MENDIA

Postontziak hodeietan

Euskal Herriko ohitura da mendien gailurrean postontziak jartzea. Bilboko Club Deportivo elkartekoek jarri zuten aurrenekoa, Anbotoko gailurrean, 1915ean. Geroztik, gailur ia guztietan dago postontziren bat. Duten balioa aitortzen hasi zaizkie orain.

MENDIETAKO POSTONTZIAK
Gazume gailurreko postontzia, Errezilen (Gipuzkoa). URDABURU MENDIZALE ELKARTEA
enekoitz telleria sarriegi
2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Gailurraren parte dira, esfortzuaren lekuko, iritsi izanaren berme, hodeietan aitzindari, tradizioaren zaindari, eta denboraren zelatari. Euskal Herriko ia gailur bakoitzean dago postontzi bat: aizkora bat enborrari itsatsita eta suziri bat zerura begira jarrita. Etxola, etxe, baserri eta gaztelu formakoak. Sardeak, laiak eta aitzurrak. Perretxikoak, onddoak eta ezkurrak. Eguzki loreak eta landareak. Txoriak, txakurtxoak eta basurdeak. Lokomotorrak eta autoak. Herdoilak jan zituen lehenak, eta altzairuz egin zituzten azkenak. Jada ez dute euren hasierako funtzioa betetzen, baina haien balioaz eta utzitako ondareaz ohartu dira mendi federazio gehienak aspaldian.

Horixe baita duela gutxi arte inork ematen ez zion balioa: Euskal Herrian sortutako ohitura dela mendi gailurretan postontziak jartzea. Bilboko Club Deportivo elkarteak jarri zuen aurrenekoa, Anboto mendiaren gailurrean, 1915ean. Eta bada ohitura hori Alpeetan sortu zela dioenik, baina gezurtatu egin du hori Antxon Iturriza idazle eta euskal mendizaletasunaren ikerlariak: «Alpeetan eta Pirinioetan ohitura bestelakoa izan da: liburuena. Liburuxkak izaten zituzten tontorretan jarrita, kutxa baten barruan babestuta. Liburuxka bat edo koaderno bat zegoen kutxa barruan, eta han jartzen zituen jendeak bere apunteak: zer-nola igo zen, norekin, zer giro egiten zuen... Liburu horiek historia hutsa dira, eta hango museoetan daude gordeta: Pauen [Okzitania], Luxonen, Chamonixen [Frantzia]...».

«Ondare kuriosoa eta bakarra da, munduan beste inon ez dagoena. Eta zaintzen ari dira orain, ez ziurrenik lehengo helburuarekin, baina hor jarraitzen dute, erreferente gisa, eta lekuko gisa». ANTXON ITURRIZAIdazlea eta euskal mendizaletasunaren ikerlaria

Bestelakoa da Euskal Herriko postontzien ohitura. «Gure mendietan dauden azpiegitura gehienak Antxon Bandres zenaren egitasmoetatik sortuak izan dira, eta postontzien kontu hori ere bai», azaldu du Iturrizak. Eta kontatu du horren guztiaren abiapuntuan kezka bat zegoela: nola lortu jendea mendira eramatea. «Bandresek mendi irteerak bultzatzen zituen, talde handietan, Gorbeia aldera. Juntatzen zen jendea, baina berak pentsatzen zuen: ‘Hau oso ondo dago, baina ezin da izan egun bakarreko kontua’. Horri jarraipen bat emateko antolatu zituen mendiko lehiaketak».

Eta mendiko lehiaketa horietan dago postontzien jatorria. «Bandres eta horiek Bilboko Club Deportivo elkartearen inguruan mugitzen ziren. Oso elkarte inportantea zen, goi mailako jendea biltzen zuena. Eta orduan bultzatu zuten lehen buzoia. Anbotoko tontorrean, burdinazkoa, handia, eta sekulako pisua zeukana». Jarri eta egun gutxira, ustez artzain batzuek eraitsi zuten, ez zeudelako ados jendea mendira trumilka joatearekin.

