Naturako lau elementuei loturik (haizea, ura, sua eta lurra), beste horrenbeste eskalada egin dituzte Pou anaiek azken urteotan: aireak Patagoniara eraman zituen, Guillamet orratzera zehazki; uraren bila Peruko Amazoniako Gocta ur jauzira joan ziren gero; sua Sao Tome eta Principe uharteko Cao Grande sumendi ikusgarrian aurkitu zuten, 2018an; eta lurrari Himalaian hartu zioten neurria, Trangoko dorreetan (Pakistango Karakorum mendigunea), 2023an. Jarduera horiek eta beste hainbat bildu dituzte bigarren liburuan.
Lehen liburuaren zer iritzi edo feedback jaso duzue?
IKER:Feedback-a oso ona izan da. Jendearen iritziak, oro har, oso onak izan dira, eta bigarrenaren zain zeuden. Naturala dela, gu garela adierazi digu jendeak.
ENEKO: Nik uste tekla egokia sakatu genuela, azken batean, liburu erraza delako. Badauzka une onak, dibertigarriak, une txarrak... Mendiak berak ere halakoak ditu, eta uste dut horren isla dela liburua. Bosgarren edizioa doa gaztelaniaz, eta bigarrena euskaraz. Ez genuen horrelakorik espero. Ez da goi literatura, gu ez gara idazleak, baina jendearengana iristen ari da liburua.
Ikus-entzunezkoak, irudien mundua, sare sozialak asko zaintzen dituzue, baina liburuaren euskarri tradizional hori ere aintzat hartu duzue.
IKER: Guretzat erreferentzia izan dira aurreko hainbat mendizaleren liburuak, miresten genituen jendeak idatzitakoak, eta uste dut liburu bat esku artean izatea oraindik ere beste zerbait dela sare sozialetako post baten aldean, adibidez. Sare sozialetako mezua iraungita dago bidali eta bi ordura, baina liburuak iraun egiten du.
ENEKO: Bat nator. Agian mundu berria ez doa liburuen ildotik, baina liburua beti hor izango da, ez da desagertuko, eta guretzat garrantzitsua zen gure orain arteko bidea liburu formatuan jasotzea, nahiz eta sare sozialak, ikus-entzunezkoak eta abar ere zaindu.
Lau elementuen erronkari lotutako espedizioak dira liburuaren ardatza, baina, horrez gain, badira beste hainbat eskalada eta bestelako kapitulu ere. Zer aurkituko du irakurleak bigarren honetan?
IKER: Egin ditugu aktibitateak aurkituko ditu. Lau elementuena izan da proiektu nagusia, baina beste jarduera asko ere badaude. Azken batean, gure bizitza da.
ENEKO: Azken bost urteotako bizipenak dira. Une latzak ere izan dira tartean, eta, agian, lehen liburua baino pixka bat dramatikoagoa da bigarren hau. Azken boladan lagun gehiago galdu ditugu, eta, ondorioz, haiei buruzko hainbat kapitulu daude liburuan. Lau elementuetako espedizioen artean, batez ere Peruko Mendilerro Zurira eginiko irteerak ere jasotzen dira.
Urteotan mendian galdutako lagunei eginiko omenaldi dezente daude liburuan: Borja Ayed, Hansjorg Auer, Alberto Zerain.
IKER: Gure bizitzan pertsona garrantzitsuak izan dira. Askotan gogoratzen gara haiekin. Hansjorgekin, adibidez, asko eskalatu dugu, eta beti etortzen zaigu gogora. Han edo hemen gaudela, gure artean komentatzen dugu: Hansjorgek halako egingo zukeen hemen, edo halako esango zukeen... Buruan ditugu beti.
ENEKO: Galdu genituen mendiko lehen bi lagunak errepide istripu batean galdu genituen, Cuencan. Kirol eskaladako jendea. Gogorra izan zen David Larrion, Pepe Chaverri eta Pablo Salasen galera ere duela ia 25 urte, eta geroztik beste asko galdu dugu bidean. Jende horrekin guztiarekin sekulako bizipenak izan ditugu, eta garrantzitsua zen liburuan haien lekukotza jasotzea.
