«Sentitzen nuen ez nengoela bizien munduan, hanka bat bestean neukala»

Irene Sarrionandia korrikalariak trantze larria igaro zuen larunbatean Valle de Tena trailean, Garmo Negro gailurrean. Eguraldiak okerrera egin eta hipotermiak jota, helikopteroan erreskatatu zuten. Gertatutakoaren kontakizuna da hau, hark kontatua.

IRENE SARRIONANDIA
Irene Sarrionandia, mendiko trail batean. AMAIA LARRUZEA
ramon olasagasti
2024ko irailaren 5a
11:30
Entzun

Irene Sarrionandia (Zornotza, Bizkaia, 1948) oso maitatua eta ezaguna da mendiko trail edo lasterketen munduan. 2003an hasi zen mendian korrika, Zegama-Aizkorriren bigarren ekitaldian, eta, ondotik, 11 aldi egin zituen jarraian. Izabako Camile Extreme proban ere aurten arteko ekitaldi guztietan parte hartu du, eta aurten omenaldia egin diote. Larunbatean Valle de Tena trailean zen, 4K distantzian (42,3 km eta 3.640 metroko goranzko desnibela). Aurrez ere egina zuen pare bat aldiz maratoi hori, ibilita zetorren, hamabost egun lehenago beste mendi maratoi bat korrituta Ariege eskualdean (Frantziako Pirinioa). «Prestakuntza aldetik normal joan nintzen Panticosara. Gogoratzen ditut lehenagoko denborak, hasi nintzenean nola igotzen nuen Garmo Negro bi orduz azpitik, gero bi ordu pasatxoan, gero bi ordu eta hogeian, bi ordu eta erdian... Badakit denborak pixkanaka okertuz joan naizela, baina hori normaltzat hartzen dut», adierazi du.

Larunbateko eguraldi iragarpenak ez ziren txar-txarrak, goizerako behintzat; gero, arratsalderako ekaitzerako joera ematen zuten. «Panticosako bainuetxetik ateri abiatu ginen, baina lasterrera tanta batzuk hasi ziren erortzen. Nire artean: kontxo, zer arraroa, hau ez da orain tokatzen. Eta gero tanta gehiago». 1.000 bat metroko desnibela egina zutela, Garmo Negro goitik zetozen mendizaleei goian zer eguraldi egiten zuen galdetu zieten Ireneren inguruko korrikalariek. Behe lainoa eta hotza, baina haizerik ez, erantzun zieten. «Hori ederki hartu nuen nire ganbararako: haizerik ez».

(ID_17255258927705) Oihana Azkorbebeitia eta Irene Sarrionandia Valle de Tena mendi
Oihana Azkorbebeitia eta Irene Sarrionandia, Valle de Tena traileko 4K proba abiatu aurretik elkarrekin ateratako argazkian. Azkorbebeitia bigarren izan zen proban. OIHANA AZKORBEBEITIA

Gora eta gora, ordea, baldintzak gaiztotuz joan ziren: gero eta hotz handiagoa, gero eta euri gehiago, gero eta bustiago... «Leporako 200 bat metro falta zirela, eskularruak jarri nituen. Ondoren, motxilatik zira fina atera eta jantzi egin nuen, baina lotu gabe, eta gorantz jarraitu nuen. Iritsi nintzenean lepora, haizea zegoen. Kauen zotz! Haize-ezkutu batera iritsi bezain pronto, arropa gehiago jantziko dut, esan nuen nire artean. Motxilan neramatzan kamiseta lodiago bat eta galtza luzeak. Galtzak ez nituen jantzi nahi, horretarako zapatilak kendu egin behar nituelako, eta tarte horretan hoztu egin nintekeelako».

Arnasestua baretu ezin

Gailurrerako ertzera iritsi zenean, iparrera agertu zuen burua, haize-babes baten bila, baina iparrera ez zegoen pasatzerik. «Ordurako, nire eskuak ez ziren gauza ez kremailera lotzeko, ez motxila askatzeko, ez arropa janzteko. Lehenbailehen gora jotzea erabaki nuen, gehiago hoztu gabe. Arnasestu batean nindoan. Kontrolerako 30 bat metro falta zirela, ia goi-goian, ikusi egiten bainuen erpin geodesikoa, laguntza eskatzea pentsatu nuen. Baina ezin izan nintzen haraino iritsi: eskuek eta oinek ez zidaten erantzuten, zutik ezin nintzen ibili, eta katuka egin nituen metro batzuk; konerterik gabe erori baino lehen, etzan egin nintzen lurrean. Arnasestu batean jarraitzen nuen, ez dakit zenbat taupada izango nituen, eta lurrean etzanda ere ez zen baretzen». Hipotermia hezurretaraino sartua zuen Sarrionandiak.

Goizeko 10:30ak inguru ziren, eta, bertan zirenen arabera, 3.000 metroz goitik sentsazio termikoa 0 gradu ingurukoa izan zitekeen. «Haizeak gogor jotzen zuen, blai eginda nengoen, arropa gutxirekin...». Lasterketan parte hartzen ari ziren Zaragozako bi mutil hurbildu zitzaizkion aurrena, Daniel de la Iglesia eta Jose Miguel Garcia. Haiek estali zuten manta termikoarekin eta pasa zieten abisua kontrolekoei... Ondoren, mendian zebilen erizain valentziar bat agertu zen, Pablo izenekoa. «Hark hartu zuen gidaritza. Galderak egiten zizkidan etengabe, konorterik gal ez nezan, eta nik bitartean dardarka eta arnasestu etengabean jarraitzen nuen. Bihotza ez zen lasaitzen, eta hitz egiteko eta garbi ahoskatzeko ere ez nintzen gai».