MENDIETAKO POSTONTZIAK
Anbotoren gailurrean jarri zuten lehen postontzia, 1915. urtean. Egun hartakoa da argazkia. CLUB DEPORTIVO ELKARTEA

Hamabost mendien lehiaketa izan ei zen Bandresek-eta sortu zuten aurrenekoa. Eta orduan sortu zen beste kezka bat: nola ziurtatu parte hartu duen hori mendira igo dela. «Ez zegoen gaur egungo teknologiarik, gida libururik... Eta gailurrean emandako parte horiek erreferentzia bat izaten ziren, txartel bat eskatzen baitzen, esateko mendi gailur horretatik igaro zarela, utziko duzula buzoian, eta beste bat handik pasatzen denean, txartela bidaliko du elkartera, ziurtatzeko zu han egon zarela. Hori egiten zen txartelekin eta buzoiekin. Hori zen prozedura. Baina beharrezkoa zen parte moduko bat ematea: zer txango egin zenuen, bidea nondik nora hartu zenuen, eta erreferentzia bihurtu atzetik zetozenentzat. Dokumentazio oso gutxi zegoen-eta orduan».

Eta txartel bat tontorrean uzteko, behar zenez non utzia, orduan sortu ziren postontziak. «Ondare kuriosoa eta bakarra da, munduan beste inon ez dagoena. Eta zaintzen ari dira orain, ez ziurrenik lehengo helburuarekin, jada txartela inork ez baitu han uzten, baina hor jarraitzen dute, erreferente gisa, eta lekuko gisa», hausnartu du Iturrizak. «Asko pozten naiz halako inbentarioak egin dituztelako. Zaindu egin behar dira, eta dagokion elkartearen ardura da horiek txukuntzea eta zaintzea. Duela hamabost urte ez zen horretaz inor arduratzen».

Izan ere, aurreneko hura jarri ostean, batean eta bestean hasi ziren mendi elkarteak postontziak jartzen. Batez ere, 1929tik aurrera, orduan sortu baitzuen Euskal Mendizale Federazioak Ehun Mendien Lehiaketa. Bost urteko epean, gehienez hamar urtekoan, Euskal Herriko ehun mendi igotzea zen erronka, eta aurretik esplikatutako hori zen sistema: gailurrera igotako mendizaleak postontzian txartel bat utzi behar zuen, hurrengoak jaso zezan, eta zegokion mendi elkartera postaz bidal zezan. Horrela baieztatzen zuten mendizale batek ehun gailurretara igoa zela ofizialki, eta agiri bat ematen zitzaion: Ehun Mendien Finalista.

MENDIETAKO POSTONTZIAK
Larraone mendiaren gailurrean dagoen postontzia, Amezketan (Gipuzkoa). URDABURU MENDIZALE ELKARTEA

«Badago jendea oraindik buzoiak erabiltzen dituena. Eta Ehun Mendien Lehiaketa hori egin egiten da oraindik. Nagusiak dira gazteak baino gehiago, hori ere hala da. Lehen, jende askok parte hartzen zuen, Finalistaren Eguna ere egiten zen, eta ehun tontorrak egin zituenari ematen zitzaion oroigarria. Oraindik ere egiten da», azaldu du Urdin Elortzak, Gipuzkoako Mendi Federazioko teknikariak.

Bizirik dauden ohiturak direla baina «dezente» aldatu direla ere onartu du Elortzak: «Orain, argazkiak eta sare sozialak dira gure igoera, abentura eta momentu ororen lekuko eta komunikatzaile. Gaur egun, Aizkorriko postontziaren atzean, hango aizkoraren alboan argazkia egin eta Instagramera igota baiezta dezakezu tontorrera iritsi zarela». Eta zer egin dute Gipuzkoako Mendi Federazioan? «XX. mendeko mendizaleen jarduera hura eta XXI. mendeko gizarte ohiturak nolabait uztartu». Nola? Webgune baten eta aplikazio baten bidez.