Liburuan protagonismo berezia daukate Peruko Mendilerro Zuriak eta Patagoniak. Leku maiteak dituzue.
ENEKO: Gure ibilbidean oso leku garrantzitsuak izan dira. Askotan jendeak galdetzen digu zergatik ez garen gehiago joaten Himalaiara. Eta erantzuten diegu Himalaiara joatea garestiagoa dela, hizkuntza dela-eta elkar ulertzea ere zailagoa dela, eta Peruko edo Patagoniako mendiak ikaragarri ederrak direla. Perun, 5.000 eta 6.000 metrotik gorako mendi ikusgarriak daude, aukera asko dago haietan lerro berriak zabaltzeko, errazagoa da haietara hurbiltzea... Asko dira abantailak. Eta Patagonia, berriz, itzela da, leku zoragarria.
IKER: Perun asko dago egiteko. Itzultzen garen aldiro, beti ideia berriekin gatoz. Hori pagotxa da. Alpeetan, adibidez, esploraziorako eta bide berriak irekitzeko aukera gutxi dago. Alpeetan, gainera, giroa itogarria da. Andeetako ibar askotan, berriz, lagunekin zaude, bakarrik, beste inor gabe.
ENEKO: Gure belaunaldiak, esploratu baino gehiago, kirola egin du: markak, igoera azkarrak, kronometroa... Gu, berriz, saiatzen gara biak egiten, esplorazioa eta kirola uztartzen, hanka bat batean izaten, eta bestea bestean. Alpinismo erromantikoari eusten, esplorazioa eta abentura bilatzen.
«Urrezko Pioleta eta arriskua eskutik hartuta doaz. Guk alpinismoko erronka gogorrei heltzen diegu, baina segurtasuna ere asko zaintzen dugu, ikusten dugulako Urrezko Pioleta jaso duten asko, zoritxarrez, ez daudela jada gure artean»
ENEKO POUAlpinista
Zuen ibilbideko une jakin batean, alpinismoaren aldeko hautua egin zenuten.Mugarria izan zen hori, ezta?
IKER: Urteak azkar doaz, eta, atzera begiratzen duzunean, jabetzen zara kirol eskaladan egun asko igarotzen dituzula leku eta sektore bertsuetan. Kirol eskalada ederra da, baina ez duzu ezagutzen mundua: lau sektore ezagutzen dituzu. Alpinismoan, eremu askoz zabalagoa duzu mendi gehiago ezagutzeko eta abenturarako. Askoz gehiago betetzen gaitu alpinismoak. Gaur egun ez dugu geure burua ikusten horma berean bide bat etengabe probatu eta probatu. Kirol eskalada asko aldatu da: gaur egun askoz proba gehiago egiten dira. Garai batean, zenbatu egiten zen zenbat ekinaldi behar izan zenituen bide bat kateatzeko. Orain, zenbait bidetan, denboraldiak zenbatzen dira: lau denboraldi bide bat kateatzeko. Zenbat joaldi dira lau denboraldi? Laurehun?
ENEKO: Izenak esaten duen moduan, kirol eskalada kirola da. Euskal Herrian, kirol eskaladaren unerik erromantikoena bizi izan genuen, eta nolabaiteko iraultza. Lehen belaunaldi hartako gazteenetakoak izan ginen, eta une ederrak bizi izan genituen: lehen lehiaketak, lehen bidaiak Frankenjurara, Verdonera, Ceusera... Eskaladak, orduan, erlazio handiagoa zeukan mendiarekin eta harkaitzarekin. Agian, harkaitzeko eskalatzaileek aurten hartu dute parte azken aldiz Olinpiar Jokoetan, Parisen. Hurrengo Olinpiar Jokoetako partaideen artean, seguruenera, ez da inor geratuko arrokan eskalatzen duenik. Oraintxe bertan, eskalada zera da: kirola, kirola, kirola, gradua, gradua, gero eta gehiago. Bistaz eskalatzearena [bidea aurrez landu gabe], adibidez, alde batera geratzen ari da. Lehen oso aintzat hartzen zen, baina jende gazteak ez du horrenbeste baloratzen bistaz eskalatzea. Eskalatzaile ona izateko, bistaz ondo mugitu behar duzu.
