Jaione Rubio. Altitoyko antolakuntzako kidea

«Pozak poza eragiten du, eta Altitoyn nabaritzen da»

Altitoyren arrakastaren itzalean jendea dago, antolatzaileak eta boluntarioak. Eta horien guztien ilusioa. Ilusioa transmititzen duten horietako bat da Jaione Rubio.

Iazko Altitoy probaren irteera. ALTITOY TERNUA.
Unai Ugartemendia.
2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Andoni Areizaga izan zen Altitoyren sortzailea eta bultzatzailea. Errepide istripu batean joan zen Areizaga, 2013an. Urteak pasatu diren arren, berak amestutako probak inoiz baino jarraitzaile gehiago ditu, eta etxean ere izan du jarraipena: Jaione Rubiok, Areizagaren bikotekideak, antolaketan jarraitzen du, Donostiako Club Vasco de Campingen laguntzarekin. Neke handiko egunak dira otsaileko azkenak antolatzaileentzat. Dena prest eduki nahi dute astebururako, eta azken orduko hutsegiteen beldurra izan ohi dute antolatzaileek ardura handiena.

Lehenik, hasteko, nola joan dira aurten izen emateak?

Izena emateko epea zabaldu, eta24 orduan bete ziren bi ibilbideetan parte hartzeko leku guztiak. Hortik aurrera, izena ematen dutenak itxaron zerrendan sartzen dira. Talderen batek izen ematea bertan behera utzi behar badu, zerrendara jotzen dugu, eta hurrengo bikoteari proposatzen diogu. Muga, bi ibilbideak kontuan hartuta, 600 parte hartzailetan jartzen dugu.

Mendiko eskian sona handiko lasterketa da Altitoy. Zein dira, zure ustez, arrazoi nagusiak?

Ilusioa, ilusio handia, sorreratik. Eta oraindik ere eusten diogu. Altitoyren osagai nagusiak bere ibilbide menditsuak eta teknikoak dira, desnibel eta distantzia handiak. Trantsizioak, ertzak, paraje politak... Elurraren egoerak eta baldintzek ahalbidetzen duten neurrian, jendeak ahal bezain ondo eta ahal bezainbeste gozatzea da gure helburua. Eta nabari da pozak poza eragiten duela, boluntarioen arteko giroa mundiala da, eta lasterkarien irriak ikusteak ere ez du parekorik. Giro hori hasieratik transmititu da eta jarraitzen du.

Zein dira Luz-Saint-Sauveurrekoekin proba erdibana antolatzearen zailtasun handienak?

Nik esango nuke horrelako egitura batean berezko zailtasunak direla nagusiak, eta herrialde bakoitzaren egituretara eta baldintzetara moldatu beharra daukagu. Aintzat hartu behar dugu lasterketa Frantziako Pirinioetan egiten dela eta, hortaz, FFME Frantziako Mendi eta Eskalada Federazioaren arautegia bete behar dugula. Horrez gain, ibilbidearen trazatzaileen arduradunak Frantzian ateratako trazatzaile baimena behar du, eta pertsona horrek dauka ibilbidearen erantzukizun osoa bere gain hartzeko obligazioa. Horretaz aparte, bi herrialdeen arteko harremana oso aberasgarria da, eta ondo moldatzen gara.

Badirudi elurra behintzat edukiko duzuela. Berezko ibilbidea egiteko aukerarik izango al da, orain bi urte bezala?

Elurra, berandu, baina iritsi da. Eta betiko moduan, ibilbide menditsuak, teknikoak, dibertigarriak eta politak osatzen saiatuko gara. Midi de Bigorreko itzulia egiteko aukera baldin badago, egingo da. Hala ere, han inguruan badaude gozatzea merezi duten paraje zoragarriak.

Grand Coursen ez sartzeak zertan eragin diezaioke Altitoyri?

Parte hartzaileen kopuruari dagokionez, ez dio ezertan eragin. Bai, ordea, eskiatzaile motari. Grande Coursera, azken urteetan, goi mailako eskiatzaileak etortzen dira, jatorri askotatik: Suediatik, Finlandiatik, Errumaniatik, Italiatik... Aurten, ordea, ez dira herrialde horietatik etorriko.

Eta antolakuntzari?

Antolaketari dagokionez, lasaiago ibiltzeko aukera izaten dugu. Grande Coursek antolaketa oso exijentea eta zorrotza du.

Zein dira azken garaipenerako faborito nagusiak?

Zaila da jakitea, baina aukera handia du Wilfrid Jumere eta Loic Thevin bikoteak. Gero, Christophe Carrere-Antoine Troussel eta Antonie eta Jean Rodriguez anaiak ere hor daude. Emakumeetan, Ares Izardek eta Lula Martinezek osatutako bikotea nabarmenduko nuke.

Eta euskaldunen artean?

Euskaldunen artean Iñigo Lariz eta Igor Alzelai izan daitezke helmugara iristen lehenengoak. Horien atzetik, Lander Alvarez eta Aitor Otxoa aipatuko nituzke, eta ezin ahaztu Aritz Egea eta Iñaki Uribe-Etxebarria. Emakumeetan, bikote euskaldun batek bakarrik hartuko du parte, Igone Camposek eta Lide Leibarrek osaturikoak. Pena da hain emakume gutxi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.