Gaztea da oso Sergio Delgado (Gasteiz, 1995). Gogotsu eta motibazio handiarekin ekin dio aurtengo denboraldiari, eta, denboraldiaren erdialdean, emaitza bikainez osatzen ari da sasoia. Askorentzat, inoizko selekziorik onena du esku artean.
Denboraldia aurrera doa. Zein da orain artekoaren balantzea?
Oraingoz, nahiko ondo doa dena. Espainiako Kopako bi proba jokatu ditugu, eta oso emaitza onak lortu ditugu bietan: Mikel Linazisorok biak irabazi zituen, eta Eric Lopezek ere bere maila erakutsi du. Nik beti esaten diet duten guztia ematen badute ez diedala gehiagorik eskatuko. Duten guztia eman dute. Oso gustura nago lortutako emaitzekin, eta gazteak helduekin lehiatzen hasteak ere indar handia ematen dit.
Emakumeak ere lehiatu dira. Gustura al zaude haien errendimenduarekin?
Itziar Zabalak bigarren proba irabaztea lortu zuen, lesiotik atera berritan. Lehen proban, ezin izan zuen parte hartu, baina bigarrenean erakutsi zuen beste edozeinen gainetik dagoela. Finalera oso erraz pasatu zen, eta finalean bere neurria eman zuen. Badaki buruak erantzuten badio aurkaririk ez duela Espainian.
Hainbesteko nagusitasuna al du Zabalak?
Azken proban, behintzat, hori erakutsi zuen. Gainera, ez zen oso ondo sentitu asteburu guztian zehar, gaixorik egon zelako, eta, hala ere, nagusitasunez irabazi zuen. Horrek dena erakusten du.
Lehen bi probak jokatu dituzue jada Espainiako Kopan. Nolako lehiaketak izan dira?
Lehenengoa Salamancan jokatu genuen. Mutiletan, ia denak sartu ziren finalean; nesketan, inor ez. Hala ere, oso saio txukunak egin zituzten. Linazisorok irabazi egin zuen, eta Eric Lopezek bigarren amaitu zuen. Finalean sartu ziren zortzietatik Euskal Selekziokoak ziren lau. Madrilen ere antzeko zerbait gertatu zen. Linazisorok berriro ere garaipena lortu zuen,eta, nesketan, Zabala gailendu zen. Oso pozik nago taldearekin; uste dut aurtengoan gauza handiak lortzeko moduan gaudela.
Oso selekzio gaztea duzu esku artean. Gazteegia agian?
Nik uste dut gazteengan dagoela indarra. Bi edo hiru eskalatzaile baditugu esperientzia handiagoadutenak: Eric Lopez eta Isaac Estevez, esaterako; baina, orokorrean, gazteak indartu behar ditugu.
Nola antolatu duzu selekzioa urte osorako?
Sokako, blokeko eta abiadurako txapelketak hartzen ditut kontuan, eta selekzio itxi bat egin nuen urte osorako. Hemezortzi eskalatzaileko taldea osatu dut, eta beste bi utzi ditut ordezkapenetarako. Teknifikazio saioren bat egiten badugu, denak etortzen dira, baina gero diziplina bakoitzeko indartsuenak bakarrik joaten dira txapelketetara. Espezializazioa dator ate joka, eta gu ere hasiak gara bide horretan lanean. Txapelketa gehienetara hemezortzi eskalatzaile inguru joaten dira.
Selekzio itxia izateak aukerak kentzen al dizkie beste eskalatzaile askori?
Horretarako daude bi ordezkoak. Edonoiz ikusiko bagenu selekzioan ez dagoen eskalatzaileren bat oso indartsu dabilela, ez izan zalantzarik, eramango dugu.
Zuri nondik datorkizu eskaladarako zaletasuna?
Txikitatik mendian ibilitakoa naiz, bai gurasoekin, bai osaba-izebekin... Pirinioetan etxe bat izan dugu, eta 2 urte nituenean eskiak jantzi nituen jada. Eskalatzen ere beti ibili izan naiz, baina, serio,12 edo 13 urterekin hasi nintzen. Gasteizen nahiko normala izan da eskalatzaile izatea. Urte askotan,eskaladarako hiru horma ere izan ditugu. Hori bai, inoiz ez naiz lehiaketen zalea izan, oso urduri jartzen bainaiz. Beste kirol asko ere egin ditut: judoa, atletismoa, pilota, saskibaloia, boleibola...