Alpinismoko jarduerengatik sei aldiz egon zarete Urrezko Pioleterako izendatuta. Eginiko hautu horren etazuen jardueren berrespena da, nolabait, hautagaien artean egotea?
IKER: Guk ez diegu aparteko garrantzirik ematen izendapen horiei, baina ondo dago mendiaren mundu hau ezagutzen ez duen jendeak jakin dezan zer aktibitate mota egiten dugun. Guk, azken batean, gustuko jomugak, hormak eta lerroak aukeratzen ditugu, eta ez gaude horrelako izendapen edo sarien zain.
ENEKO: Hausnarketa hau ere egiten dugu: Urrezko Pioleta eman badizute, horrek esan nahi du sekulako arriskua hartu duzula. Gaur egun, Urrezko Pioleta eta arriskua eskutik hartuta doaz. Guk alpinismoko erronka gogorrei heltzen diegu, baina segurtasuna ere asko zaintzen dugu, ikusten dugulako Urrezko Pioleta jaso duten asko, zoritxarrez, ez daudela jada gure artean. Adibidez, azkenekoak: Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima. Garrantzitsua da burua hotz edukitzea. Bestalde, guk, alpinismoaz gain, kirol eskalada eta horma handiak ere egiten ditugu, eta horietarako ez dago halako aitortzarik; ez dago, adibidez, urrezko katu-oinik. Agian horietakoren bat jasoa izango genukeen. Baina Ikerrek esan duen moduan, izendapen hauek guretzat garrantzitsuak dira kanpokoek ikus dezaten hor gaudela. Gainera, sei izendapen horietatik lehena duela hogei urte pasatxo jaso genuen; horrek esan nahi du hor jarraitzen dugula, eta guretzat horrek du garrantzia.
«Bideak ekipatzeko, irekitzeko, lanerako ez dago jenderik, beti-betikoak dabiltza, gure belaunaldikoak edo zaharragoak, gehienak. Jende gaztea falta da ekimenarekin»
IKER POUAlpinista
Liburuan kapitulu garrantzitsua hartzen du Rayu bideak. Aurten bertan Rayu-k ekarri du Truenu bidea. Urriellu naitza, Naranjo, leku garrantzitsua izan da zuen ibilbidean, eta Peña Santa de Castilla ere hala bihurtzen ari da.
IKER: Oso garrantzitsua, bai. Naranjon jende asko dabil, eskalatzen ez horrenbeste, baina inguruan bai, eta Peña Santan, aldiz, aterpe zaindurik ez dagoenez, oso jende gutxi dabil. Zaila da egun berean beste sokaldi bat aurkitzea Peña Santan. Lekua izugarri ederra da, lasaia, harkaitza ere Picukoa bezain ona edo hobea da, eta oraindik badaude lerroak egiteko eta zabaltzeko. Denoi gustatzen zaigu gure lerroak uztea. Oraingoz, hor daude bi horiek.
Udaberrian helduko diozue Truenu bidea erabat era askean eskalatzeko asmoari?
ENEKO: Pentsatzen dut udaberrian saiatuko garela, baina gerta daiteke, gure ibilbidean lehen aldiz, era askean pentsatutako bide hau hurrengo belaunaldiarentzat geratzea. Ez dakit Ikerrek zer pentsatuko duen honetaz, baina gerta daiteke.
IKER: Bai, probatuko dugu, saiatuko gara, baina oso gogorra da. Pausoak ateratzen dira, baina oso zaila da. Nire ustez 9a zailtasunetik gorakoa da. Erdiraino 8c izango da gutxienez, eta hamargarren luzean, han goian, 9a+ bat dago, 9a+ gogorra, ez belaunak sartu eta atera daitekeena, ez. Indarreko mugimendua da, helduleku txikiekin, goi-goian, azpian sekulako patioarekin... Probak egiteko baldintzak ere zailak izango dira horman, baina aldi berean erronka ederra da. Proiektu futurista bat. Gustatuko litzaiguke datorren urtean sasoi puntu ona hartu eta saiatzea. Izugarrizkoa da, polita, baina gogorra, gogorra.
