Felipe Uriarte
Tashi Delek. Dingboche (4.730 m). 2023ko abenduak 10

Sonam Dikiren sukaldean

2023ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Tema xinbu kenó!, bota dut ahots goran, Usain zoragarria dago!, eta Sonam Dikik tutxetxé batez bustita irribarre zabalaz eskertu dit, tipula eta baratxuri frijituen lurrinak sukalde txikia betetzen duelarik. Han bildutako gizasemeek barre herabe batez erantzun dute, elkarri begira.

Gelditu gabe dabil Sonam Diki sua piztu duenetik: burruntzalia –aginte makila– eskuan, su baxuan dituen eltzeetatik butanoz elikatutako sukaldean dituen eltzeetara, burruntzalia utzi, barazkiak bildu eta labanarekin xehe-xehe moztu; armairua zabaldu, pote handi batetik martxil pittin bat atera, eltze batera gehitu, eta burruntzaliaren jabe berriro eltzekoari eraginez. Lanean Prem Rai neskameak laguntzen dio, hau mantsoago, baina gelditu gabe.

Felipe Uriarte eta Sonam Diki sherpa
Felipe Uriarte eta Sonam Diki sherpa.

Eserita Sonam Tashi, Kami Kantza eta Gandha Rita xerpak hitz-aspertuan. Ez diet gauza handirik ulertzen, baina izenak entzuten ditut, Lobuche, Tso La, Thame eta abar, eta sumatzen dut trekkingez ari direla. Su baxuaren karratu txikian sugarrak dantza alaian, alde batean 3 gizasemeak berba batean, bestean Sonam Diki alderik alde, tarteka buelta eman eta gizonei zerbait botatzen die. Hauek adi jarri, eta baiezkoa ematen diote. Tomba eskaini dit Sonam Dikik, eta pozik onartu nik, ez baita Khumbuko ohiko edaria, Kangchenjunga aldekoa baizik. Kami eta bioi atera digu tomba, eta xexexez edatera gonbidatu. Zergatik maite dut Sonam Diki hainbeste eta ez Sonam Tashi eta beste bi sateliteak?

Sonam Dikirekin ziurtasuna sentitzen dut, badakit aterako didan tomate zopak gezurrik ez duela izango; aldiz, Sonam Tashirekin ez naiz horrenbeste fidatzen. Emakume xerpa guztiekin gauza bera gertatzen zait, hor daude bere sukalde ilunetan, etxea alaitzen, lurrinez, berotasunez eta jaki goxoz. Beren txoko horietan gordetzen dute xerpa kulturaren hainbat ezaugarri, hizkuntza tartean. Bitartean gizasemeak trekkingetan dabiltza, lurralde hau mendiko turismoaren bidez jasaten ari den kolonizazio bortitzaren parte, irribarre harroz beren buruari garrantzi handia emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.