Poutarren «alpinismoko biderik onena»

Bi anaiek eta Micher Quito lagun perutarrak ‘Puro floro’ bidea zabaldu dute Copa mendiaren (6.190 m) hego-ekialdeko aurpegian, bi bibaken eta lau eguneko jarduera etengabearen ondoren, ia lorik egin gabe eta oso gutxi janda.

Iker eta Eneko Pou eta Micher Quito 'Puro floro' bidean
Hiru alpinistak Copa mendiaren hego-ekialdeko horman eginiko lehen bibakean. POU ANAIAK
ramon olasagasti
2024ko uztailaren 18a
13:05
Entzun

Pou anaiek, Enekok eta Ikerrek, Peruko bertako Micher Quito lagunarekin, beste bide ikusgarri bat zabaldu dute berriki Peruko Mendilerro Zuriko Copa mendiaren (6.190 m) hego-ekialdeko aurpegian, Huascaran Parke Nazionalean. Puro Floro izena eman diote bideari (M7/95º/A2/1000 m), eta nabarmendu dute «alpinismoko biderik onena» izan dela beren ibilbide luzean. Asko esatea da hori. «Ikusgarria, zaila, gogorra eta konpromiso handikoa izan da, lehertuta bukatu dugu, baina abentura bikaina izan da», haien hitzetan. Lehendik ere bide gogor askoak zabaldutakoak dira Peruko Mendilerro Zurian, hala nola One Push Pumahuacanca mendian (5563 m) eta Ya Pe Cholo bidea Ranrapalca mendian (6164 m), baina luze zailen kopurua, goranzkoan eginiko bi bibakak eta mendiaren altuera aintzat hartuta, «irekiera hau oso berezia» izan dela nabarmendu dute bi anaiek.

Jardueraren laburpen bideoa.

Lau eguneko jardun etengabea izan da. Lehen egunean, glaziarraren morrenan, 5.000 metro inguruan egin zuten lo. Biharamunean, elur maldetan gora egin zuten hasieran, eta mistoko zatietan gero, orain izotzean orain harkaitzean, kranpoiak eta pioletak lagun. Hamabi orduko ekinaldiaren ondoren, arratsaldeko 16:30ean erlaitz batean geratzea erabaki zuten, han bibak egiteko. Erdi eserita, arnesa jarrita eta harkaitzari lotuta igaro zuten gaua, «ia begirik bildu gabe».

Bigarren egunean, goizeko 8:00etan ekin zioten, hormaren teilatura ateratzeko esperantzarekin. Horma, ordea, uste zutena baino zailagoa zen: oso-oso bertikala eta harkaitz irtengune askorekin. Goiko aldean, hala ere, izotz gehixeago aurkitu zuten, eta, horri eskerrak, azkarxeago joan ahal izan ziren. Hormaren azken zatian, haizea zakartu egin zitzaien, baina 17:00 aldera, ilunabarra gainean zutela, gailurreko ertzera ateratzea lortu zuten, 6.000 metro inguruan. «Bederatzi orduren ondoren, zatirik bertikalena atzean utzi genuen, baina gaua gainean genuela eta erabat nekatuta, ertzean bertan bigarrenez bibak egitea hobetsi genuen». Prekario samarra izan zen gau hura: pisua ahalik eta gehien arintzeko ahaleginean, dendarik gabe eta zaku finekin, hortzak kriskitinka pasatu zituzten goiza argitu arteko orduak.

«[Gailurrera] ahituta iritsi ginen, oso gutxi janda eta bi gau igarota ia batere lorik egin gabe. Ez dakit tontorra 100 metro gorago egon izan balitz lortuko genukeen»

POU ANAIAKAlpinistak

Goizaldeko 5:00 aldean, beren bizitzako «gaurik okerrenetako baten ondoren», gailurreko ertzari heldu zioten. Goizeko 8:15ean jo zuten gaina, elurretan arrastoa zabaltzen «berealdiko zafraldia» hartu ondoren. «Pozarren besarkatu genuen elkar, baina fisikoki ahituta iritsi ginen, oso gutxi janda eta bi gau igarota ia batere lorik egin gabe. Ez dakit gailurra 100 metro gorago egon izan balitz lortuko genukeen».

Iker eta Eneko Pou eta Micher Quito 'Puro floro' bidean
Bidearen izotzezko zati batean. POU ANAIAK

Mendiaren beste isurialdetik jaistea erabaki zuten. «Igoerako horma bertikalegia, handiegia eta arriskutsuegia zen jaitsieran rappel handik egiteko», anaia gasteiztarren hitzetan. Beste isurialdea ere ez zen batere gozoa, izotzezko dorre, serac beldurgarri eta arrakalen labirinto erraldoi bat baizik. Lanak izan zituzten izotz anabasa hartan jaitsierako lerro bat topatzeko, baina, hamar orduko beste egun akigarri baten ondotik, heldu ziren azkenik lurrera. «Hurrengo egunean, Huaraz hirira itzulita, egiaztatu genuen gutako bakoitzak lau kilo galdu zituela. Sufrimenduak, ordea, merezi izan du, gure ibilbidean orain arteko alpinismo biderik onena izan baita. Mendilerro Zuriak, beste behin, jarduera handi bat eman digu opari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.