Uholde urdina izan zen herenegun Borriolen (Castello, Herrialde Katalanak). Euskal selekzioa goitik behera nagusitu zen herenegun Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan. Aritz Egeak eta Sandra Sevillanok irabazi egin zuten FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako lehiaketa. Horrez gain, taldekako txapelketak eskuratu zituzten bai gizonek, bai emakumeek.
Egeak euskal selekzioaren elastikoa jantzi zuen berriro —Salomonek fitxatu du aurten— eta irabazi egin zuen. Hasi eta buka kontrolatu zuen lasterketa. Lau ordu baino gutxiago behar izan zituen: 3.59.33. Lau minututik gora sartu zen bigarrena, Miguel Caballero, eta hirugarren, hamar minutura, euskal selekzioko taldekide Julen Martinez de Estibariz. Iker Oliveri lehen hamarren artean sailkatu zen, zortzigarren.
Emakumeetan, euskal selekzioko Sandra Sevillanok atzetik aurrerako lasterketa egin zuen (4.57.33), eta bigarren zatian aurrea hartu zion Mercedes Pilari (5.02.43). Laia Cañes sartu zen hirugarren. Nabarmentzekoak dira Nahia Quincocesen bosgarren postua eta Mayi Mujikaren zazpigarrena.
Junior mailan, txapelketa irabazi zuen euskal selekzioko Irati Zubizarretak, eta hirugarren izan zen Hernaniko kirol elkarteko Anartz Artola. Kadeteetan brontzezko domina lortu zuen Tolosako Alpino Uzturre elkarteko Ane Iturrik.
Sandra Sevillanok eta Aritz Egeak irabazi dute Espainiako Txapelketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu