Mendia. Bulderra. Markel Mendieta. Bulder eskalatzailea

«Rocklandsera itzultzen naizenean 'Amandla' 8c egingo dut, ziur nago»

Rocklandsen eta Magic Wooden egon da Markel Mendieta eskalatzaile arrasatearra, bulderra praktikatzen. 'Delaired' eta 'Oliphants Dawn' dira egin dituen bloke azpimarragarrienak, biak 8b+ zailtasunekoak. Orain, 8c bat egiteko helburua du.

LEIRE ORTUETA.
Arrasate
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gaur egun Euskal Herrian dagoen bulder eskalatzaile indartsuenetariko bat da Markel Mendieta (Arrasate, 1984). Horren erakusgarri dira udan egindako bidaietan bereganatu dituen zortzigarren mailako hainbat bloke. Delaired eta Oliphants Dawn dira aipagarrienak, biak ala biak 8b+ zailtasunekoak.

Ekainaren 27an abiatu zen Rocklandsera (Hegoafrika), eskalatzaile indartsuz osatutako talde batean: haien artean, Iban Larrion, Iker Arroitajauregi, Ruben Diaz eta Jorge Tost zeudela. Berrogei egun izan ziren han. Hegoafrikako bulder gune hori munduko espezialista onenen helmuga izan da aurten. Mendieta ez da gutxiago izan. «Oso eguraldi ona egiten du han bulderra egiteko, baldintzak paregabeak izan ohi dira. Gainera, blokeak egiteko aukera handia eta oso desberdina dago, zailatsun handiko blokeez gain», adierazi du arrasatearrak.

Bidaia hasi baino lehen, bloke zehatz batzuetan saiatzeko intentzioa zuen Mendietak, baina, gunearen aukerak ikusita, gutxinaka aurkituz zihoan blokeak egiten jardun zuen. «Beti eraman ohi ditut bloke batzuk buruan, ezagunenak direnak, akaso; baina hain da gune handia, non ezin zaren bloke zehatzetara mugitzen ibili. Lekua ezagutzen gindoazen heinean, aurkitzen nituen arazoak probatzen ibili naiz», dio Mendietak. «Rocklands izugarri handia da, haitzez josita dago; nik esango nuke ingurunearen %10 baino gutxiago dagoela irekita».

Esther Cruzek gidatutako entrenamenduak jarraitu zituen Mendietak bidaia prestatzeko, sei hilabetez. Emaitzak onak izan direla ez dago zalantzarik. «Egunero-egunero entrenatzen nintzen. Mugimendu asko egiten hasi nituen entrenamenduak, oinarria hartzeko. Ondoren, indarra lantzeko ariketak egin nituen; Campusa, esaterako», esan du Mendietak.

Bloke gogorrenak

Delaired eta Oliphants Dawn blokeak egin izana da lan horren emaitzaren zati garrantzitsu bat. Biak, Fred Nicole suitzarrak zabaldutakoak. Hiru egun behar izan zituen horietako bakoitza egiteko. Oliphants Dawn-en bigarren errepikapena izan zen Mendietarena, Nalle Hukkataivalek egin baitzuen aurretik. «Eroriko leuna duen xafla batetik doa. Eskuineko eskuarekin oso txikia den helduleku bati heldu ostean, ezker eskua beste helduleku txiki batera gurutzatzea da zailena. Bi horietatik mantenduz gero eginda daukazu blokea. Hiru pauso baino ez ditu», azaldu du arrasatearrak. Larraonako estiloarekin idantifikatzen da azken hori. Saiatu zen lehen egunean lortu zuen egitea ia-ia, baina ez zuen lortu. Hurrengo egunean baldintzak ez ziren hain onak izan, eta beste egun bat, hirugarrena, behar izan zuen lortzeko.

Delaired, ordea, bestelakoa da. «Helduleko lauak dituen sabaia da. Mugimendu luze bat da blokearen ardatza. Bularra paretan itsasi eta besoen luzera osoa erabiltzea ezinbestekoa da. Heldulekua bi zentimetro urrutirago egongo balitz, ezin izango nuen egin», esplikatu du Mendietak. Aurretik, Dave Graham eta Paul Robinson espezialistek errepikatu dute Delaired. Bien artean azken hori gustatu zaio gehien arrasatearrari, lehenengoa bere estilora gehiago hurbiltzen den arren.

Beste bloke batzuk

8b+ zailtasuneko bi bloke horiez gain, Quintesencials izeneko 8a bat azpimarratu nahiko luke Mendietak. «Hirugarren ahaleginean lortu nuen, eta egin ditudanen artean gehien gustatu zaizkidanetako bat izan da». Zabaldutako blokeak errepikatzeaz gain, berriak irekitzeko denbora ere hartu du eskalatzaileak. Kale gorrian izan da horietako bat: «Xafla gorri batetik doan bloke eder bat da; 7b zailtasuna izan dezakeela uste dut, baina, auskalo. Zailtasun maila jartzea oso zaila egiten zait; esango dute ondoren joaten direnek», azaldu du Mendietak.

8c zailtasuneko bloke bat kateatzeko helburua du Mendietak, eta horretan ere saiatu zen. Amandla izan zen horretarako aukeratutako blokea. «Bidaiaren amaieran ekin nion Amandla probatzeari, eta hatzetako azala oso gaizki nuen ordurako. Ezin izan nuen gogo eta indar guztiekin probatu, heldulekuek min ematen baitzidaten. Bueltatzen naizenean egingo dut, ziur», baieztatu du Arrasatekoak.

Baso magikoa

Berrogei egunez jo eta su aritu ostean, abuztuaren 6an egin zuen etxerako buelta. Etxean ez zen denbora luzez gelditu, ordea. Hatzetako azala eta giharrak errekuperatu, eta bi asteren bueltan Magic Woodera abiatu zen, Suitzara, oraingo honetan neska-lagunarekin batera. Hamabost egun eman zituzten baso magikoan eskalatzen, baina baldintza kaskarrek ez zioten Mendietari buruan zituen proiektuak betetzen utzi. «8a zailtasuneko hainbat bloke egin ditut, eta 8b zailtasuneko bat; baina helburuak ez ditut bete. 8c zailtasuneko bloke batzuk egiten saiatu naiz, bainaeguraldiak ez dit batere lagundu», dio. «Oso tenperatura altuak izan genituen, eta euria ere egin zigun egun batzuetan. Horrek hezetasun handia sortu zuen basoan, eta ez zegoen heldulekuetan mantenduko zenik». Mistic estil 8c, New base line 8b+ eta Never end history 8b+ blokeak probatu zituen, baina ez zuen arrakastarik izan.

Hala ere, datorren astean beste aukera bat izango du arrasatearrak, asteburuan abiatuko baita berriro ere Magic Woodera; oraingo honetan, bakarrik. «8c egiteko intentzioarekin noa, baina bi 8b+ egiten baditut ere gustura etorriko naiz», adierazi du.

Itzultzen denean, Euskal Herriko bulder txapelketan parte hartzeko asmoa dauka eskalatzaile arrasatearrak; azaroaren 10ean jokatuko da. «Aretxabaletan izanik, behartuta nago parte hartzera bertan familia baitaukat. Animoek asko lagunduko didate gogor estutu eta txapelketa irabazten saiatzen», dio Mendietak. «Pasa berri den Espainiako bulder txapelketan ere parte hartuko nukeen, federaziotik laguntzak izan bagenitu, baina ez da hala izan. Neure poltsikotik ordaindu behar badut bidaia eta ostatua, nahiago haitzetan eskalatzera joateko erabili. Kirol eskaladako txapelketarako ordaintzen dute», esan du Mendietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.