: jarduera buruz irudikatzea, imajinatzea nolakoa izango den horma horietan egotea, baldintzak gaiztotzen badira nola jokatu... hori guztia prestakuntzaren parte da.
FAVRESSE: Eta jarduera egin behar horrekin zure buruari presio gehiegirik ez jartzea.
VILLANUEVA: Hala da. Jarduera hauetan, motibazioa nire barnetik sortzen da, ez kanpotik. Ez zait axola inork ez jakitea egin dudanik. Horrelako eskalada zeharkaldi luzeei aurre egiten diedanean, nire filosofia ez da ‘lortu egin behar dut’, ez, ni abiatu egiten naiz, ‘probatu egin behar dut’ pentsatuta, eta ea noraino iristen naizen. Paineko Erdiko Dorreraino iristen naizela, Erdiko Dorreraino. Itsutuegi egotea ez da ona barneko sen horri jarraitzeko, noiz jaitsi beharko zenukeen jakiteko...
Aurrez, 2021eko otsailean, Fitz Roy mendiguneko 9 gailurren zeharkaldia egin zenuen, Moonkwalk traverse ezaguna. Hura egin gabe Paineko hau posible izango zen?
VILLANUEVA: Ez, seguru asko ez. Fitz Roykorako askoz gehiago prestatu nintzen. Hura konplikatuagoa da. Bederatzi gailur dira, luzeagoa da, eta teknikoki, eskalada zailagoa.
Gaztelaniaz «sonar la flauta» esaten da zerbait txiripaz gertatzen denean. Bai Fitz Royko eta bai Paineko Dorreetako zeharkaldietan, flautaren soinua entzun zen, txirula jo zenuen zeharkaldi haietako hainbat puntutan, baina jarduera horiek ez dira txiripa izan.
VILLANUEVA: [Barreak] Ez nuen adiera hori ezagutzen. Tira, nork jakin, agian flauta soinua edo txiripa izan zen pixka bat, kar, kar, kar. Fitz Royko zeharkaldian, Saint Exupery gailurrean, flauta jotzen egon nintzen aldi bat. Jendea zegoen Poincenot orratza eskalatzen, eta entzun egin zuten emanalditxo hura. Handik lasterrera, haien parera iritsi eta harrituta esan zidaten: «baina oraintxe Saint Exupery gailurrean zinen eta? Nolatan iritsi zara hain azkar honaino? Zure flauta hori magikoa al da edo zer?». Kar, kar, kar...
FAVRESSE: Paineko Dorreetakoa, hala ere, ez zenuen gehiegi prestatu, ezta?
VILLANUEVA: Bai, begiratu nituen bideen krokisak, begiratu nuen non egin nitzakeen bibakak, jaitsi behar banuen nondik jaitsi nintekeen, aldaera posibleak, aurreikusi nuen zer egin eguraldiak okerrera eginez gero... baina egia da ez nuela Fitz Royko jarduera bezain beste prestatu. Fitz Roykoa urte oso bateko ametsa izan zen. Ondo prestatu behar dira gauza hauek; izan ere, Patagonian gauzak oso serio jar daitezke une batetik bestera.
Fitz Royko zeharkaldi hori dela eta Urrezko Pioleta eman zizuten, Sean, eta aurrez ere lortuak zineten aitortza hori zuek biok, Olivier anaiak, Ben Ditto estatubatuarrak eta Bob Shepton ingelesak 2010ean Groenlandian eginiko eskaladengatik. Zer eragin izan dute Urrezko Pioleten bi aitortza horiek zuen ibilbidean?
FAVRESSE: Askorik ez. Publiko zabalaren begiak irekitzen ditu pixka bat eta egiten dugunari arreta gehiago jartzen dio jendeak. Baina, gainerakoan, gure bizimodua ez da asko aldatu.
VILLANUEVA: Bai, berez, aitortza horiek guretzat ez dute aparteko garrantzirik, baina egia da neurri batean lagundu edo erraztu egiten dutela babesleak lortzea. Guk ez ditugu eskalada hauek sariak lortzeko egiten, guk guretzat egiten ditugu. Hala ere, uste dut Urrezko Pioletek nabarmendu egiten dituztela alpinismoaren zenbait balio, eta hori garrantzitsua da. Izan ere, gainerakoan, alpinismoa kirol hutsa izango zen, eta alderdi fisikoa besterik ez zen baloratuko, alde batera utzita estiloa, adiskidetasuna, sokaldiaren indarra... Eta Urrezko Pioletak saritu egiten ditu balio horiek. Groenlandiako jardueran, adibidez, nik uste, zailtasun teknikoa bai, baina batez ere talde espiritua eta estiloa saritu zituztela.
«Harrien erorketak eta kontrolagaitzak diren arriskuak ez ditut gogoko. Kontrola dezakezun arriskua, esposizioa, hori bai, faktore interesgarria da, jokatu dezakezu horrekin.».
