Abian da Mont Blanceko UTMB, mendiko lasterketa guztietan entzutetsuena. Lasterketa nagusia (176 kilometroko ultra) gaur bertan hasiko da, baina, horren aurretik, neurri laburrago batzuk jokatu dira aurreko egunotan. Atzo izan zen, esaterako, OCC deritzona (57 kilometro eta 3.500 metroko goranzko desnibela), eta euskal korrikalariak bikain aritu ziren: Sara Alonso (Donostia, 2001) podiumaren atarian geratu zen, laugarren, distantzia horretako bere estreinakoan, eta Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) bosgarren izan zen.
Emakumezkoetan, faborito nagusietako bat gailendu zen OCCn: Miao Yao txinatarra. Tabor Hemming estatubatuarrak estu hartu zuen Yao hasieran, baina, azkenean, txinatarrak bere azkartasuna eta eskarmentua baliatu, eta garaipena lortu zuen. Mendiko herrixka bateko familia apal bateko alabak erotu beharrean jarri zituen Chamonixen bildutako herrikide guztiak. Yaok sei ordu eskasean osatu zuen proba (5.54). Judith Wyder suitzarra izan zen bigarren, eta Clementine Geoffray frantsesa, munduko txapelduna, hirugarren. Sara Alonso (Asics) donostiarra laugarren izan zen, Zegama-Aizkorri probaren atarian izan zuen pneumonia erabat sendatuta eta arantza aterata.
Sara Alonsok hasierako egutegian ez zuen aurreikusita OCC lasterketan parte hartzea, baina osatzen ari zela, erietxean, «berealdiko gogoa» sortu zitzaion parte hartzeko, Trail Running Review atari digitalari emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez. «Artean sailkatu gabe nengoen OCCrako, baina galdezka hasi nintzen, ea zenbat egunen buruan aterako nintzen ospitaletik, sailkapeneko proba batean parte hartzeko. Halaxe joan nintzen Korsikara, eta han lortu nuen sailkatzea». Lehiatu gabe hainbat hilabete egin ondoren, bost aurrenekoen artean egotearekin pozik izango zela adierazi zuen, eta lortu du helburu hori.
Egea, bosgarren
Gizonezkoetan, Christian Allen eta Eli Hemming estatubatuarrak eta Remi Bonnet suitzarra aurreratu ziren, erritmo ikaragarri bizian, baina kilometroen joanean Hemming baino ez zen gai izan martxa itogarri horri eusteko. Beste biak, azken indar izpiak xahututa, erretiratu egin ziren. Atzetik, Antonio Martinez espainiarra eta atzeraxeago Francesco Puppi italiarra gerturatuz joan zitzaizkion, baina ez zuten lortu guztiz jatea estatubatuarraren 8 minuturen aldea. Azken igoeran, Puppik aurre hartu zion Martinezi; italiarra izan zen bigarren, eta espainiarra hirugarren. Hemming (5.11.48) izan da OCC irabazi duen lehen estatubatuarra.
Juwei Zi txinatarra izan zen laugarren, eta Aritz Egea, 40 urterekin eta munduko onenen artean lasterketa izugarria eginda, bosgarren helmugaratu zen.