‘Songs of Earth’ Norvegiako filmak irabazi du Mendi Filmeko sari nagusia

Epaimahaiak pelikularen «argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa eta soinu banda sublimea» nabarmendu ditu. Zuzendari onenaren saria 'Flyng hands' ondu dutenek jaso dute, Marta Gomez eta Paula Iglesiasek, eta euskarazko film onenarena, 'Zazpi' lanak.

'Songs of Earth' filmaren fotograma. MARGRETH OLIN
'Songs of Earth' filmaren fotograma bat. MARGRETH OLIN
ramon olasagasti
2024ko abenduaren 14a
21:30
Entzun

Songs of Earth Norvegiako filmak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 17. ekitaldiko sari nagusia. Ikusleak ez ezik epaimahaiko kideak ere txundituta utzi ditu pelikulak. Margreth Olin zuzendariaren dokumentalak gurasoengandik jasotako naturarekiko maitasuna du oinarri. «Argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa eta soinu banda sublimea» dituela azpimarratu du epaimahaiak aho batez. «Erritmoa pausatu eta entzuteko prest jartzen garenean jabetzen gara emana zaigun horretaz: natura deika daukagu», nabarmendu du.

Balio sozialetan oinarritutako dokumentalgintzan ibilbide oparoa egin du Margreth Olinek, eta lehenengoz hartu du parte Mendi Filmen. 2023an estreinatutako film horretan gurasoak bihurtu ditu protagonista, Norvegia sorterriko Oldedalen eskualdeko paisaia liluragarrien altzoan.

Oscar sarietarako Nazioarteko Film Onenaren Norvegiako hautagai izan da Songs of Earth, hainbat mendi eta gai sozialetako zinemalditan izan da partaide, eta Filmin plataforman ikusgai dago, Mendi Filmeko aurreko aldietako hainbat film bezala.

Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Flying Hands filmeko tandemak jaso du: Marta Gomez eta Paula Iglesiasek. Al Borde Films eta Labografias Bilboko ekoiztetxeen lana da, eta Baltistan fundazioak babestutako proiektu bat da filmaren oinarria: Baltistango gorren komunitatea, bereziki haurrak eta gazteak, gizarteratzen lagundu duen Aniqa Bano ekintzailea da protagonista. Bilbon izan da Aniqa Bano bera, filma aurkezten, lantalde osoarekin batera. Sari hori aupada handia da haientzat, filmak Goya sarietarako hautagai izateko egin nahi duen bidean. Hauxe da filmaren aurkezpeneko trailerra:

 

Euskarazko film onenaren EITB saria, berriz, Mikel Lizarralde Asurmendik zuzendutako Zazpi filmarentzat izan da. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik egindako bidea kontatzen du Lizarraldek lan horretan. Bizipen horiek mugimenduan eta ibilian kontatzea erabaki zuen Lizarraldek. Eta horretarako beste erronka bat abiatzea, zazpigarrena: Euskal Herria alderik alde zeharkatu eta lurralde bakoitzeko gailurrik garaienetara igotzea, Pagomakurren hasi eta Hiru Erregeen Mahaian bukatu.

'Zazpi' filmaren zuzendaria eta soinu bandaren egilea
Jabi Baraiazarra Mendi Film jaialdiaren zuzendaria, Mikel Lizarralde 'Zazpi' filmaren zuzendaria eta Maite Arroitajauregi 'Mursego' soinu bandaren egilea. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL

Honako hauek izan dira epaimahaiko kideak: Michael Dillon zinegilea (Australia), Joni Cooper Kaliforniako DocLands jaialdiaren sortzailea (Kanada), Tom Hezemans Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendaria (Herbehereak), Oscar Gogorza kazetari eta mendi gidaria (Euskal Herria) eta Haizea Huegun musika konpositorea (Euskal Herria).

Azken eguna, igandea, hilak 15, Non Stop saioekin gozatzeko eguna izango da, Euskalduna jauregian. Pelikula sarituekin hiru saio programatu dira (12:00etan, 17:00etan eta 19:30ean), eta sari banatzeko ekitaldia 17:00etan egingo da. Film eta giro bikaineko ekitaldiari amaiera emateko modu dotorea izango da.

PALMARESa

  • Sari Nagusia.
    Songs of Earth[Margreth Olin, Norvegia, 2023]. 
  • Zuzendari onena.
    Marta Gomez & Paula Iglesias - Flying Hands[Euskal Herria, 2024]
  • Gidoi onena.
    L´età Sperimentale[Marco Zingaretti, Italia, 2024]
  • Argazkilaritza onena.
    Of a Lifetime[Jerome Tanon, Frantzia, 2024]
  • Epaimahaiaren saria.
    Planet Walker[Dominic Gill & Nadia Gill, AEB, 2023]
  • Soinu banda onena.
    The Last Observers[Maja Karlsson Mikkelsen, AEB, 2024]
  • Euskarazko film onenaren EITB saria.
    Zazpi[Mikel Lizarralde, Euskal Herria, 2024]
  • Mendiko film onena.
    The Last Expedition[Eliza Kubarska, Polonia-Suitza, 2024]
  • Eskaladakofilm onena.
    Ashima[Kenji Tsukamoto, AEB, 2023]
  • Kultura eta naturakofilm onena.
    Un Pasteur[Louis Hanquet, Frantzia, 2024]

  • Kirol eta abentura film onena.
    Andrea, un unpaved route[Maxime Moulin, Frantzia, 2024]

  • Film labur onena.
    Jamie[Alex Lopez, Kanada-AEB, 2023]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.