Mendi lasterketak

Sara Alonso garaile eta Malen Osa hirugarren Golden Trail World Serieseko lehen proban

Japoniako Kobe Trail proba gogor eta teknikoan nagusitu da korrikalari donostiarra. Gizonezkoetan, Patrick Kipngeno kenyarra gailendu da. Skyrace des Matheysins proban, zazpigarren izan da Ibai Larrea, eta bederatzigarren, Ainara Alcuaz.

Sara Alonso garaile Japoniako Kobe Trail proban
Sara Alonso izan zen garaile Japoniako Kobe Trail proban. ANTHONY DEROEUX
ramon olasagasti
2025eko apirilaren 22a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteburuan hasi da 2025eko Golden Trail World Series zirkuitua, mendiko lasterketen egutegi nagusia, ederki hasi ere: Sara Alonso donostiarra garaile izan da Japoniako Kobe Trail lasterketan, eta Malen Osa, hirugarren. Lehendik ere jakina zen biak ala biak munduko onenen artean daudela —Malen Osa hirugarren izan zen iaz zirkuitu horretan, eta Alonso bigarren izan zen iaz Kobe Trailen—, eta horixe berretsi du GTWSeko estreinako probak. Sara Alonsok bigarren garaipena lortu du zirkuitu honetan, duela hiru urte Mont Blanceko maratoian lortutakoaren ondoren, non eta babesle duen Asics markaren etxean, gainera.

Kobe hiriaren ingurumarian egiten da lasterketa, Maya mendiko zidor malkartsuetan. 1995eko lurrikarak suntsitu egin zuen hiria bera, baina Rokko mendilerroko gailurrak ez zituen batere kamustu. Hango euri jasa gogorrei aurre egiteko, eskailera mailatan zizelkatuak daude Maya mendiko zidor sigi-sagatsuak, eta horiexei aurre egin behar izan zieten lasterketako 300 partaideek. Jaitsierak bihurgunez josita daude, sustrai eta harrien artean irrist eginez jaitsi behar da haietan, tentu handiz, eta igoerak ere ez dira nolanahikoak.

Joyce Muthoni Njeru kenyarrak, iazko irabazleak, indartsu ekin zion probari, eta abiatu orduko atzean utzi zituen lehiakideak. Haren uberan joan ziren Madalina Florea errumaniarra (Scott), Sara Alonso (Asics), Malen Osa (Salomon) eta Takako Takamura japoniarra. Lehen anoa gunetik igaro ondoren, ordea, bidegurutze batean nahastu egin zen Njeru, eta hutsegiteaz ohartu eta berezko ibilbidera itzuli zenerako, lau minutu galduak zituen. Alonsok aurre hartu zion tarte horretan, eta goranzkoan aldea zabaldu zuen. Hortik aurrera, lasterketaren buruan eutsi zion donostiarrak, helmugaraino (2.53.57). Hezetasunak higatu egin zituen atzeko hainbat korrikalari, baina Florea errumaniarrak sendo eutsi zion bigarren postuari (2.59.46), eta Malen Osa oñatiarrak, berriz, atzetik aurrerako lasterketa eginez, hirugarren postua lortu zuen (3.02.10).

Sara Alonso garaile eta Malen Osa hirugarren Japoniako Kobe Trail proban, 2025eko Golden Trail World Series proban.
Japoniako Kobe Trail probako bost aurrenekoak: Sara Alonso, erdian, eta Malen Osa, haren ezkerrean. ANTHONY DEROEUX

Alonsok azaldu zuen neguan «oso gogor» entrenatu dela eta bazuela itxaropena irabazteko. «Pena izan da Joyce bidez nahastu izana, baina jabetu naizenean lasterketaren buruan nindoala, erne joan behar izan dut, kontzentrazioari eusteko. Oso pozik nago denboraldiko lehen proba irabazi dudalako», adierazi zuen.

Gizonezkoetan, berriz, Patrick Kipngeno kenyarrak irabazi zuen Kobe Trail lasterketa, bigarren aldiz jarraian. Hasierako kilometroetan, elkarri mokoka joan ziren Patrick Kipngeno bera, Joey Hadorn, Sylvain Cachard, Philemon Kiriago, Patrick Kipngeno eta Daniel Pattis, baina bigarren zatian, Kipngenok erritmo aldaketa bortitza egin zuen goranzkoan, eta atzean utzi zituen aurkariak. Philemon Kiriago herrikideak ahalegina egin zuen hari jarraitzeko, baina bi minutu pasatxo galdu zituen helmugan. Bogdan Damian errumaniarrak egin zuen hirugarren.

Sailkapenak, GTWS zirkuituaren webgunean.

Ibai Larrea zazpigarren eta Ainara Alcuaz bederatzigarren Matheysins-en

Asteburuan jokatu zen Skyrunner World Series zirkuituko bosgarren proba ere: Skyrace des Matheysins, Frantziako Alpeetako Saint-Honore (Isere) herrian. Elurra, hotza, haizea eta eguraldi makurra zirela medio, antolakuntzak moldatu egin behar izan zuen ibilbidea, korrikalarien segurtasunagatik. Hala, kendu egin zituzten L’Oreille du Loup ertza eta Le Perollierreko igoera gogorra, baina hala ere 27 kilometro eta 2.000 metroko desnibela zituen ibilbidea prestatu zuten.

Lucille Germain frantziarra eta Alex Oberbacher italiarra izan ziren garaile Skyrace des Matheysinsen. Oberbacherrentzat, «baldintza perfektuak» izan ziren. «Neguko denboraldia egitetik nator, eta gozatu egiten dut hotzarekin eta haizearekin», adierazi zuen. Harengandik bi minutu eta erdira helmugaratu zen Roberto Delorenzi suitzarra, lasterketa ederra eginda. Jan Torrella 21 urteko kataluniar gaztea izan zen hirugarren. Nabarmentzekoa da Ibai Larrea euskal selekzioko kideak zazpigarren postua lortu izana. Euskal selekzioko beste bi kideak ere ez ziren oso atzera ibili: hamaikagarren izan zen Aitor Ajuria, eta hamahirugarren, Aitor Blanco.

Nesken artean, Lucille Germain frantziarrak lasterketa bikaina egin zuen, eta zortzi minututik gorako aldea atera zion Julie Roux herrikideari. Hirugarren Marta Martinez espainiarra izan zen. Euskal ordezkarien artean, Ainara Alcuaz bederatzigarren izan zen, lasterketa bikaina eginda. Lide Urrestarazu orain arte oso erregular aritu da Skyrunner World Series zirkuituan, eta iaz laugarren izan zen Skyrace des Matheysins proban, baina aurten hamabosgarren izan zen azkenean.

Sailkapenak probaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.