Mendia

Shackletonen arrastoan

Sebastian Alvaro, Juanjo San Sebastian eta beste sei mendizale Hegoaldeko Georgietatik iritsi berri dira. Henry Shackelton abenturazaleak Antartika alderik alde zeharkatzeko bere garaian egin zuen balentria burutu berri dute.

Shackletonen arrastoan.
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Shackletonen abentura guk geuk bizi nahi genuen, eta lortu dugu. Nire bizitzako espedizioa izan da». Sebastian Alvaro Lomba (Madril, 1950) abenturazale eta Al filo de lo imposible TVEko programako zuzendari izandakoaren hitzak dira, Hegoaldeko Georgiatik itzuli eta bi egun eskasera. Urriaren 2an atera zen herrialde urrunera beste zazpi mendizalerekin: Ramon Portilla, Luis Heras, Jose Manuel Fernandez, Mariano Izquierdo, David Perez, Remedios Moran eta Juanjo San Sebastian euskal herritarra. 1914an Ernest Shackleton irlandar abenturazaleak han egin zuen zeharkaldia egin dute, Alvaroren beraren gidaritzapean. 60 kilometroko zeharkaldia izan da, eta guztira 1.700 itsas milia egin dituzte ontzian. Horrez gain, bi glaziar zeharkatu eta orain arte izenik ere ez zuten hiru tontor igo dituzte.

Alvaro egona zen Hegoaldeko Georgietan, baina «lagun zaharrekin» joan nahi zuen berriro. «Azkenaldian gustuko ditudan espedizioak baino ez ditut egiten, eta gustuko dudan jendearekin», azaldu du.Hala, Georgietako espedizioak ezaugarri guztiak zeuzkan: abentura handi bat eta historia harrigarri bat, Shackleton handiarena.

Madrildik atera eta hiru egunera Malvina uharteetan ziren zortzi lagunak, La Sourire ontzian Georgietako uhartera joateko. Atlantikoa itsaso suminkorra da, eta ospe horrek beldurtuta, «ozeanoa itsasontzira ez sartzea» beste kezkarik ez zeukaten abenturazaleek. Sei eguneko zeharkaldia izan zen. Hegoaldeko Georgietan ez dago ia bizitzarik; ez biztanlerik, ez oinarrizko azpiegiturarik. «Munduan leku gutxi daude Hegoaldeko Georgiak bezain zailak heltzeko», azaldu du Sebastian Alvarok.

«Himalaian, esaterako, 7.400 metroan ere egiten dira erreskateak gaur egun. Hegoaldeko Georgietan, ordea, pentsaezina da halako ezer. Hango gobernuak beregain izatera behartzen ditu abenturazale eta esploratzaile guztiak; baita larrialdietan inoren laguntzarik gabe ateratzeko gai izatera ere», azaldu du. Muturreko herrialdea da, muturreko eguraldiarekin. Izan ere, Georgietan eguraldi txarra eta oso txarra, besterik ez omen dago, eta horren erakusgarri, Shackletonen zeharkaldia hasi eta gutxira, denboraleari aurre egin ezinik ontzira itzuli behar izan zuten.

Shackletonen hilobia

Itsasoan ziren berriro, bidaiaren hurrengo jomugara bidean: Grytviken balea estazioa. Han daude uhartean bizi diren biztanle apurrak, Georgietako museoa eta balea faktoriak, eta baita Shackletonen hilobia ere. XX. mendeko abenturazale erromantikoa bihotzekoak jota hil zen eta, emazteak hala eskatuta, han eman zioten lur. «Hilobia bisitatzea oso berezia izan zen. Juancho Barona musikariak Brahms-en sehaska kanta bat egingo du aurki Shackletonen omenez. Guk ere zerbait oparitu nahi genion, eta Ramonek, Juanjok eta hirurok Baronaren plektro bat eraman genuen Shackletonen hilobian uzteko», azaldu du hunkituta.

Metalezko kaxa bat ere eraman zuten, pipa tabakoarekin. Antza denez, Endurance ontzia uzteko unea iritsi zenean, behar ez zuten guztia han uzteko eskatu zien Shackletonek ontziko gizonei. Zeukaten pizgarri bakarra utzi omen zuten marinelek; tabakoa, alegia. Une gogor hura gogoan hartuta, hilabete batzuen buruan, Elefante uhartean erreskatatu zituenean, ontzitik tabako paketeak bota omen zizkien Shackletonek marinelei.

Heaney eta Nordenskjold glaziarrak ere zeharkatu dituzte zortzi mendizaleek. Abenturaren pasarte honetan ere haize bortitzak erabat belztu zuen izotz zuritan egiten ari ziren bidaia. Glaziarretako zeharkaldia amaituta, Posesion Badiara itzuli eta Shackletonen ibilbidea berriro egitea erabaki zuen La Sourire espedizioak. «Shackleton lepoan oso gau txarra pasatu genuen. Haizea ikaragarria zen eta oso zaila izan zen kanpin dendak jartzea. Ramon eta Juanjoren kanpin denda lehertu egin zen azkenean eta blai eginda geratu ziren, zero azpitik 10 graduan. 12 ordu ikaragarri gogorrak izan ziren», azaldu du Alvarok. Mendietako izotzak eta elurrak irentsi egingo zituela sentitu zuten hurrengo gauean. Ilusioa akuilu zuten, ordea, eta aurrera egin zuten; Fortuna Bay-ra joan ziren lehenengo, eta Stromneseraino gero; orain 97 urte Shackletonek egin zuen zeharkaldia errepikatu eta ametsa egi bihurtzeko.

Urriaren 3an atera eta azaroaren 22an itzuli da etxera Alvaro taldekideekin. 200 espediziotik gora eginagatik, Georgietakoa inoiz egin duen «arrakastatsuena» dela aitortu du. Aurreikusitako ibilbideaz gain, glaziarrak zeharkatu eta inoiz inork zapaldu gabeko gailurrak igo dituzte. Lorpenez harago, ordea, Georgietakoa «kirola eta alpinismoa baino askoz gehiago» izan da Alvarorentzat.

«Abentura erromantiko bat izan da. Langile xumeen antzera atera ginen etxetik; eta Ernst Shackletonen erreinu zoragarria burututa itzuli gara», adierazi du. «Espedizio hau egin ostean, argi daukat barne esperientzia bihurtzen diren espedizioak baino ez ditudala egin nahi aurrerantzean. Halakoak egin nahi dut, eta egingo ditut», esan du hunkituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.