ENEKO: Kontua da gu ez garela duela hamar urteko eskalatzaileak. Gure fisikoa eta mentalitatea bestelakoak dira orain. Duela hamar urte, alpinismorako bidea hartu genuenean, ez genuen eskalada erabat alde batera utzi, baina zaila da maila berari eustea. Buruz ere, hiru urtean luze zail hori saiatu eta saiatu aritzea agian ez du merezi guretzat.
IKER: Hala ere, sasoian jarri eta igoko gara ikusteko, ea mugitzen garen.
«Hurrengo Olinpiar Jokoetako partaideen artean, seguruenera, ez da inor geratuko arrokan eskalatzen duenik. Oraintxe bertan, eskalada zera da: kirola, gradua, gero eta gehiago»
ENEKO POUAlpinista
Olinpiar Jokoen harira, aipatu duzue belaunaldi gaztea gutxiago dabilela harkaitzean; orain, proiektu futurista hau aipatu duzue. Nola ikusten duzue eskaladaren etorkizuna?
IKER: Gazteak oso indartsu datoz. Rokodromoekin aldaketa handia etorri da. Jendea oso gazte hasten da eskalatzen, instalazioak eta baliabideak hobeak dira, entrenatzaileak daude nola entrenatu behar den dakitenak... eta maila gero eta hobea da eta izango da. Gazte gehienak lehiarekin oso zentratuta daude, eta ikusi beharko da harkaitzera igarotzen diren ala ez. Tabloian mila buelta ematen dizkigute gazteek, baina harkaitzean ez dira hain ondo mugitzen. Batzuk saiatzen dira, baina daukaten maila harkaitzera eramatea kosta egiten zaie, eta asko ez dira itzultzen. Badira salbuespenak, noski. Ainhize Belar, adibidez. Iñi Ameriketan, Celedon... bide oso gogorrak ari da eskalatzen, eta agerian uzten gazteek zer maila duten. Gu kanpoan bizi gara, baina Euskal Herriko hainbat sektoretara joan eta ez dugu ia inor ezagutzen; harkaitzean ere badabil gazte jendea oso indartsu.
ENEKO: Pozgarria da ikustea zenbat gazte dabilen eskalatzen rokodromoetan eta harkaitzean. Agian goi mendian jende gutxiago dabil; dabiltzanak oso ondo prestatuak, gidariak eta abar, baina gutxiago dira.
IKER: Eta bide berriak irekitzeko eta prestatzeko ez dago erreleborik. Bideak ekipatzeko, irekitzeko, lanerako ez dago jenderik, beti-betikoak dabiltza, gure belaunaldikoak edo zaharragoak, gehienak. Jende gaztea falta da ekimenarekin, zulagailua hartu eta eskaladako bideak zabaldu eta ekipatuko dituena, lerro berriak ikusi eta prestatuko dituena.
Liburua Maurice Herzogen aipamenarekin itxi duzue: izango direla etorkizunean ere beste Annapurna batzuk. Lau erronken ondoren, zein izango da hurrengoa?
ENEKO: Ez dakigu, kar-kar-kar.
IKER: Ideia on bat behar dugu, egitasmo sendo bat datozen hilabete edo urteetarako.
ENEKO: Horixe dauka esplorazioak. Everestera edo Manaslura joatea erraza da. Zerbait berritzailea egiteko, ordea, ideia on bat behar da, eta prozesu horretan gabiltza oraintxe.
MOTZEAN
Liburu bat?
ENEKO: Quizás vivir sea esto (Jorge Egocheaga) eta Everest 1924 (Sebastian Alvaro), irakurri ditudan azkenak, adibidez.
IKER: Mendikoen artean, La Torre (Kelly Cordes), eta bestelakoetan, El libro de los Baltimore (Joel Dicker).Mendiko film edo dokumental bat?
ENEKO: The Alpinist asko gustatu zitzaidan.
IKER: Free solo, Alex Honnoldi buruzkoa.Sare sozialetan jarraitzen diozuen norbait?
ENEKO: Lise Billon, Tom Lafaille...
IKER: PlanetmountainBeste norbaitek zabaldu eta gustura sinatu edo errepikatuko zenuketen bide bat?
ENEKO: Ferrari (Cerro Torre), Estrella Imposible (Baghirathi III), Hecmair (Eiger).
IKER: Nik ere Cerro Torreko Ferrari bidea.