Sara Alonso bigarren eta Malen Osa bosgarren Golden Trail World Serieseko lehen proban

Japoniako Kobe Trail lasterketan lehiatu dira biak asteburu honetan, eta minutu eta erdi eskaseko aldea egon da bien artean. Emakumezkoetan, Maude Mathys suitzarra nagusitu da, eta gizonezkoetan, Patrick Kipngeno kenyarra, ezustean.

Kobe Trail probako bost aurrenekoak: Malen Osa bosgarrena, Theres Leboeuf hirugarrena, Maude Mathys irabazlea, Sara Alonso bigarrena eta Joyce Muthoni Njeru laugarrena. COLLIN OLIVERO
Kobe Trail probako bost aurrenekoak: Malen Osa bosgarrena, Theres Leboeuf hirugarrena, Maude Mathys irabazlea, Sara Alonso bigarrena eta Joyce Muthoni Njeru laugarrena. COLLIN OLIVERO
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 22a
08:45
Entzun

Asteburuan abiatu da Golden Trail World Series zirkuitua (GTWS), traileko egutegi entzutetsuena: Japoniako Kobe Trail izan da lehen probarria, eta agerian geratu da bai Sara Alonso eta bai Malen Osa podiumeko postuetan ibili daitezkeela, baita garaipenak lortzeko borrokan ere. Lehenengo lasterketan, Sara Alonso donostiarra (Asics) bigarren izan da, Maude Mathys suitzarraren atzetik, eta Malen Osa (Salomon) bosgarren. Bien artean minutu eta erdi eskaseko aldea besterik ez da izan, 21,3 kilometro eta 2.109 metroko desnibel positiboko proba bukatu ondoren.

Maude Mathys, 2020ko eta 2021eko Golden Trail World Serieseko irabazlea, indartsu itzuli da Akilesen zainean izan zuen ebakuntzatik, eta larunbateko lasterketan sei minututik gorako aldearekin gailendu zen (2.52.08). Askoz estuagoa izan zen hurrengo lauren arteko lehia, minutu eta erdiren barnean helmugaratu baitziren Sara Alonso (2.58.38), Theres Leboeuf frantziarra (2.58.38), Joyce Muthoni kenyarra (2.59.41) eta Malen Osa (3.00.01).

Sara Alonso oso gustura zegoen bigarren postuarekin: «Banekien sasoiko nengoela, baina zintzoa izanda, partaideen zerrenda ikusi nuenean, pozik nengoen top-5ean sailkatuta. Gero, partaide batzuk ez zirela etorriko jakinda, podiumarekin amesten hasi nintzen, baina hemen bigarren izatea, zirkuituko lehen proban, izugarria da».

Gizonezkoetan, Patrick Kipngeno kenyarrak ezustekoa eman zuen, eta aurrea hartu zien faborito nagusiei. Roberto Delorenzi suitzarrari, adibidez, hamar minututik gorako aldea atera zion. Urteak daramatza Kipngenok traileko lasterketetan, baina inoiz ez zuen garaipenik lortu halako karrera tekniko batean, eta aurten GTWS «lehertzeko» asmoa duela iragarri du. Hainbat atleta afrikar, tartean Kipngeno bera, egokitzen ari dira, pixkanaka, proba teknikoetara eta desnibel handikoetara, eta, hedabide espezializatu batzuk hasiak dira kenyarrak aurtengo Zegama-Aizkorri irabaz dezakeela iragartzen. Joey Hadorn suitzarra joan zen lasterketaren buruan kilometro gehienetan, baina azken aldera aurrea hartu zion Kipngenok.

SAILKAPENAK

Emakumezkoak

1.– Maude Mathys (SUI – Asics): 2.52.08 (+200 puntu)
2.– Sara Alonso (EH – Asics): 2.58.34 (+188 pt)
3.– Theres Leboeuf (FRA – TeamLeBoeuf/Compressport): 2.58.38 (+176 pt)
4.– Joyce Muthoni Njeru (KEN – Atletica Saluzzo): 2.59.41 (+166 pt)
5.– Malen Osa Ansa (EH – Salomon): 3.00.01 (+156 pt)

Gizonezkoak

1.– Patrick Kipngeno (KEN – Run2gether): 2.22.17 (+200 puntu)
2.– Joey Hadorn (SUI – Salomon): 2.23.26 (+188 pt)
3.– Elhousine Elazzaoui (MAR – Nnormal): 2.28.43 (+176 pt)
4.– Bart Przedwojewski (POL – Salomon): 2.28.49 (+166 pt)
5.– Daniel Pattis (ITA – Brooks): 2.30.45 (+156 pt)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.