Erizain valentziarra korrikalari bizkaitarraren ondoan etzan zen, bere gorputzarekin bestearena berotu nahian. «Trantze hartan, erizainak, nire ondo-ondoan etzanda, beroa eman nahian, esaten zidan: hau ez iezaiozu senarrari esan gero. Uste dut barre txikia ere egin nuela, baina beste zenbait unetan gogoa nuen begiak itxi eta agur esateko. Halako batean, enkargua ere eman nien: ‘Nire familiarekin zaudetenean, esan senarrari eta alabari haiekin gogoratu naizela’; izan ere, alaba karrera berean zegoen, eta senarra bizikletan ateratzekoa zen».

Laguntzaileek helikopteroari deitu zioten, baina, behe lainoaren eta haizearen ondorioz, helikopteroa ezin zen iritsi Garmo Negro gain hartaraino. «Esan nien saiatuko nintzela zutik ipintzen. Hala, lagunduta, zutitu eta pauso batzuk emateko gai izan nintzen. Aurrez, galtza handi batzuk jantzi zizkidaten, erizainarenak uste dut. Ia besazpiraino iristen zitzaizkidan, baina lodiak eta ederrak ziren. Haiei gerrikoa lotu, zamarra handi bat gainetik bota, eta janzkera horrekin, batek aurretik eta besteak atzetik lagunduta, lehenengo urratsak egin nituen beherantz». Jaisten hasi orduko hasi zen hobeto sentitzen, eta lepotik behera bere kabuz jaitsi zen, belarra hasten den lekuraino. Han jaso zuen GREIMen helikopteroak. «Egoerari buelta emanda nengoen ordurako. Bainuetxera nire kabuz jaisteko gai sentitzen nintzen, baina ez nengoen errebeldiarik erakusteko ere».

Materialaren garrantzia

Panticosa herriko heliportuan hartu zuen lur helikopteroak, eta handik anbulantzian eraman zuten lasterketaren helmugara. «Han utzi ninduten libre. Autoan, senarrari goian bizitakoa kontatzen hasi, eta emozionatu egin nintzen. Esan nion bizitzari agur esateko zorian egon nintzela. Benetan, sentitzen nuen ez nengoela bizien munduan, hanka bat bestean neukala. Beste alde batetik, ordea, ez neukan ezer apurtuta, ez nuen inolako minik hartu, ez nuen ezertxo ere... Senarrak azpizuna zeukan erosita, eta bapo bazkaldu genuen; gero, alabaren lasterketa bukaera ikustera joan ginen berriro helmugara».

«Halako batean, enkargua ere eman nien: ‘Nire familiarekin zaudetenean, esan senarrari eta alabari haiekin gogoratu naizela’»

IRENE SARRIONANDIAMendi korrikalaria

Mendian asko ibilitakoa da Sarrionandia, Pirinioetan, Andeetan ere bai, seimilakoetan, eta hotza zer den probatutakoa da: «Hotza eskuetan, hotza oinetan, baina jasaten den horietakoa. Garmo Negron pasatu nuen krisialdi hori berria izan da niretzat. Alde horretatik, helmugan ez zidaten inolako osasun azterketarik egin jakiteko zer pasatu zitzaidan, nire gorputzaren tenperatura noraino jaitsi zen, bihotzak nola erantzun zuen, zer tensio neukan... Ez daukat inoren epairik jakiteko zer gertatu zen edo zergatik, eta pena horixe daukat».

Bestelako ondoriorik ere atera du: «Horrelako probetan, antolakuntzak derrigortzen dituen jantzi eta materialak eramaten ditugu, baina, iragarpena ez bada txar-txarra, daukagun finena eramaten dugu. Nik ere ez nuen eraman soberakorik, eta iragarpenarekin ere konfiantza lartxo izan nuen. Bestalde, daramazun hori ahal duzun bitartean jantzi behar duzu, zeren ezina iristen bazaizu, alferrik da motxilan eramatea. Nik hor huts egin nuen: jantzi nahi nuenerako, ezin nuen».

Larunbatekoaren ondoren, igandean, Jaka gaineko Oroel mendira igo zen Sarrionandia, eta dagoeneko hurrengo maratoia prestatzen ari da: Mañaritik Atxetara (22 km, 2.000 m+), irailaren 21ean. «Lehenengo aldiz egingo da aurten, eta sekulako ilusioa dut, amaren baserriaren ingurutik igarotzen delako. Atxartetik gora dagoen azken baserrikoa zen ama, Intxalde baserrikoa, eta umetan hor bizi izan nintzen amamarekin eta osaba-izekorekin, eta paraje horri maitasun handia diot. Hortaz, lasterketaren ibilbidea ikusi nuenean, pentsatu nuen: ene, zahartxo harrapatzen nau, baina uste dut sei ordutan egiteko gai izango naizela, eta di-da izena eman nuen».

Garmo Negrora itzultzeko gogoa ere badauka, «normal»: igotzeko, besterik gabe. Tena bailarako maratoiari agur esateko asmoa zuen aurten, baina, nola amaitu den ikusita, atetxo bat irekita laga du: «Eta datorren urtean egingo banu, eta ondo bukatu? Ikusiko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.