«Orain, argazkiak eta sare sozialak dira gure igoera, abentura eta momentu ororen lekuko eta komunikatzaile. Gaur egun, Aizkorriko postontziaren atzean, hango aizkoraren alboan argazkia egin eta Instagramera igota baieztatzen duzu tontorrera iritsi zarela». URDIN ELORTZAGipuzkoako Mendi Federazioko teknikaria

2021eko udaberrian, pandemia zela-eta, Errenteriako (Gipuzkoa) Urdaburu mendizale elkarteak erronka bota zien klubeko bazkideei: Gipuzkoako mendi guztietara igo eta postontzien argazkiak ateratzea. Zerrenda osatu zuten, 310 mendi aukeratu, guztietara igo, eta postontzi guztien argazkiak atera. Proiektuaren helburua zen Gipuzkoako mendi guztien zerrenda ofiziala osatzea —toponimia egokiarekin—, eta baita postontzi guztien katalogoa egitea ere, horien kokapen zehatza eta argazki eta guzti. Erronka arrakastatsua izan zen, eta Gipuzkoako mendi eta postontzi guztiak katalogatu zituzten. Gipuzkoako Mendi Federazioak, Aldundiko Kirol sailaren laguntzaz, zer egin du? «Webgune edo aplikazio batean eman nahi genituen, baina konturatu ginen Codesyntaxek bazeukala jada sekulako aplikazioa egina, eta haiekin egin genuen tratua, guk geneukan datu base hori haien aplikazioari gehitzeko. Haiek pozik, eta gu ere pozik. Aplikazioari jaten ematea izan da kontua», argitu du Elortzak.

Izan ere, Codesyntaxek kaleratu dituen aplikazioen artean arrakastatsuenetakoa da Mendiak aplikazioa —Mendiak.eus da webgunea—. Euskal Herriko 3.000 mendiren informazioa biltzen du, eta mendizaleei aukera ematen die euren igoerak markatzeko, gordetzeko eta partekatzeko; igoera guztien historikoak eta estatistikak ere eskaintzen dizkie. Android eta iPhone gailuentzat dago prest, doakoa da, eta 20.000 deskarga baino gehiago ditu. 2016an sortu zuten, eta etengabe eguneratu dute, informazio eta eduki berria gehituz.

Alegia, eremu digitalean ere, postontziak daude hodeietan.

JAKINGARRIAK

  • Non jarri zuten aurreneko buzoia? Bilboko Club Deportivo elkarteko kideek jarri zuten, Anboto mendiaren gailurrean (Bizkaia), 1915. urtean. Jarri eta egun gutxira, eraitsi egin zuten mendira jendea trumilka joatearen kontra zeudenek.
  • Zenbat daude? Mendi federazio bakoitzak bere inbentarioa dauka eginda —batzuek ez dute egin edo ez dute behintzat horien berri eman; Nafarroakoak, kasurako—. Araban, 484 kontatu dituzte; Bizkaian, 405; eta Gipuzkoa izan da kontaketa egin duen azkena: 310.
  • Non ikus daitezke?Arabako federazioak bere webgunean ditu jarriak, PDF formatuan. Bizkaikoak webgunean ditu denak, Gipuzkoakoak ere bai, eta Mendiak.eus webgunean eta Mendiak aplikazioan ere badaude ikusgai.
  • Nork kudeatzen ditu? Mendi elkarteek jartzen dituzte normalean postontziak, eta haiek arduratzen dira horiek zaintzeaz ere. Badaude norbanakoek jarritakoak eta zaindutakoak ere —edo bertan behera utzitakoak—. Udaletan eskatu behar da halakoak jartzeko baimena. Federazioek badituzte euren webguneetan araudiari buruzko argibideak eta gomendioak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.