Eta hautatzaile moduan, noiz hasi zinen?
Beti egon naiz umeekin eskoletan, ikastaroak ematen... Entrenatzen ari nintzen egun batean, ea zertan nenbilen galdetu zidan Irati Andak, Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoak. Berak bazekien eginak nituela heziketa fisikoko ikasketak, eta eskaladarako sekulako zaletasuna nuela. Neure burua nola ikusten nuen galdetu zidan. Banekien beste bi hautagai ere bazirela tartean nire posturako. Elkarrizketa batera deitu ninduten, eta badirudi ondo egin nuela. Iaztik hemen nabil lanean.
Zuzentzen dituzun eskalatzaile batzuk zu baino zaharragoak dira. Nola moldatzen zara?
Batzuek ez dakite nire adina [barrezka], eta, gainera, naizen baino zaharragoa ematen dut. Arraroa da niretzat. Nik txikitatik ikusi izan ditut Iñaki Arantzamendi eta Zuriñe Arrue Gasteizen eskalatzen. Ia-ia nire idoloak ziren, eta orain haiek zuzentzen ditut. Adinean aldea badago ere, selekzioan lagunak gara denok, gazteenetik zaharreraino. Batzuetan, geratzen gara kafe bat hartzeko edo eskalatzeko. Ni haientzat ez naiz hautatzaile soil bat bakarrik, badakite lagun bat ere badutela.
Zer behar du eskaladako hautatzaile edo entrenatzaile on batek?
Lehenik, pazientzia [barreak]. Ezinbestekoa da hainbeste jende kudeatzeko: izaera ezberdinak, adin ezberdinak... Horrez gain, prestakuntza handia behar da. Hautatzaile asko eskalatzaile zirenak entrenatzaile bihurtu dira zuzenean. Aurten, gauzak aldatzen ari gara. Oso garrantzitsua da fisiologia kontrolatzea, entrenamendu bereziak egitea eta eskalatzailea izatea.
Eskaladan psikologia ere oso garrantzitsua da.
Bai, ahaztu zait hori esatea. Gurea adibidea ona izan daiteke horretarako. Indarra kontuan hartzen badugu, esan daiteke Espainiako selekziorik onena garela, baina psikologikoki lan hori egitea falta zitzaigun. Gaur egun, hori ere lantzen ari gara. Nahi dutenek eskura dute nire telefono zenbakia nahi eta behar dutenerako.
Gaur egun, zenbat zarete lantaldean?
Andoni Ormazabal dabil fisioterapeuta lanetan. Askotan, psikologo lanak egitea ere tokatzen zaio. Gaur egun, ezinbestekobihurtu da selekzioan; ikaragarria da egiten ari den lana. Esan daiteke, eskalatzaileen artean, agian Espainiako fisioterapeutarik onena dela, eta Europan ere oso goian dabil. Asko babesten ditu eskalatzaileak. Bestalde, Irati Anda ere beti gertu dugu. Berak batzen gaitu guztiok, eta gauzak asko errazten dizkigu. Esperientzia handiadauka, eta guretzat laguntza handia da. Hala ere, epe motzean psikologo bat izatea ere gustatuko litzaidake.
Zertarako?
Oso beharrezkoa ikusten dut, orokorrean. Pentsa, eskalada kirol olinpiarra izango da hurrengo Olinpiar Jokoetan [Tokio 2020], eta horrek, ezinbestean, porrotak eta garaipenak ekarriko ditu. Horiek guztiak kudeatu beharko ditugu.
Guk ere baditugu maila horretako kirolari batzuk, Andoni Esparta, Mikel Linazisoro eta Eneko Carretero, esaterako. Oso umetatik hasi ziren munduko txapelketetan oso postu onak lortzen. Bat-batean, txapelketetara joateko deitu zieten, eta ez dira herri arteko txapelketak, Europako edo munduko txapelketak baizik. Eskolan falta dira, denbora gutxi dute lagunekin egoteko, gainera presioa jasan behar dute... Ez da erraza hori guztia kudeatzea. Porrot batzuk ikusi ditut, oso eskalatzaile onekin, gainera.
Kasurik izan duzu zuregandik gertu?
Bai. Baten bat nahiko gaizki ibili zen, baina psikologoarekin hasi zenetik onera egin zuen nabarmen. Izugarrizko aldaketa egin zuen.
Zein da eskaladako hautatzaile baten lana?
Nahiko nuke, baina nik ezin diet esan hemezortzi eskalatzaileei Gasteizera etortzeko entrenatzera. Bakoitzak bere entrenatzailea du, eta ni jartzen naiz haiekin harremanetan. Gustatzen zait hilero Aretxabaletara edo Bilboko Piu Gaz eskalatzeko hormara joatea, haiek ikustera. Gustuko dut ikustea zer aldarterekin dabiltzan, animatuta dauden, triste egon diren... Bestalde, saiatzen gara hilero egun bateko teknifikazio saio bat egiten. Ez gara eskalatzeko bakarrik gelditzen, harremanak sendotzeko izaten da. Azkena Ormazabal fisioterapeutarekin egin genuen, lesioak saihesteko, beroketak nola egin ikasteko... Oso ona izan zen. Pentsa, helduok Aretxabaletan gelditu ginen eskalatzen, eta gazteek Iruñeara joan behar zuten eskalatzera. Gu bertan geldituko ginela ikusi zutenean, gurasoekin hitz egin zuten, eta gurekin geratzea erabaki zuten.
Horrelako gauzek asko erraztuko dituzte gauzak.
Izugarri. Oso polita da harreman ona izatea. Ederra da hogei eskalatzaile inguru batera ikustea. Denok dugu zer ikasia ondokoarengandik, gazteenek zaharrenetatik eta alderantziz. Txapelketetan ere berdin gertatzen da, izugarria da ikustea nola animatzen duten elkar.
Gizonezkoetan behintzat, oso belaunaldi ona entrenatzea tokatu zaizu. Agian, inoizko talderik indartsuena da?
Talde gisa, agian bai. Izen handiak dira denak ere, pentsa, Esparta anaiak, Mikel Linazisoro, Eneko Carretero... Eskalatzaile osoak dira denak.
Linazisoro al da zure eskuetatik pasatu den eskalatzailerik onena?
Ziurrenik, bai. Baina atzetik datozenek ere oso talde indartsua osatuko dute hemendik gutxira, eta nork daki hemendik urte batzutara zer gertatuko den.
Emakumeen kasua ezberdina da. Itziar Zabala punta-puntan dago orain, baina atzetik jarraipenik izango al du?
Jende berria sartu da orain: Irati Zabala, Irantzu Porres, Maider Corral... Aitziber Urrutia ere oso indartsu dago, eta ziur hemendik urte batzuetara podiumen batean ikusiko dugula. Atzetik ere badator jendea. Ondo bidean, gure artean izango dira hurrengo urteetan.
Gauzak zailduko al dizkizue hautatzaileoi eskaladak hurrengo urteetan izango duen espezializazioak?
Bai, pixka bat bai. Espainian, esaterako, abiadurako horma bakarra dago. Orain, badirudi Gasteizen ere beste bat egingo dutela. Inoiz ez dugu abiadurarik landu Euskal Herrian. Orain, zorionez, Isaac Estevez gurekin dabil abiadura lantzeko asmoarekin. Esan dezakegu beste selekzioak baino aurreratuagoak gaudela, bera egiten ari den lanarengatik. Hala ere, Europako eta munduko beste selekzio batzuekin alderatuz, Japoniarekin edo Frantziarekin, esaterako, ez dugu zer eginik. Horiek beste liga batean jokatzen dute, argi eta garbi. Oso kirol teknikoa da, eta horrelako probetan segundo bat denbora asko da. Dauzkagun baliabideekin, ez sinesteko modukoa da Eneko Carretero bigarren izatea juniorren munduko txapelketan edota Mikel Linazisoro dabilen mailan ibiltzea.
Gasteizen hiru eskalada gune itxita daude gaur egun. Konponbiderik ikusten al diozu?
Jendeak ez du eskatzen behar duena baino gehiago. Bi guneetarako dagoen aurrekontuarekin, ezin dira hiru kudeatu, hori argi dago. Irtenbidea badu, baina ez da erraza izango konponbidea lortzea. Izugarrizko pena ematen didate kalean gelditu diren langileek.
Sergio Delgado. Kirol Eskaladako Euskal Selekzioko hautatzailea
«Pozik nago taldearekin; gauza handiak lortzeko moduan gaude»
Eskalatzaile bikainez osatutako talde bat kudeatzea dagokio, bai epe motzerako helburuekin, baina baita luzera begirakoekin ere, taldekide asko oso gazteak baitira. Indarra gazteengan dagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu