Sara Alonso garaile Calamorro Skyrace proban

2024ko Skyrunner World Series zirkuituko bigarren proban, donostiarrak buruz buruko estua izan du Julia Font valentziarrarekin, eta azken igoeran hartu dio aurrea. Kilimon Trail proban, berriz, Ainara Urrutia eta Gontzal Murgoitio gailendu dira.

Sara Alonso garaile 2024ko Calamorro Skyrace proban
Sara Alonso nekearen eta pozaren artean, Benalmadenako helmugan. CHRIS ALONSO
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 9a
09:00
Entzun

2024ko Skyrunner World Series zirkuituko bigarren lasterketa jokatu da asteburu honetan, Benalmadenako Mendilerroan (Espainia): Calamorro Skyrace, 27,5 km eta 2.270 metroko desnibeleko lasterketa teknikoa, apenas zelaigunerik gabea eta zango apurtzailea. Nesken proba izan zen ikusgarria batez ere, Sara Alonso donostiarraren eta Julia Font valentziarraren (Herrialde Katalanak) arteko buruz burukoa. Probaren bigarren zatian batez ere orain bat eta orain bestea txandakatu ziren lasterketaren buruan, baina azken igoeran Alonsok erasora jo zuen, eta helmugaraino eutsi zion lehen postuari.

Bien arteko lehia estu horri esker, gainera, Alonsok berak 2022an ezarri zuen probaren errekorra (3:00:08) apurtu zuen Asics taldeko donostiarrak, eta 2 ordu, 59 minutu eta 08 segundo behar izan zituen lasterketa osatzeko. Hala adierazi zuen Alonsok probaren amaieran: «Julia Font egon izan balitz, ez nukeen lortuko errekor hau. Uneren batean, berak aurrea hartu eta alde egin didanean, ezinezkoa iruditzen zitzaidan garaipena; lehen posturako inoiz korritu dudan lasterketarik lehiatuena izan da. Oraintxe bertan min ematen dit gorputz osoak, baina oso harro eta pozik nago egin dudan lasterketarekin».

Mutiletan, Roberto Delorenzi italiarrak hasieratik hartu zuen aurrea, erritmo bizia ezarriz, eta helmugaraino eutsi zion postuari. Delorenzik, gainera, birrindu egin zuen Antonio Martinez espainiarrak 2023an lortutako errekorra (2:39:01): 2 ordu, 25 minutu eta 40 segundo behar izan zituen italiarrak 27,5 kilometroak osatzeko, aurreko marka baino 14 minutu gutxiago. Antonio Martinez bera izan zen bigarren, eta Luca del Pero italiarra hirugarren.

Sailkapenak, esteka honetan.

Urrutia eta Murgoitio, Kilimon Trailen

Euskal Herrian, Mendaroko (Gipuzkoa) XII. Kilimon Trail proba jokatu zen larunbat arratsaldean, urte garai honetarako bero sapa itogarriarekin, eta Ainara Urrutia aretxabaletarra eta Gontzal Murgoitio elorriarra gailendu ziren lasterketa luzean (23 km). Motzean, berriz, (11 km), Lola Oiartzabal gasteiztarra eta Imanol Inza zumarragarra izan ziren irabazle.

Lasterketa luzerako 195 lagun zeuden izena emanda, eta motzerako, berriz, 158. Eguzki galdatan osatu zuten proba korrikalariek, eta horrek, noski, dezente baldintzatu zituen denborak. Emakumezkoetan, Ainara Urrutia aretxabaletarra (Gipuzkoa) nagusitu zen (2:42:01), eta sei minutu eskasera helmugaratu zen Maite Maiora herriko lasterkaria (2:48:25). Hirugarren Ainhoa Caporossi zumaiar gaztea (Gipuzkoa) izan zen (2:48:47).

Gontzal Murgoitio eta Walter Becerra Kilimon Trail proban
Gontzal Murgoitio eta Walter Becerra, Kilimon Trail probaren buruan. BARREN

Gizonezkoetan, berriz, Gontzal Murgoitio izan zen azkarrena (2:05:33), Walter Becerra sestaoarra bigarren (2:08:30), eta Igon Mancisidor debarra hirugarren (2:17:37).

Lasterketa motzean, berriz, Lola Oiartzabal gasteiztarra izan zen garaile (1:08:39), eta haren atzetik Leire Olazabal debarra (1:11:31) eta Garazi Korra gasteiztarra helmugaratu ziren (1:13:34). Gizonezkoetan, berriz, lehenengo hirurak ordubete azpitik sartu ziren: Imanol Inza zumarragarra izan zen azkarrena (0:56:37), Mikel Zabala bigarren 8 segundo eskasera, eta Mattin Odriozola hirugarren (0:58:08).

Sailkapen guztiak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.