Sailkapen nagusiko azkengaraileek ez zuten jada ezer jokoan Zegaman (Gipuzkoa), Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko azken proban, azaroaren 26an. Zirkuituko garaileak ezagunak ziren ordurako: Alain Santamaria errioxarra eta Zuriñe Frutos artziniegarra.
Eguraldi atseginarekin abiatu ziren 74 korrikalariak. Ibilbide osoan lehia polita izan zuten lehenengo hiru gizonezkoek. Alexander Ordeñana izan zen garaile. Emakumeetan, betikoak ez zuen hutsik egin. Zuriñe Frutosek erdietsi zuen beste behin garaipena.
Gizonezkoetan, Alain Santamaria txirrindulari ohia nabarmendu da denboraldi osoan zehar. Jokatutako hamabi probetatik sei irabazi ditu, behin izan da bigarren, eta bitan hirugarren. Erregulartasuna izan du ezaugarri nagusia. Lehen posturako ia ez du areriorik izan: 912 puntu lortu ditu guztira. Alexander Ordeñana izan da bigarren, 851 punturekin, eta Aitor Perez Arrieta hirugarren, 792 punturekin.
Gizonezkoetan berdintasun handirik izan ez bada, emakumezkoetan zer esanik ez. Zuriñe Frutosek hamabi probatik hamar irabazi ditu. Sailkapen nagusian, hasieratik jarri zen aurrean, eta aldea handituz joan da lasterketaz lasterketa. 1.000 puntu lortu ditu guztira. Azken sailkapeneko bigarren postua izan zen Zegamako probako zalantza nagusia. Laura Perez bigarren izan zen Zegaman, eta bigarren sailkapen nagusian, 776 punturekin. Esti Garcia izan da hirugarrena, 765 punturekin. Nabarmentzekoa da emakumeetan parte hartzaile gutxi izan direla lasterketetan, zazpi edo zortzi besterik ez batez beste.
Santamariak eta Frutosek irabazi dute mendi duatloien zirkuitua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu