Mayi Mujika Errasti: «Sorpresa izan da garaipena lortzea»

Lehen aldiz aritu da Mayi Mujika Errasti (Elgoibar, Gipuzkoa, 1988) Euskal Herria Mendi Erronkan, eta garaile izan da.

2024ko Euskal Herria Mendi Erronka. Mayi Mujika irabazlea
Mayi Mujika probako une batean. EH MENDI ERRONKA
Unai Ugartemendia.
2024ko ekainaren 2a
15:20
Entzun

Duela bi aste 30 orduko orientazio proba bat irabaztetik zetorren Mujika, baina astearen hasieran zenbait arazo sumatu zituen, eta lasterketan ere halaxe ibili dela adierazi du. Oihana Azkorbebeitia eta biak zein baino zein aritu dira proba osoan, eta azken aldera aurreratu da Mujika.

Sorpresa handia izan da zuretzat lasterketa eta Euskal Herriko Ultra Txapelketa irabaztea?

Niretzat sorpresa izan da, bai. Arazo batzuk nituela etorri naiz Leitzara, eta azkenaldian kilometro dezente pilatuta nengoen, gainera. Ez nekarren konfiantza handirik, baina ikusteko zegoen lasterketak zer bilakaera izango zuen. Hala ere, esandakoa, oso konfiantza gutxi neukan nire buruarengan.

Lasterketa askorik jokatu gabe zinen azkenaldian Leitzara iritsi aurretik.

Ez nintzen Zegaman aritu, baina 30 orduko orientazio proba bat jokatu berri dut orain dela hamabost egun. Ondo etorri nintzen proba hartatik, baina astearen hasieran arazo batzuekin hasi nintzen. Lasterketa osoan ibili naiz arazoekin, eta amaieran jada minarekin amaitu dut.

Lasterketa osoan oso lehia estua izan duzue Oihana Azkorbebeitiak eta biok.

Bai. Lasterketako momentu askotan ez dut ikusi ere egin, baina banekien une oro oso gertu zegoela. Amaierara arte ez dut aukera handirik izan haren parera iristeko, baina azken kilometroetan aurreratzeko gai izan naiz.

Noiz ikusi duzu zeure burua garaile?

Azkorbebeitia asko ezagutzen dut, eta ez da batere fidatzekoa (barrezka). Aldapa beherantz arazo batzuekin zihoala esan dit, eta, ni, aldiz, beherantz pixka bat hobeto nindoan. Ni ere ez nindoan bera baino askoz gusturago, baina hortzak estutzea tokatu zait garaipena lortzeko.

Lehen aldiz lortu duzu ultra distantziako Euskal Herriko txapelketa.

Bai. Nire ibilbidea Goierriko Bi Handietan hasi nuen, eta, geroztik, urtero gustatu izan zait ultra distantziako lasterketa bat edo pare bat jokatzea. Aurtengorako ez neukan helburu jakinik, eta ultra distantziako Euskal Herriko Kopa jokatzea erabaki nuen. Oraingoz, dena bikain doa. Asko gozatzen ari naiz, eta gorputzak badirudi hein batean laguntzen duela.

Hilabete eta erdira, berriro itzuliko zara Goierriko Bi Handietara.

2018an eguraldiagatik bertan behera gelditu zenetik, ez naiz itzuli Goierriko Bi Handiak lasterketara, eta gogo handiarekin nago berriro ere itzultzeko. Lasterketa horren oso oroitzapen onak dauzkat.

Lasterketa horretan erabakiko da Euskal Herriko Ultra Distantziako Kopako irabazlea.

Bai, bertan erabakiko da dena. Oihana Azkorbebeitiaren eta bion artean jokatuko dugu txapela. Han ere lehia estua izango dugula iruditzen zait.

Hura amaituta, zein izango duzu aurrerantzeko egutegia?

Uztailaren 12an Goierriko Bi Handietara joan aurretik, ekainaren 15ean Malagan (Andaluzia, Espainia) izango naiz Espainiako kluben arteko txapelketan. Ondoren, orain bi aste jokatutako orientazio proba irabazi genuenez, Europako txapelketa daukagu Holandan. Egutegiarekin jarraitzeko, urrian, Legazpin (Gipuzkoa) jokatuko den Korosti Trail mendi lasterketan izango naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.