Mendia

Saria 'Agur eta ohore' bideari

Ekaitz Maiz eta Antton Zabala eskalatzaileek Pirinioetako Marboreko Dorrean irekitako bidea saritu du FEDMEk

2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Urtearen hondarrean sartzearekin batera, hasi dira bateko eta besteko federazioak 2011ko jarduera interesgarrienak aitortzen eta horiek saritzen. FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak jakinarazi ditu bereak, eta urteko eskalada jarduera onenaren saria Ekaitz Maiz eta Antton Zabala eskalatzaileei eman die, Pirinioetako Marboreko Dorrearen ipar horman udan ireki zuten Agur eta ohore bideagatik.

Maiz eta Zabala ez dira halako sarien zaleak. Sariak bainoago, Marboren irekitako bideak berak gogobete ditu, eta izan duen oihartzunak. «Juan Mari Iraolak eta Juan Vallejok egin dute, eta Azkoitiko Andola-k eta haren lagun batek ere bai. Juan Marirekin hitz egin nuen bideari buruz, eta asko gustatu zitzaiela esan zidan, baina egiten zuen hotzagatik ez zutela erabat disfrutatu», esan du Ekaitz Maizek.

Uztailaren 30 eta 31n, eta abuztuaren 10ean ireki zuten bidea, eta Maiz bera izan zen eskalatzen aurrena, abuztuaren 27an. «Marboreko ipar horma, erditik eta nahiko modu zuzenean zeharkatzen du. Gehienbat plaka estilokoa da, baina sabai, diedro eta pitzadura batzuk ere baditu. Hain bide luzean —300 metro ditu— oztopo ugari daude. Zailtasunari dagokionez, bigarren luzea da zailena, 8a mailakoa, baina kateatzeko orduan, azken luzeko azken mugimendura arte ezin duzu egintzat eman», argitu du Maizek.

Finean, ipar horma horretako beste bideen ezaugarriak ditu Agur eta ohore-k. «Haitzaren kalitatea nabarmenduko nuke: izugarri ona da, itsaskortasun handikoa, nahiz eta helduleku asko kamutsak diren. Saiatu nahi duenak maila bat izatea ezinbestekoa da», esan du Maizek.

Zabalza eta 'No siesta'

Maiz eta Zabala ez dira FEDMEk saritu dituen euskal mendizale bakarrak. Alpinismo europarraren sailean, Mikel Zabalza eta Manu Cordoba saritu dituzte, berriki Jorasses Handietako ipar horman No siesta bidea eskalatzeagatik. Alpeetako harkaitz eta izotz biderik gogorrenetakoa den hori urriaren 13an eta 14an eskalatu zuten. Haien atzetik, Mikel Saez de Urabainek eta Kepa Escribanok ere eskalatu zuten No siesta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.