NICO FAVRESSEEskalatzailea
Gaur egun aukera duzue honetatik bizitzeko, proiekzioak, hitzaldiak eta abar eginez?
FAVRESSE: Bai, gutxi gorabehera bai, menditik bizi gara. Bitxia da: gure ibilbide osoa aintzat hartuta, oraintxe bizi gara ondoen, baina jarduerarik politenak egin genituenean, tira, orain egindakoak ere ondo daude, baina nire irudiko aktibitaterik potenteenak egin genituenean, garai horretan, finantza euskarri askoz txikiagoa genuen. Baina orain bai, orain honetatik bizi gara.
Urrezko Pioleten big list edo hautagaien hasierako zerrenda horretan beti daude abangoardiako jarduera onak, eta esan daiteke alpinismoa osasun onean dagoela, baina komunikabideetan, oro har, oraindik ere zortzimilakoen eta mendiko lasterketen inguruko albisteak argitaratzen dira batez ere. Zer iritzi duzue horri buruz?
FAVRESSE: Azken batean, komunikabideetan, agian, ez dago alpinismoari buruzko kultura handirik. Bestalde, marketinean onak direnek edozer sal diezaiokete ez dakien jendeari beren sare sozialen bidez. Hauxe da bizi garen mundua.
VILLANUEVA: Lehen esan dudan moduan, alpinismoan badira bestelako balio batzuk, eta horiek ez dira galdu behar. Ez dakit, 14 zortzimilakoen errekorra egitea oxigenoa erabiliz, kanpaleku nagusira helikopteroan iritsiz, sokak goitik behera finkatuz, agian kirol lorpen bat izango da, eta seguru ez dela erraza, baina alpinismoaren funtsezko hainbat balio galtzen dira, niretzat askoz garrantzitsuagoak.
FAVRESSE: Horregatik da garrantzitsua publiko zabalari gauza hauek esatea eta ulertaraztea.
Lehen aipatu dituzue sare sozialak. Esan duzue jarduera hauek zuentzat egiten dituzuela, eta ez besteei begira. Ihes egiten diozue sare sozialei? Zer iritzi duzue horiei buruz?
FAVRESSE: Ihes, batez ere, Seanek egiten die [Barreak].
VILLANUEVA: Uste dut erraza dela tranpa horretan erortzea eta, behin jausita, zaila izan daitekeela zure motibazioa non dagoen jakitea. Guk ere partekatzen ditugu gure jarduerak, hitzaldien, bideoen, emanaldien edo artikuluen bidez. Esperientzia eta abentura hauek konpartitzea ere inportantea da, baina noski, oreka bat bilatu behar da, norberarentzat egokia izango dena. Baina iruditzen zait inportantea dela jakitea zertarako egiten duzun egiten duzuna.
FAVRESSE: Seanek ez du Instagram edo Facebook konturik, baina eskaladatik bizi nahi baduzu, zaila da sare sozialen alderdi horri ihes egitea. Batez ere hasiberria bazara, modu bat da zure irudia ezagutzera emateko, jarduerak partekatzeko... Sare sozialen alde ona da jende askorengana irits zaitezkeela, eta inspiragarriak izan daitezkeen jarduerak eta mezuak parteka ditzakezula. Horren ifrentzua da jendea pantailen eta sare horien mende geratzen dela, eta hori arazo bat da.
MOTZEAN
Mendi bat?
VILLANUEVA: Fitz Roy.
FAVRESSE: Mount Asgard, Baffin uhartean.
Zuena ez den beste jarduera bat, baina gustura sinatuko zenuketena?
VILLANUEVA: Salathe.
FAVRESSE: Down Wall! Harrapazank! Lerroa ikusi nuen, baina... [Barre algarak].
Gustura itzuliko zinateketen leku bat edo lehen aldiz joan nahiko zenuketena?
VILLANUEVA: Patagonia, behin eta berriro, Patagonia.
FAVRESSE: Freyr. Belgikako eskalada eskola bat da, han hasi ginen eskalatzen, eta gutxienez badira hamar urte itzuli ez naizena.
Liburu bat?
VILLANUEVA: Hauxe bera, El arte en el croquis de escalada.
FAVRESSE: Alkimista.
Film bat?
VILLANUEVA: Rocky [Barreak]
FAVRESSE: Idiocracy, adibidez.
Abesti bat?
VILLANUEVA: Txoria txori.
FAVRESSE: Aldapan gora. [Barre algarak]
Zuen hurrengo kontzerturako mendi edo horma bat?
VILLANUEVA: Araotz!!! [Barreak] Ordesan ez gara inoiz izan; hura ere ez da leku txarra.
FAVRESSE: Mugarra! Ni Madgaskarrera joatekoa naiz aurki, han zerbait saiatzera, hura ere ez da leku txarra.